2016/11/19

LEHENDABIZIKO FARMAZIA eta FARMAZEUTIKOA (1879)

1879ko azaroan kexati zegoen herriko Udala, izan ere probintziako boletin edo agiri ofizialean aipatu ez zelako Antzuolan farmazia berri bat sortu nahi zela eta, botikarioa edo farmazeutiko plaza hartzeko lehiaketa epea zabalik zegoelako.

Urte bereko abenduaren 8an, ostera, izena emateko epea bukatuta zegoen. Hauexek eman zuten izena herriko botikarioak izateko: Enrique Alcovilla, Nafarroako Funesekoa. Nikasio Ortiz de Zarate, Arabako Ondategikoa. Hermenegildo Hera, Gasteizkoa, eta Victor Salas, berriz, Burgos probintzian dagoen Balbases izeneko herrikoa.

Udalak, aho batez, Nikasio Ortiz de Zarate aukeratu zuen, eta herriko lehendabiziko farmazeutiko plaza berarentzat izan zen.

Ez zuen asko iraun herrian, 1881eko uztailean herritik alde egin zuelako, bere plaza hutsik lagaz.

Berriro prozesua hasi eta, 1881eko irailean,  eta beste inork izenik eman ez zuelako, Antero Apaolaza izendatu zuten titularra.
antero apaolaza bilaketarekin bat datozen irudiak
Antero Apaolaza

Nor zen Antero? Nahiz eta Urretxun jaio, bere ama, Maria Isabel Aranguren, antzuolarra zen. Anterok gazte gaztetik botikaria izan nahi zuen, eta nahiz eta garestia izan bere ikasketa, besteak beste Madrilen zegoelako farmazia-fakultatea, 1869ko irailaren 2an botikari titulua eskuratu zuen.

Bergarako Bidekurutzeta kalean jarri zuela bere botika, eta bergararra zen Eulalia Azkaraterekin ere ezkondu zela 1873ko abenduaren 15ean. Bost seme-alaba izan zituzten, euretako bi Antzuolan jaioko zirenak.

antero apaolaza bilaketarekin bat datozen irudiak
Kalegoi kaleko Montxonenekuan (balkoia duena) bizi eta jarri zuen botika Antero Apaolazak

Hala ere, zerbait gertatu omen zen 1881eko uztailean Anteroren bizitzan, Bergarako alkate liberala izendatu zutenean, izan ere urte bereko irailean kargua laga eta Antzuolara, amaren herrira, etorri zen. Bertan pasatu zituen bere azken 17 urteak, eta herriko botikarioa izan zen.

Iturriak:
  • Herriko Udal Akten Agiriak, zazpigarren liburua, 1875-1887.
  •  http://irinmodo.blogspot.com.es/2015/02/antero-apaolaza-eta-patxiku-txerren.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada