2016/03/26

ESKOLA BERRIA (1968-2016)

Ez dakit inoiz konturatu garan, baina oraingo eskolak ez dauka zer ikusirik 1921ean inauguratu zenarekin, ez bada garai hartako eskolatik bi gauza kontserbatzen direla sarreran; asmatzerik? 

Beraz, eskola zaharrak espazioa mugatua izanda eta garai hartako eskola umeen herriko hazkundea elkartuta, eskola berriak egin beharrean aurkitu zen herria. Udalak berehala eskatu zion Gipuzkoako diputazioari laguntza, eta eskola berriak egiteko 1967ko aurrekontuan sar zezala eskatu zion. Urte bereko uztailean 1.596.251 pezetako aurrekontuarekin onartu zuen herriko udalak proiektuaren lehen fasea izango zena, eta enkanterako lau eskola eta etxebizitza bat egiteko baldintzen plegua onartu zuen irailean. Proiektu egilea Vicente Guibert arkitektoa izan zen.

Berehala egin zen enkantea eta herritarra zen Jose Mari Laskurainek hartu zuen bere gain obra, 1.481.963,79 pezetaren truke. Obra honek bi fase izango zituen, eta Jose Marik bere gain hartu zituen biak. Eta obra komisioa ere aukeratu zen: Julian Iparragirre, Antonio Etxaniz eta Anjel Murgiondo.

Obretan askotan gertatzen den bezala, aurreproiektutik aldaketak egin ziren, baina azkenean eskola azpian zabalik egongo zen jolas lekua, lehen eta bigarren solairuan zortzi gela eta erdian etxebizitza bat egiteko planteamendua egin zen. Beraz, hasieran baino lau gela gehiago izango zituen proiektu berriak, eta esan bezala Vicente Guiberti eman zitzaion aurreproiektua egiteko agindua. Aldi berean 600.000 pezetako subentzioa ere eskatzea erabaki zen.

Eta obrak egin bitartean, eskolak non eman izan zen hurrengo kezka (“Locales destinados provisionalmente a Escuelas Nacionales"), eta leku hauek pentsatu ziren:  "Sociedad Danok Bat; edificio de los Maristas; salón de sesiones de la casa consistorial”.

Aldaketak aldaketa, 1967ko azaroaren 27an eta ondoren aldaketekin 1968ko urtarrilean onartu ziren udalbatzarrean Vicente Guibertek aurkeztutako planoak eta baita aurrekontua ere. Beraz, obrak hasi aurretik eskola zaharra bota beharra zegoen.

Hori, 1969ko apirilean egin zen, baina eskola berriak egiteko azkartasuna behar zenez, obra jarraitzeko ardura handiagoa jar zezatela eskatu zien herriko udalak obrako arduradunei.

Obrak hasi eta eskatutako subentzioak etortzen hasi ziren. Diputazioak 420.000 pezeta eman zituen, eta probintzia mailako eskola eraikuntzetarako batzordeak, berriz, 1.000.000 pezeta.

Badakigu, obrak hasi eta 1968ko uztailerako eskolaren eskeletoa bukatuta zegoela, eta berau bukatuta Diputazioak beste 490.000 pezeta eman zituen. Aldi berean obraren bigarren fasea hasteko garaia ere iritsi zen, garestiena, ia bi milioitik gorako kostua (2.300.285,54 pezeta) izango zuelako. Udalak berau onartuta hasi ziren lanak.

Momentu ona eskolak behar zituen beste hornikuntza batzuei ere heltzeko, tartean eskolak izan beharreko altzariak. Hala egin zen eta arestian aipatutako urtearen bukaerarako Antzuolan zeuden eskatutako altzariak.

Denbora aurrera zihoan eta obraren bukaera gertu, eta obra jarraitzeko komisioak lehendabiziko obra akatsak ere ikusi zituen, ez zeuden batere konforme nola jarri zituzten kristalak! Baina dena ez zen negatiboa. Herritarrek pozik jakin izan zuten 1969ko otsailean Ongasuna Ministeriotik  2.322.000 pezeta onartu zituela eskola berrirako, eta aldi berean udalak mailegua eskatzeko aukera edo baimena ere bai, baina muga batekin: 458.692 pezeta.

1969ko maiatzaren 23rako obrak bukatuta zeuden, eta orduan eman zitzaion alkateari baimena notarioarengana eskriturak egitera joateko, eta bertan eskrituratzeko:  “escuela con 8 aulas, vivienda, porche y urbanización”.

Uztailean, berriz, eskolak dagoeneko altzariekin hornituta, egoera txarrean zeuden eskola zaharreko altzariekin zer egin izan zen hurrengo eztabaida. 

1969ko uztailean etorri zen obraren likidazioa. Lehen faseko obrek, 1.481.973,79 pezetako kostua izan zuten. Baina bertan gehitzen bada arkitekto eta aparejadoreen gastuak (81.865,33 pzta), guztira 1.563.839,12 pezeta izan ziren. Bigarren fasekoak, ostera, garestiagoak izan ziren; guztira 2.300.285,54 pezeta. Beraz, osotasunean 3.864.124,66 pezeta. 

1969ko irailean inauguratu zen eskola berria. Bide batez baita herriko argiteri berria ere.
ESKOLAREN INAUGURAZIO EGUNEAN, HERRIKO ALKATEA JOSE IÑURRIGARRO (EZKER ALDEAN) ALKATE ZELARIK 

Beranduago, 1970eko azaroaren 27an, dagoeneko Maristen eskola zen Beato Valentin de Berriochoa eskola itxita, eskola zaharrean haurreskola bezala erabiltzen zen aretoan jangela jartzea erabaki zen. Bertara baserrietatik-eta eskolara zetozenak batez ere joaten ziren bazkaltzera. Badakigu 1971ko urtarrilean obretan ari zirela bertan.

Bide batez, udal zinegotzia zen Jose Maria Kortabarriak eskola nazionaletan irakaskuntza mistoa (neska-mutilak batera) jartzeko emandako urratsak zeintzuk izan ziren adierazi zituen udal batzarrean, 1971eko maiatzean. Baina aldi berean lehen hezkuntzari benetako arreta jartzea ere erabaki zen.

Urte bereko abendauren 10ean, berriz, herrian haurreskolarako bi parbulario eraikitzeko eskaintza egin zuen hezkuntza delegaritzak, guztia Estatuaren aurrekontuen bidez onartuko zena. Eurak eraikitzeko lurra herriko Udalaren esku geratu zen. Lurra gaur Sagasti auzoa dagoen tokian eskaini zen eta bertan eraiki ziren haurreskolak (ikusi beheko argazkia).

 ESKOLAK ETA ESKOLAURREA. 1974. URTEA

1972ko azaroaren 24ean, hezkuntza delegaritzak  "Colegio Nacional de Educación Básica Nuestra Señora de la Piedad" edo "Centro de Enseñanza Pre-escolar del Plan de Urgencia Beato Valentín de Berriochoa" herriko eskolak izendatzea proposatu zuen. Dakigun bezala lehenari heldu zitzaion.

Urte hartan ere eskola umeen garraioa konpontzeko saioak ere egin ziren, baina konplexuegia zela eta, baztertuta geratu zen, eta 1973-1974 ikasturtean helduko zitzaiola gaiari. 

1972ko abenduaren 29an, eta dagoeneko haurreskolen eraikuntzak bukatuta, inauguratu aurretik bertako urbanizazio lanak egitea ere eskatu zen, horretarako udalak 300.914 pezeta jarriz. 

Haurreskolak bukatuta, eta jaiotza hazkundea gero eta gehiago igotzen ari zela ikusirik, eskola berehala txikia geratzen hasi zen, eta 1990ean gaur ezagutzen dugun eskola eraikitzeari ekin zitzaion.


1990-1992. urte bitartean eraiki zen oraingo eskola berria

Iturriak:
  • Artxibo Historikoa. Udal aktak eta akordioak,  21. (1965-1973) eta 23. liburua (1969-1973).

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada