2016/10/29

HERRIKO KANPOSANTUAK (II): SAN BARTOLOMEKO KANPOSANTU ZAHARRA EGOKITEN

SAN BARTOLOME ERMITA PAREAN ZEGOEN KANPOSANTUA ZAHARBERRITZEKO PLANOAK


Lerro hauetan adieraziko duguna, obra proposamen honen arkitektoa izan zen Carlos Uriarterena da.  Bergararra bera, 1870ko abenduan aurkeztu zion Antzuolako udalari kanposantu berria eraikitzeko proposamena. Egia esanda, premia zeukan herriak kanposantu berri bat izateko, eta lehendabiziko plana San Bartolome ermita parean zegoena handitzea eta egokitzea izan zen.


SAN BARTOLOME ERMITA (1915) 

Carlos Uriartek lehendabizi kanposantuaren memoria idazten du, eta adierazten digu beharrezkoa dela kanposantua zabaltzea, izan ere “es tan pequeño el área que ocupa, de 201 metros cuadrados, que atendida la mortandad actual de Anzuola, de 40 defunciones al año, término medio, la cabida para el enterramiento es tan exiguo que hay que remover las fosas en el intervalo de dos años y medio”. Gainera ez zegoen bide bat txukuna kanposantuan ibiltzeko, eta hau itsusia da, kontuan izanda “donde descansan los muertos tengan que andar los vivos, pisoteando los venerables restos de sus deudos y amigos”.

Baina batzuk oso egoera tamalgarrian zeuden, hainbat hildako guztiz deseginda barik atera beharra egoten zirelako. Hau saihesteko sortu zen San Bartolome ermitaren parean kanposantua zaharra zabaldu eta egokitzeko proiektua.

San Bartolome ermita eta kanposantuaren sarrera.

Ezaugarrien artean esan, orduan ez zeuzkan hormak erantsi zitzaizkiola, eta guztira 878 metro karratuko azalera berria emanez (lehen 201 zeuzkan). Gurutze forma izango zuen kanposantuak, lau gunetan banatuta, eta gune bakoitzera bidea eginez. Fondoan  hilobi partikularrak eraikitzeko aukera bat ezarri zitzaion. Aldi berean berezitutako sastraka batzuk ere landatuko ziren, hala haizea pasatzeko eta eguzki izpiak sartzeko, honen bitartez inguruaren oxigenazioa bermatuz.

ERREPIDETIK AURREZ AURREKO PROPOSAMENA

Aldi berean linboa, hezur hondarrak eta zerraldoak biltzeko guneak ere hautematen dira planoan.

Arkitektoak adierazten du toki egokia ere badela aukeratutako lekua, ipar eta ekialdeko haizea erruz dabilelako. Puntu ahulena agian herri gunean egotea (eta ondoren erabakikorra izan zena proiektu honi uko egiteko), baina aldi berean ulergarria da bertan mantentzea nahi izatea kanposantua, Antzuolak baliabide ekonomiko urriak dauzkalako. Baina obra honekin -jarraitzen du esaten Uriarte jaunak- posible da hilobiak sei urtera berriztatzea. Izan ere, higiene arauek dioskuten bezala, “para la descomposición de un cadáver enterrado a la profundidad de cinco pies (un metro y 39 centímetros)”. 

Hilobi bakoitzak metro eta 95 zentimetro dauka luzeraz, eta azalerari dagokionez urtero 50 hildako hartzeko gai izango litzateke.

Hormen garaiera edo altura ere zaintzea beharrezkoa denez, hiru metrokoak izango dira, hala haizea errazago pasatzeko.

Kanposantua Matilde de Bengoa, Manuel de Berroetaren alarguna den Errotaberri izeneko errotatik zabalduko denez, esan, lurperatzeko adina lur duela, izan ere bi metrotara zulatuta buztinezko lurra dago, harri gutxirekin.

KANPOSANTUAREN OINPLANOA, ERROTABERRI ESKUMATARA

Memoria horrela bukatuta, Carlosek baldintza teknikoak ematen dizkigu:

1. Kandela bat piztuta jarriko da enkantean obra, eta obra bere gain hartzen duenak berehala adierazi beharko du nor izango den bere fiadorea.
2. Obra gehigarriak etorriko balira, obraren zuzendariak adierazi beharko du zenbatekoak egingo diren, eta bere gain obra hartzen duenak “no estará obligado a la ejecución de las variaciones en más de la sexta parte del coste total”. 
3. Obrako zuzendariak jakinaraziko du zenbat langile beharko diren obra egiteko, baita obrarekin loturiko beste gaietan ere.
4. Materialak onak izango dira, eta ezingo dira obran jarri aurretik zuzendariak edo berak esandako harginak aztertu arte.
5. Morteroa hiru zati areaz eta bi kareaz osatuko da. Hormak, berriz, Iguirain-en dauden are harriez egingo da, eta landutako harria, berriz, Lezgazpiko Lakiriolatik ekarriko da, edo Bergarako San Prudentziotik, edo Elorriotik. Biderako area garbia izango da.
6. Egindako obrak, berriz, sei bat hilabetean zehar ebaluatuko dira, horretarako obra egileak ere bere arkitektoa ekartzeko aukera duelarik.
7. Errematea eta eskritura kontratistaren esku geratzen dira, eta enkantea pasa eta gero zortzi egun baino lehenago egingo dena… eta lau hilabetera bukatu beharko ditu obrak, 100 errealeko isuna gehituz egunero obra bukatu barik egongo balitz.

Obraren kostua 17.592 erreal eta 62 zentimo aurreikusi zen. Esan beharrik ez dago proiektu proposamena hutsean geratu zela, izan ere egokiago ikusi zen kanposantu berria herrigunetik kanpo egiteko, gaur dagoen tokian  egitea -Eztalan- erabakiz.



No hay comentarios:

Publicar un comentario