2016/09/11

1766ko MATXINADA ANTZUOLAN

Zer dela eta 1766ko matxinada? 250 urte betetzen dira aurten euskal herritarren altxamendua izan zela, eta horregatik hainbat tokitan gogoratu dena. Guk ere antzerako zerbait egingo dugu gure herrirako; hau da, garai hurak ezagutu.

Euskal lurraldeetako matxinadak ezaugarri bereziak izan zituen. Dena dela, arazo nagusia hemen ere espekulazioa izan zen. Garai hartan nekazaritza ekoizpen nagusienak garia eta artoa ziren. Ekoiztutako gariak eta artoak jauntxoen eskuetara ailegatzen ziren errenten bidez, nekazalgoaren gehiengoa maizterra zelako.

Errebindikazioek tokian-tokiko kasuistika izan bazuten ere, gai nagusi bat egon zen: aleen, edarien eta haragien salneurria eta merkataritza askearen kontrako jarrera izatea. Horiekin batera herri lurrak askatasunez ustiatzeko baimena zabaltzea, hamarrenak eta elizaren errentak arautzea, moral publikoa berriz ezartzea eta herriak gobernu erakundeetan parte hartzea eskatzen zen. Liskarretan ez zen hildakorik gertatu, baina jauntxoen ondasunetan txikizio handiak egin ziren. Udaletxeak okupatu eta udal ofizialak beren baldintzak eta kapitulazioak sinatzea eta betetzea behartu, kasu batzuetan zenbait jauntxo mehatxatu, makurrarazi eta publikoki iraindu, eta beren jauregiak eta ondasunak erre edo deuseztu egin zituzten.

Testuingurua emateko begira dezagun Azpeitiko gaztetxekoek honetaz prestatutako bideoa; adierazgarria da.



Oro har, ipar eta mendebaldean izan zuen matxinadak indar handiena, Bizkaiko ekialdera arte. Azkoitian eta Azpeitian hasi (bertan kale bat dago `1766 matxinada´ izenarekin) eta segituan zabaldu zen Deba arroko herrietatik: Elgoibar, Eibar,  Soraluze... eta gure artean Arrasateraino ailegatu zen. Hala ere, bi adarretan banandu zen: kostalde aldera bata, Deba, Mutriku, Zumaia, Zestoa, Getaria eta Zarautz, eta bestea barru aldera, Goiherri eta Tolosalde aldera hain zuzen ere, non Asteasu, Alkiza, Zizurkil, Aia, Errezil, Goiatz eta Beizama, 1766ko apirilaren 15 eta 19 bitartean, zenbait iskanbila egon ziren.

Esan dezagun ere Bizkaian matxinadak Ondarrun, Markinan eta Berriatuan izan zuela indar gehiena, eta Araban, Aramaion, nahiz eta Agurainen eta Gasteizen zantzu batzuk eman.

Beste matxinadetan ez bezala, matxinoek ez zituzten beren errebindikazioak lortu eta zigor gogorrak jasan zituzten: heriotza sententzia batzuk eman arren, azkenean ez ziren bete, eta bakarrik atxiloketak, ondasun bahiketak, isunak, gartzelaratzeak, erbesteratzeak, galeretako zigorrak, e.a. 

Eta Antzuolan zer gertatu zen matxinada hartan? 

Ez zen ailegatu hain gordin eta istilutsu gure herriraino, baina bai neurriak hartu behar izan zituztela herriko agintariek ogi egileekin, gari hornitzaileok salneurriarekin espekulatu ez zezaten. Adibide batzuk badauzkagu honen bueltan.

Adibidez, une hartan herriko alkatea zen Pedro Juan de Iraeta, sindikoa, berriz, Juan Bautista de Iñurrigarro Otamendi, eta zinegotziak Pedro Juan de Iraeta, Ignacio de Lausagarreta eta Esteban de Aguirre, kontu hartzailea zen Juan Antonio de Irazabalek aitortu zuen une hartan zinegotzia zen Esteban de Agirreri eman zitzaiola 1766ko urtarriletik hasi eta 1767ko urtarrileraino 294 erreal, zergatik eta "24 fanegas y media de trigo que dio a las panaderas de esta villa al tiempo del Motín por orden de una carta de nuestra madre la Provincia, su fecha 17 de abril, a 26 reales la fanega". 

Sindikoa zen Juan Bautista de Iñurrigarrori ere beste 217 erreal "pagados por 18 fanegas de trigo que dio a los mismo panaderos para el mismo fin". 

Esan dugun bezala Antzuolara ez ziren matxinatuak ailegatu, baina Bergarara iristeko egon ziren, eta eurei aurre egiteko konpainia bat osatzeko eskaera ere Antzuolari eskaera egin zitzaion. Izan ere, 1766ko apirilaren 21eko "a las cinco horas de su tarde" etorri zen herrira Bergarako udal idazkaria zen Juan Migel de Agirre Sarasua, "diciendo que venía de la dicha villa de Vergara dando noticia de que la tropa de los amotinados querían entrar en el cuerpo de dicha villa, por lo que convenía que sin perder tiempo pasase gente de esta dicha villa prevenida con armas a la expresada villa de Vergara para su defensa. Y luego en su visita se juntó una compañía bien armada con su jefe, e inmediatamente marcharon a la villa de Vergara. Y el señor alcalde y regidores quedaron juntando otra compañía por si había necesidad. Y al día inmediato otro aviso desde dicha villa de Vergara que los amotinados andaban por los montes de Elosua y se envió inmediatamente gente armada".

Elosua (Bergara) bilaketarekin bat datozen irudiak
ELOSUA

Honek gastu batzuk ekarri zituen. Hala, Ignacio de Iñarra eta Tomás de Lasak 588 errealeko gastu agiri bat aurkeztu zuten; alegia, "Iñarra 408 reales por 204 azumbres de vino clarete e precio de dos reales; y al expresado Tomás 180 reales por el importe de 510 libras de pan a precio de 12 maravedís cada una que se consumieron". 

Eta ez zen gastu bakarra izan, beste 48 erreal ordaindu zitzaizkiolako Juan Bautista de Otamendi, sindikoari. Euretako 12 erreal gainera, "por dos viajes que ha hecho a la villa de Vergara a llevar y traer las camas para el alojamiento de los soldados".

Hauteman daitekeen bezala, 1766ko matxinadaren eragina apala izan zen gure herrian, nahiz eta egoera ezegonkor hark gastuak sortu udal haziendan.


Iturriak:

No hay comentarios:

Publicar un comentario