2016/12/24

OLENTZERO DATOOOR!

Errege Magoak izaten ziren, eta ez Olentzerok, haurrei opariak egiten zizkietenak garai batean. 1960. hamarkadatik aurrera pasa zen lehen planora ikazkin hau, Eguberriei ere beste ukitu bat emanez. Horrela, eta batez ere ikastoletatik, Olentzerok opariak ekartzeko ohitura zabalduz joan zen han eta hemen. 

Gaur egun ia euskal herri guztietan ospatzen da Olentzeron kabalgata Eguberri bezperan. Zenbait lekutan, baina, ustezko izaera sexista salatuta-edo, Mari Domingi izeneko protagonista ere azaldu zen, Olentzeroren bikote edo emazte gisa.

Eta Antzuolan, noiz hasi zen ospatzen? 

Kostatu zitzaion  benetako lehendabiziko Olentzerori Antzuolara etortzea. Ez dakigu non sartuta egon zen, baina halako batean, ailegatu zen. Hasiera batean, eta urte dezentean, Joxe Anjel Arbuluk bete zuen funtzio hori, baina 1996ko abenduaren 24ean, iritsi zen gure herrira beste Olentzero berri bat. Irimoegi auzotik ailegatu zen, bere astoarekin, Antzuolako umeei opariak banatzeko asmoz.

Iñaki Arbulu, 1996ko Olentzero!

Hasteko kalean ibili zen herriko umeak ezagutzen eta euren eskaerak jasotzen.

Pozaren pozez, ikusten zutena sinestu ezinda edo, gurasoek nahiz herritarrek ere gustura ikusi zuten herriko kaleetan zehar Olentzero. Han zebilen, eskua artean bere kriseilua eta makila zeuzkala, ume askoren harridura eta kezkak, galdera bihurtuta, argitu nahian.

Txapel eta bizar handiarekin, bizkarrean aterkiarekin, eta eskuan saku bat zeramala aurrez aurre zeuzkan umeen izen abizenak ere jasotzen ibili zen, eta bide batez haurraren irrifarrea, poza ere ateratzen.

 HERRIKO ABESBATZA ERE POZIK. "ETORRI DA GURE OLENTZERO" ABESTEN!

Herriko plazan, bertan ezarrita zegoen gabon zuhaitzaren babesean, hainbat herritarren galderak ere erantzun zituen. Handik berriro, herriko abesbatzarekin batera, Kalebarren aldera jo zuen eta, bertan ere, izugarria zen Olentzerok eragindako kuriositatea, arreta.

 
 KALEBARRENEN, UMEEN ARTEAN, OLENTZERO

OLENTZERO UMEEZ INGURATURIK

Iñaki Arbuluri, beste gauza askoren artean herriko Olentzero ere izan zelako.

Argazkiak: Bittor Arbulu eta egilearenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario