2016/09/03

ANTZUOLAKO LANTOKIAK (IV): IRUMENDI (1966-2016) (50 URTE)



IRUMENDIko abeletxea. Ezker aldean UGARRIAGA AZPIKOA baserria


Jarduera ekonomikoaren arabera, herrian dauzkagun lantokiak bigarren sektorekoak dira batez ere, eta gutxi batzuk lehen sektorekoak. Gaur baina, 50 urte sortutakoa dakargu gure blogera: Galartza auzoan kokatuta dagoen Irumendi Elkartea, hain zuzen ere. 

1.966an sortu ei zen IRUMENDI kooperatiba, bederatzi baserritarren artean osaturik. Hauetatik bi antzuolarrak, Galartza auzokoak: Gorriz azpiko  Arsenio Irazabalbeitia eta  Ugarriaga azpiko Jose Mari Muruamendiaraz.

Gainontzekoak Arane eta Kokote auzokoak ziren: Santa Lutzia baserriko Marcos Guisasola; Azpilletako Gurutz Unamuno; Anguako Jesus Atorrasagasti; Itxasmendiko Juan Garitano; Arane erdiko Esteban Zabaleta; Ugasarriko Jose Luis Ibarguren eta Ugabideko Joxe Zabaleta.



 1967ko abuztua aldera, belar jasotzeak bukatuta eguna ospatzen. Bertan IRUMENDI kooperatiba bultzatutakoak aurkitzen dira.

Ukuilu berria eta kooperatibaren egoitza Antzuolako Galartza auzoan,Ugarriaga azpiko baserri ondoan kokatu zuten. 

Izan ere, 1966ko urtarrilean eskaera bikoitza jaso zuen Antzuolako Udalak: “Instancia suscrita por don Juan Garitano Irazabala, como presidente provisional de la Junta Rectora de la cooperativa ganadera `Irumendi´ solicitando la correspondiente autorización para realizar la explotación por medio de cultivos herbáceos (patata y praderas) de terrenos laborables y mecánicos en los montes de Gorlamendi, comunales de esta villa. Se acuerda dar la autorización y elevar un escrito al Dsitrito Forestal para que la msima acuerde la extensión a arrendar y el alquiler anual… Asimismo solicita la autorización para la construcción de un establo de 840 metros cuadrados en los pertenecidos de Ugarriaga del barrio de Galarza. Se acuerda dar la licencia”[1].

Ukuilu berria eraikitzen, 1966. urtea


IRUMENDI izena hartu zuen kooperatibak, dirudienez bederatzi baserritarren lur sailak hiru mendi ingurutan kokatzen direlako: Aizemendi, Aingelu eta Loidi-Erreziñategi.

Esan beharra dago kooperatiba esperientzia hau garai hartan han eta hemen sortutakoen parekoa izan zela; esate baterako Antzuolako Lizarraga auzoan Bizkalatza, Laskurain Handi, Jauregi eta Iraeta baserrein artean sortutakoa, Bergaran, San Juan auzoan, Azpeitin, Beizaman, Zestoan eta abarretan. Baina aldi berean Arizmendiarrietaren jarraitzaileak (eta apaizak ere) ziren Balentin Zamora eta Julian Olazabalagak sustaturiko ideiei esker ere eman zela.

Ezta kasualitatea ere, `Zabalegi´ izeneko nekazal eskolaren lehendabiziko ikasleak gero IRUMENDI kooperatibaren sortzaileak izatea: Jesus Atorrasagasti eta Jose Mari Muruamendiaraz.

Ugarriaga azpikoa eta ukuilu berria eraikitzen,  1966. urtea

Jarduera honen ekoizpena behi esnea saltzeko sortu zen batez ere. Behi esnea komertzializatzeko bi eratan egiten zen: zuzenean kontsumitzaileei edo LANA (Lenitz eta Aramaionako Nekazarien Alkartasuna) kooperatibari eskainiz. Esan ere, LANA Kooperatiba honen presidentea antzuolarra eta ondoren herriko alkatea ere izan zen Olamendiko Josemari Ugaldek zeramala, lan txukuna eta serioa egin zuena.

Kooperatiba esperientzia honek 1965etik 1974ra arte iraun zuen, eta esan beharra dago oso gogorra izan zela bazkide zein familientzat, izan ere errentagarritasun urria izateaz gain ekoizpenak, gaizotasun desberdinak gehitu behar izan zitzaizkion: tuberkulosia, bruzelosia,  sukarrak eta abar. Ondorioz behi asko hil eta ordezkatu behar izan zituzten, galera handiak sortaraziz.


Gregorio Muruamendiaraz eraikitako ukuilu berrian idiekin belarra ekartzen, 1966. urtea.

Aldi berean industria garapen handia ere hasi zen gertatzen bailara osoan 1.970 eta 1.980 bitartean, eta industriarako esku lan beharra handitu zenez, honek ekarri zuen langileak eurak ere jarduera hau poliki-poliki lagatzea eta industriara begira jartzea.

Hala ere, 1974ean, Arrasateko LANA kooperatibaren abelgorri arloak IRUMENDIren lursailak alokatu zituen bertan pirenaiko arraza errekuperatu eta garatzeko, okeletarako txahalak haziz.

1984ean LANA kooperatibaren abelgorri arloa BEHI-ALDE kooperatiba bezala eraldatu zen, baina 1993an, hausnarketa baten ondorioz, behi okeletarako zeukan egitasmoa alde batera laga eta, BEHI-ALDE kooperatibak IRUMENDIko kooperatibistei ekoizpenarekin jarraitzea nahi izanez gero, bera eskaini zieten, baina autonomo bezala. Hala, hiru bazkidek onartu zuten BEHI-ALDE kooperatibaren erronka eta gaurko IRUMENDI Elkartea sortu zuten; beste bi bazkidek berriz, industria kooperatiban ber-kokatu zituzten.

