2016/10/15

AIHERRA-ANTZUOLA SENIDETZEAREN 32. URTEURRENA

Aiherra (Nafarroa Beherea) eta Antzuolaren arteko senidetzea 1984. urtean hasi zen. 2004az geroztik, udalen arteko hitzarmenaren ondoren, bi herrien arteko harremana ofiziala da.

Halaxe, urtez urte, eta txandaka, joan gara anaiatsuna adierazten, eta bakoitzean herriak ezagutzen. Aurten, Antzuolan, eta elkar ezagutze horretan, Antzuolatik 1971ra arte ibili zen trenaren berri izan genuen trenbidean zehar ibilibide bat eginez, noizbehinkako egonaldiak egin eta azalpenak jasoz.

Norbait interesatuta badago han esandakoaz, hemen laburpena:



 AZALPENAK KAXETAN 

“Los Vascongados” izeneko trenbidea Bilbo eta Donostia elkartzeko sortu zen, eta Bergaratik Zumarragara egin zen trenbide zatiak ere halako helburua zeukan. Urola eta Deba arroako pertsonak eta merkantziak elkartzeko erabili zen batez ere.

1889ko abuztuaren 26an inauguratu zen Bergara eta Zumarraga bitarteko trenbidea, eta 1971eko otsailaren 28ra arte iraun zuen. Beraz, 82 urte.

Garai hartako garraiobiderik azkarrena eta erosoena zen, baina gerora, errepideak eraikitzen eta egokitzen, eta bide batez garraio publikoak (“La Vergaresa”) eta pribatuak ere sortu zirenean, bere gainbehera hasi zen; askoz azkarragoa izan zen beherakada automobila  sozializatzen hasi zenean.

Une honetan "Kaxetan" gaude. Hitzak dioskun bezala garai batean trenbideko langileak eta beren familiak bizi ziren etxeak ziren. Fondoan ere ur biltegi bat ikus daiteke, garai batean Uzarragako geltokian egon zena, eta lurrunezko nahiz ikatzezko trenak urez hornitzeko erabiltzen zena. Beraz, garai bateko bi lekuko.

Bi geltoki izan zituen: Uzarraga eta Amilleta, nahiz eta txanpon batzuen truke hainbat tokitan trenak abiada moteldu eta lasai jaisteko ere aukera izan.

Pare bat urtetan  (1888-1889) jo eta ke ibili ziren lanean herrian hainbat tokitatik etorritako langileak eta familiak.  142 langile aritu ziren. Orduan, Antzuolak 1556 bizilagun zauzkan.

Ikusgarriak dira obra hau egiteko egin beharreko obra zibila: tunelak, eusteko hormak, trintxerak, kanalizazioak … garai hartako baliabideekin, jakina. Baina ezinbestean trenak gainditu beharreko desnibela aintzat hartzen badugu, trena herrian 250 metroan sartu eta 410 metrora igo behar zelako. Nola lortu hori? Bada trenbideari desnibel egokia emanez. Horrek esan nahi ezin zuela %4 gainditu, bestela aurrera joan ezinda geratzen zelako. Horretarako erradio handiko ibilbideak diseinatu zituzten; alegia, punta batetik bestera joaten zen trena desnibelak gainditzeko, izan ere, batzuetan, biaduktuak egitea ezinezkoak ziren. Makina bat lekukotza daude esanez sarritan trena oinez jarraitzeko aukera egoten zela, edota pisu handia zeramanean igo ezinda geratzen zela, tartean karga laga eta berriro bueltan etorri beharra zeukan lagatakoa hartzera.

antzuolako tren istripua bilaketarekin bat datozen irudiakEzbehar gordin bat ere ekarri zuen azpiegitura honek, Uzarragako geltokian 1893ko uztailaren 14ean gertatutakoa. Trenbidetik atera zen trena eta zazpi hildako eragin zituen, Iturriotzeko baserri inguruan, tartean Deustuko alkatea zen Pedro de Urutxurtu.

Baina esandakoa, garraio publikoa zein pribatua sortu eta garatuta etorri zen trenaren heriotza, eta ez soilik Antzuolara, baizik eta bailara osora.

 AHIERTAR ZEIN ANTZUOLARRAK ARRETAZ ENTZUTEN
ARRITEGIKO TRINTXERA 

Hurrengo geldialdia “ARRITEGI”ko trintxeran izan zen. Toponimoa bera ere adierazgarria da. Mendi bitartetik pasatzeko irtenbidetako bat tunela egitea da, baina beste batzuetan trintxerak edo lubakiak egiten ziren. Berau trenbide honek Antzuolan duen ikusgarriena da, bai duen garaiagatik baina baita materialengatik ere. Materiala edo minerala basaltoa da, eta mineral hau duela miloi urte asko inguru honetan sortutako lur azaleratzearekin lotuta dago. Ur azpitik likitsua zen laba horretan solidifikatu zen. Beraz, 110-60 miloi urte bitartean izandako prozesuaz hitz egiten ari garenez, garai hartakoak dira harri hauek. Ikus daitezke harrietan zulotxoak ere, une hartan gasek ere eragindakoak. Mineral hauek formazio bereziak osatzen dituzte, geologian `Pilow´ bezala ezagutuak.


ARRITEGIKO TRINTXERA, ANTZUOLAKO HARRI ZAHARRENAK BERTAN 

Esan dezagun, bukatzeko, oso ohikoa dela Zumarragatik Maltzagaraino harri mota hau, gainontzeko Gipuzkoako mendietan ez bezala.


GELDIUNEA INTXAUSTIN 

Pentsatuko duzue zergatik esaten zaion inguru honi “ARRITEGI” eta baita “INTXAUSTI” ere. Aldi berean inguru honek badauka bere balio ekologikoa herriarentzat, izan ere inguru honetan pago eta haritz ederrak ikus daitezkeelako; baita garai bateko artzantzarekin lotutako txabolak ere. Aldi berean herrian hainbat iturriren ur hornitzailea izan den “OGEITURRI” erreka ere bertatik pasatzen delako.

Baina ikusgarria ere bada ezkutuan geratzen den trenbidearen obra zibila, herriko ederrena. Nahiz eta konturatu ez, tren biaduktu gainean gaude, eta behetik Ogeiturrirako bidea pasatzen da. Garai hartako baliabideekin bat eginda, obra mardula, beraz.

       ARRITEGI EDO "LOS GALLEGOS" TUNELA


“LOS GALLEGOS” izenekoa ere, bertan gailegoak ere lan egin zutelako. Dakiguna da langileriaren %16 Lugokoa zela; beste batzuk Leon eta Asturiaskoak … 92 metro luzera omen dauzka. Basaltoz osatutakoa… eta Gerra Zibilean ere ezkuta toki izandakoa.

Eta duela gutxira arte sagu-zaharra ere bizi zen tunelean, baina egindako aldaketekin, eta jarritako argiarekin, badirudi beste tokiren bat bilatu behar izan duela negua pasatzeko.

  HURRENGO GELDIALDIA: LASKURAINAUNDI 

Lizarraga, San Martzial, Laskurainandi, Laskuraintxiki, Iturbeandi … Antzuolako baserri zaharrenen aurrean gaude, Laskurandiren kasuan 1307koak dira bere lehen datuak, Iturbekoak 1391ekoak … Oraindik XVI. mendeko aztarnak ere gordetzen ditu Laskurainadiak. 

Hala ere ikusten ez den lekukotza du inguru honek, hainbatek esaten digutelako bertan hil zela Gipuzkoako azken hartza, 1867an.


ANTZUOLAKO HARTZA

Antzuolako karnabaletan hartza ikusten dugunean, bat baino gehiagok galdetzen du nondik nora datorren abere horren kontua herrian. Ez dakigu garai batean Antzuolako basoetan hartzik bizi ote zen ala ez, otsoak  ibili zirela udalerriko basoetan zehar badakigu, artxiboko dokumentuek (1622tik hasita) hala aitortzen dutelako. Kontuak kontu, baina, entzun eta irakurri izan da Antzuolan hil zela Gipuzkoako azken hartza. Baina nola demontre izan zen hori datuek beste gauza bat adierazten baldin badute? 1867ko dokumentu batek, Laskurainandikoa zen Patxi Letek gordeta zuena, zera adierazten digu:

ANTZUOLAN HILDAKO HARTZA bilaketarekin bat datozen irudiak"Junta General. Julio, 5 de 1867. Se leyó una proposición presentada por la representación de Anzuola con el objeto de que la Junta recompensase con alguna gratificación a las personas que habían perseguido y muerto en aquella villa en la mañana de ayer (julio, 4) un oso enorme, y muy especialmente el intrépido joven de 18 años, Francisco Aranguren, que fue mordido por aquella fiera después de herirla mortalmente de un tiro; y accediendo la Junta a dicha proposición, acordó  que se entregasen al Ayuntamiento de Anzuola 2000 reales  a fin de distribuirlos de esta forma: 500 para el referido Aranguren; otros 500 para el que concluyó de matar al oso y, los 1000 restantes, para los acompañantes que siguieron y contribuyeron a la muerte  de dicho animal, de calidad de que éste fuese entregado a la escuela de Agricultura de esta villa de Oñate, pro si deseaba disecarlo. Es copia. El Diputado General”.

Patxi Leteren garai hartako esanetan Laskurainandi eta Laskuraintxikiko azpian pasatzen den Lizarragako errekaren ertzean hil omen zuten hartza.Hildako hartza, berriz, badirudi Oñatira joan zela. Izan ere, Oñatin sortu berria zen Nekazal Eskola bat (1852tik 1869ra iraun zuena), eta,  Batzar Orokorrak bertan ospatzen zutenez lehendabiziko bilera, eskolari eskaini zion hartza "por si deseaba disecarlo". Hauxe da Bergarako museoan gordetzen den hartza. Antzuolan hildakoa ote?

zumaeta baserria bilaketarekin bat datozen irudiakZumaeta baserriak

Inguruan ere, 1391ean zutik dago Zumaeta bat, nahiz eta orain bitan banatuta ikusi. Azpikoa omen da zaharrena, 1817an zaharberritu zena, bera omen da “casa solar”.Gaur egun bitan banatuta dago, dirudienez obretan jatorrizko baserria jausi eta ondoren bi eraiki omen zituzten.

Eta halaxe jaitsi ginen Bizkalatza baserria (1586), non, auzoko sagastietako sagarra erabiliz, auzotarrentzat sagardoa egiten ari ziren:





 SAGAR-PRENTSA
  Ibilbidea egin eta gero, bazkarirako ordua iritsi zen, herrian ezaguna ditugun Bentazaharreko musika taldeak lagunduta:




























HERRIETAKO ALKATEAK AURREZ AURRE: 
ARÑO GASTANBIDE ETA BERNARDO KORTABARRIA

Eta datorren urtean, AIHERRAN!!!

Iturriak:
  • Argazkiak: Jone Larrañaga.
  • http://www.ayherre.fr/eu/aiherrayherre/aiherra-ezagutu/aiherra-antzuola-herri-harremana.html
Iparralderako 2016ko urriaren 16an kaleratutako HERRIA astekariak zekarren Antzuolara aihertarrek egindako bidaiaren kronika polita.

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario