2016/09/17

GIPUZKOAKO BATZAR OROKORRETAN ANTZUOLAKO LEHEN BATZARKIDEAK (1630)

Badakigu  1629ko abenduaren 12an lortu zuela Antzuolak independentzia, Bergaratik alde eginda. Hurrengo urratsa Gipuzkoako Batzar Orokorretan parte hartzeko eskubidea lortzea izan zen.

Hau da garai hartan hori lortzeko jarraitutako bidea. Ikus dezagun zer gertatu zen.

Ordizian (“en la villa de Villafranca”) 1630ko apirilaren 13an Gipuzkoako Batzar Orokorra ospatzen ari zirela probintziako batzarkideak, eta bertan ere Valladolideko Errege Kantzelaritza nahiz Espainiako Erregearen ordezkaria zen Enrike Salinas zegoela, han landu zen gaitako bat Bergarako jurisdikziotik alde egin eta herri bihurtu ondoren, Antzuolak probintziako Batzarretan parte hartzeko aukera eskatzea izan zen. Alegia, “posesión del asiento, voz y voto que conforme a ella a de tener la dicha villa”.

Horretarako bertaratu ziren Antzuolako prokuradore bezala izendatutakoak; alde batetik Antzuolako alkatea zen Miguel Martinez de Ugarte eta bestea Antonio de Iturbe. Batzarretako buruak eskaria hala hartuta, astelehenean, apirilaren 15ean ospatuko zen batzarrean honen berri ematea agindu zuen. Eta hala egin zuen batzarretako lizentziatua eta lehendakaria zen Portu jaunak.

ORDIZIAKO BATZARREN AKTAK ANTZUOLAKOAK 
BATZARKIDE BEZALA ONARTZEN

Aipatutako datan (15) mahai gaineratu zen gaia, hau da, “se mande señalar su asiento y lugar para asisitir en esta Junta y en las demás que celebrara adelante … y tener voz y voto con las demás villas”. Hori justifikatzeko Erregeak herri izendatzen emandako agiria ere eraman zuten herriko ordezkariek, “apartándola de la villa de Vergara”.  Baina ez hori bakarrik, baita bertan adierazi zuten independentzia lortzeko ordaindu behar izan zituztenak, eta horretaz arduratuko zenarena: “una comisión de Su Magestad para don Pedro  de Ipeñarrieta para que haga repartimiento de quatro mil y quinientos y sesenta y dos ducados y medio en plata doble con que Su Magestad ha servido la villa de Anzuola por la merced de la esención por una parte; y por otra otros doscientos ducados para los gastos de ella entre sus vecinos, conforme a la hacienda que tuvieren”. 

Aldi berean beste agiria batzuk ere eraman zituzten herriko ordezkariek: “posesión y elección de alcalde ordinario y demás oficiales de su gobierno, y nombramiento y poder de procuradores junteros y el decreto”. 

Hala, batzarrak erabakia hartu zen kontuan izanda Antzuolaren herri maila; esan nahi zen aulkia eskaintzea eta bozkatzeko baimena ematea zeuzkan herritarren arabera; orduan 38 su bezala (edo familia, etxe) hartzen zena. 

Agiriak agiri, ospatzen ari zen batzarrak Azpeitia eta Donostiako ordezkariei eman zien agindua eskaera hau azter eta erabaki zezaten ze eratako baldintzatan komeni zen aintzat hartzea Antzuolako ordezkarien eskaera, batez ere zeuzkan herritarren kopurua kontuan hartuta, eta hurrengo batzarrera ekar zezatela erabakia.

Hala apirilaren 16an berriro elkartu ziren batzarkideak, eta arestian aipatutako Azpeitia eta Donostiako ordezkariek etxeko lanak eginda ekarri zituzten batzarrera. Hala, 1624ean Deban egindako Batzarretako aktetan azaltzen omen zen “la vecindad tiene la villa de Anzuola 162 vezinos y medio”

Hala ere adierazi zen Antzuola Albizturrek zeukan bizilagun baino gehiago zituela, baita garai hartan han eta hemen sortzen ari ziren herriekin ere alderatuz gero. Beraz, bere eserlekua batzarretan esandako herriak baino aurrerakoa izango zen. Hala uste zuten behintzat gai hau aztertzeko geratu ziren Francisco Arandiak, Miguel Aroztegik eta Martin Perez de Argarainek, Ordizian 1630ko apirilaren 19an.

"VILLA DE ANÇUOLA 162 VEÇINOS"

Hala onartu zen, eta agindua eman zen eserlekua ematea Antzuolako ordezkariei; hau da, Miguel Martinez de Ugarteri eta Antonio de Iturberi.

Beraz, independentzia lortuta, probintziako Batzar Orokorretan herri bezala parte hartzeko eskubidea ere lortu zuen Antzuolako herriak, orduan 162,5 etxekoneko zituela. Argi dezagun, garai hartan etxekonekoa (edo “vecinos”) jendea erroldatzeko edo hobeto esanda fiskalizatzeko familia unitate bat adierazten zela, ez daukala zer ikusirik gaurkoarekin bada; alegia, herritar bat bakarrarekin. Hala, “vecino” edo etxekoneko delakoa herritarra bihurtzeko 4 edo 5 koefizientearekin biderkatuz lortzen da.


Ordiziako batzarretako akta (1630)
 
Hala ere badugu gure kasuan altxor txiki bat zehazteko zenbat jende bizi zen une hartan herrian, izan ere Antzuolak independentzia hartu zuenean behartu zuten herriko herritarren errolda bat egitea. Eta hala egin zuen 1630ko urtarrilean Atanasio Jimenezek, Erregeak bidalitako ordezkariak. Dokumentu hori blogean ere baduzue kontsultatu nahi izanez gero: (http://irinmodo.blogspot.com.es/2014/01/1629ko-antzuolako-biztanleria-errolda.html). 


Kontuak kontu, Atanasiok errolda hau egin zuen:  

  • KALEAN: 202 bizi zirela. 
  • AUZOETAN (BASERRIAK): 520 bizi zirela.

Beraz, orduan, 1630ean, Antzuolan, 722 bizilagun bizi ziren.


Iturria:

  • Antzuolako Artxibo Historikoa: "Testimonio como fueron admitidos los procuradores junteros en la Junta de Deba el año 1630". 


No hay comentarios:

Publicar un comentario