IRUMENDIko behiak Aizbakar-Azkue lur sailetan


1993an IRUMENDI elkartea hiru bazkidek hartu zuten euren gain. Eta dirudienez erreleboa badute, jende gaztea lanerako gogotsu omen dator eta. Guztira hamazazpi 
baserri dituzte errentan Bergara eta Antzuola artean. 

Antzuolari dagokionez, Gorlan,Itxumendin eta Azkuen lursailak dauzkate, eta inguruan botatako pinudiak ere larre-toki bihurtu dituzte, bertako nagusiei errenta bat ordainduz. Derrigorrean, errentagarria bihurtzeko negozioa.

Bertako kidea den Peio Legorburuk dioskun bezala oso egorea osasuntsuan dago elkartea gaur, batez ere haragirako behiekin hasi zirenetik. Alde batetik, haragitarako eta, bestetik, bizirik saltzeko ere bai. Une  honetan 520 bat buru dauzkate, 200 hektarean, eta komertzializazioa Harakai-Urkatiko kooperatibaren bitartez egiten dute. Elkarteko haragia banatzen dute eusko labelarekin. Baina baita osasuntsua ere gai izan direlako jende berriari euren nahia, gogoa transmititzeko, eta gaur eurekin lanean ari direlako. Esan, guztira hiru langile direla elkartean ("baina bokazioz kooperatiba bezala funtzionatu nahi duena"): Aitor Aranguren, Mikel Mujika (25 urte bertan lanean) eta Pello Legorburu (37 urte). Hala ere, hiru bat urte badira beste langile batek ere eurekin lanean ari dena.

Denek lortu dute IRUMENDIn hazten duten arraza pirenaikoa erreferentea izatea Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, eta horrekin harro daude.


Peio eta Mikel.

Elkartearen partaidea ere den Mikel Mujikak ere zera diosku:

"Espainian zehar egiten diren hainbat azoka eta enkantetan saltzen ditugu, Pirinio inguruetan, Teruelen, Sorian, Kantabrian, Palentzian eta Extremaduran, besteak beste".

Eta are gehiago, "hobekuntza genetikoaren plan batean ere bagabiltza. Pirenaiko arrazaren hobekuntza genetikoa oso garrantzitsua da, bertako arraza izanda ez dugulako beste leku batzuetako hobekuntza genetikoa aprobetxatzerik. Horrek ustialekuan gastu gehiago izatea eragiten du, besteak beste, pisua kontrolatzeko lan handia egin behar delako. Bestalde, bigantxen ugalketarako I+Gko lan bat egiten ari gara: elikadurak euren ziklo hormonalean eta ernai geratzeko garaian zela eragiten duen aztertzeko".


IRUMENDIk Loidi (Bergaran) izeneko eremuan eraikita dauzkan pabiloitako moderno bat.


Guzti honi forma emateko inbertsioak ezinbestekoak dira. Hala, aurrenetik, instalakuntza berriak eraiki dituzte Loidi-Erreziñategi izeneko eremuan, eta bertan txekorrak gizentzeko instalakuntza dute.


 Instalakuntza modernoa izanik, animalien bizitza duina hautematen da 

Baina koiuntura ekonomikoak egun batetik bestera erraz pasatzen diren honetan, etorkizunari ere begira daude elkartekook, eta lo hartzeko motiborik ez dute, konpetentzia handia delako sektore honetan. Baina aldi berean adierazten dute agian herrian, Antzuolako herritarren artean ezjakintasuna egon litekeela eurak, antzuolarrak izanik, egiten dutenaz eta sektore honek herrian izan lezakeen aberastasunaren inguruan. Horregatik, 50 urte hauek ere aprobetxatu nahiko lituzkete antzuolarrei adierazteko zer eta nola egiten duten lan IRUMENDIn, eta bide batez egiten duten hori "in situ" erakutsi eta, zergatik ez, dastatzeko ere aukera eskaini.

 GALARTZA AUZOAN KOKATZEN DA `IRUMENDI´. ERAIKUNTZA ZAHARRA, EZKER ALDEAN UGARRIAZPIKOA BASERRIA; ESKUMAN, BERRIZ,  UGARRIAGAGAÑEKOA ETA AZPIAN, BERRIZ, ETXEBERRISORO.

Guk geuk lerro hauetan goraipatu nahi dugu IRUMENDI elkarteak kalitatezko abeltzaintza sustatzeko herrian egiten ari dena, baina aldi berean baita degradatzear dauden mendi sailak berregokitu eta balio ekologikoa gehitzeko egindako egin ahala ere. Eta guzti hau mantentzeko denok egin dezakegu zerbait. Adibidez, botere publikoetatik, herriko agintarien aldetik hasita, beharrezkoa izango litzateke ahalik eta laguntza handiena eskaintzea bai IRUMENDI elkarteari bai herriko lehen sektore honi. Edo herritar guztiok jatordu osasuntsuaren nahiz ingurumenaren zainketaren izenean ez bada ere. Ez dezagun 50 urte eraiki duguna galtzeko arriskuan jarri.

Badirudi elkartearen hirukoteak (Aitor, Mikel eta Pellok) aurrera jarraitzeko asmoa du. Izan ere Pellok dioskun bezala "lehen eguna baino motibatuago nabil lanian mundu honetan, eta gero gazteak alboan ikusita norbera be gehixao ilusionatzen da".
  

LABURPEN-KRONOLOGIA

  • 1966-1974:IRUMENDI KOOP.
  • 1974-1993:LANA S. KOOP – BEHI-ALDE S.KOOP 
  • 1993-2016:IRUMENDI ELKARTEA




No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada