2016/07/16

ANTZUOLAKO ITURRIAK (XIX): ONDARREKO ITURRIA ETA BISITA



ONDARREKO ITURRIA 
Dokumentuek ez digute esaten noiz egin zen iturri hau Ondarran. Lehenbiziko aipamena, XVIII. mendearen erdi aldekoa da, 1752koa, urte hartako udal artxibo historikoaren dokumentu batek adierazten baitigu “Ondarreko iturriari urik ez zetorkionez, Udalak iturria konpontzeko erabakia hartu zuela”. Eta, dirudienez, obra hori dezentekoa izan zen, 10 langile ibili zirelako bere atontzen. 1754ko ekainaren 20ko udal gastuen agiri batek diosku obretako arduraduna zen Juan Bautista Ariztik jaso zituela, Francisco Antonio Laskurain udal diruzainak emanda 40 erreal 10 langileren jornalengatik: “en la composición de la fuente de Ondarra y la conducta de dicha fuente”. Ez ziren baina gastu bakarrak izango, urte bereko urrian arestian esandako diruzainak 30 erreal ordaindu zituelako iturria konpontzeko erabilitako 60 kare anegatik. Beraz, erabilitako langile eta materialgatik pentsa genezake gaur ezagutzen dugun iturriak garai hartan hartu zuela forma.

Herriko beste hainbat iturrirekin gertatu den bezala, honek ere funtzionamendu-gorabehera asko izan ditu, eta sarritan konpondu behar izan da. Adibidez, 1875ean gertatu zena bitxia da. Alegia, herrian une hartan zegoen ur eskasia ikusirik, komentatu zen “nola herriko zaharrek betidanik azpimarratu izan dutela Ondarreko iturrian ur asko ematen zituen bi iturri egon direla”. Baina, kontua zen urte hartan ez zetorrela urik, “por consecuencia natural ha desaparecido cogiendo otro rumbo”. Beraz, Antzuolako Udalak, ur ezagatik, herritarrek auzolanean elkartuz, eta ura non galtzen zen antzemateko, erabaki zuen, alde batetik, zabaltzen hasteko Ondarrera joaten zen ur kanala, eta bestetik, urak hartzeko kutxak egin zitezela. Horretarako ere, langileentzat “ración de medio cuartillo de vino y medio litro de pan” ematea erabaki zuen. Baina dirudienez, gero aipatuko dugunagatik, bilaketa horrek ez zuen arrakastarik izan eta beste irtenbideren bat topatu behar izan zen.

Azpian hiru ur biltegi

1894an egoera larriago bihurtu zen, orduan ere, Ondarreko iturrian ur gutxi zetorrelako egin berria zen garbitegia urez hornitzeko. Are gehiago, Olarango lantokiak ere bere uren atzetik zebilen. Zer gertatzen zen bada urik ez etortzeko? Dirudienez, Larrebarreneko iturburuak ez omen zeukan Ondarrera ura ekartzeko kanalizazio aproposik (ezta Plazakoak ere Eztalatik, adierazten zaigunez); izan ere, uretarako tutuak buztinezkoak ziren. Hau ikusirik, Bilbotik burdinazko 110 metro “lineal” tutu enkargatzea erabaki zuen Udalak: “para encauzar al acueducto de la fuente de Larrebaren aguas del arroyo Ogeiturri”. Dena dela, usteak erdi ustel atera ziren kostuak ateratzerakoan. Udalaren ustez, aurrekontua garestiegia omen zen eta, horri aurre egiteko, egin beharreko obra lauzpabost urteko tarteaz egitea erabaki zen.

Hiru iturri baina ur emari bakarra

Eta, bitxia bada ere, Ondarreko iturriak “hiru ur mota desberdin ematen   ditu gaur: iturria aurrean dugula jartzen bagara, goi aldean iturri honen ur biltegia ikus daiteke, eta hiru zati edota ur-biltegitxoetan aldi berean banatuta dagoena: eskuma aldeko iturriaren ura, Mendigorrian sortzen den iturburutik dator, eta ikusgarria da, ezkutatuta baitago eta ezezaguna baita herritar askorentzat, Baztarretxe gainean iturri honen jatorrizko iturburura joateko duen galeria eta kanalizazio sistema, (agian XVIII. mendekoa izan daitekeena). Erdiko iturrian, berriz, Urkuluko ura ei dator, eta ezkerraldekoa, berriz, Aitzaga ingurutik” (Joxe Anjel Zabalo). 

Ondarreko iturriak badu bereizgarri bat, eta da Mendigorritik datorren ura hartzeko (eta garai batean baita Larrebarrenetik ere) egindako galeria. Berori gehiago ezagutzeko asmoz, irteera bat egin zen uztailaren 9an, eta etorri zirenak, behintzat, ez ziren damutu.








ONDARREKO ITURRIAREN GALERIAREN INGURUKO ARGAZKIAK ETA BIDEOA



Iturria:
-Udal Artxibo Historikoa: Aktak eta akordioak (hainbat urte) eta LXIX Kontu liburua. 
-Ramirez de Okariz Telleria, Iñigo: Antzuolako Ura . Antzuolako Udala



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada