2016/10/07

ANTZUOLAKO ITURRIAK (XVII): ASKABURU edo ITXUMENDIKO ITURRIA


Argazkian ikusten duzun bezala, eta ondo kokatzen bazara, Bergara eta Antzuolaren arteko mugan dago Askaburu edo Itxumendiko iturria. Gorago dago garai bateko Loiola eta gaur Herri Irratiko antena eta eraikuntza, Itxumendi gainean hain zuzen ere. Alboan, zertxobait beherago, Gorlako kantinara joateko, Altsasu aterpetxea dakusagu.

 
Ez dario ur eman handirik iturriari, eta baztertuta bezala antzematen da bera, inork kasu handirik egin ez balio bezala aspalditik. Hala ere estuasun batean edozeinen egarria asetzeko gai dela ziurtatu genezake.



1963ko planoa

Ia-ia bere mutur aurrean pasatzen da Bergara eta Antzuolako udaleriak bereizten dituen lerro geografikoa. Oso gertu du, baita ere, herri bietako Errekatxiki(79. zenbakia) eta  Itxumendigaiña (80. zenbakia) izeneko herri mugarriak, eta aldi berean Irimoegi Goiko eta Galartza izeneko auzoen arteko banaketa ere egiten duena bada.

Bertatik ere eramaten dute Gorlako aterpera ura.

Baztarra txukundu beharrean baldin badauka ere, berari egin diezaiokegun mesederik handiena bertan gelditu eta ura edatea da. Eskertuko digu.





No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada