2017/11/18

AIHERRA-ANTZUOLA (2017)

Miarritzen ospatu dugu aurten Aiherra eta Antzuolaren arteko 33. urteurrena (1984-2017). Zer dela eta ez Aiherran? Aurtengoa hamabigarrena zen iparraldeko nekazarien urteroko feria Miarritzen  ospatzen zelako. Euskal Herriko Nekazarien Ganbarak antolatutako ekintza da azoka hau.

Bertara 46 bat herritar gerturatu ginen, eta beste hainbeste Aiherratik.

Goizeko 10:00ak inguruan iritsi ginen Miarritzera. Aiherratik etorri zirenekin elkartu eta, ongi-etorria eman zigun denoi feria honen zuzendariak.

Ondoren, agurren artean, `aperitive´ bat, kafea eta bizkotxoa tartean, hartu genuen. Gero, ferian zeuden postuetatik ibili ginen, bata zein bestearen azalpenak entzunez. Bertan frogatu genuen jakin bai, baina oso gutxik erabiltzen duela euskara.

Bertan bazkaldu genuen, eta ondoren euskal kirolak ikusteko parada ere izan genuen. Hala ere, aurten, bazkalosteko kantuak eta dantzaldia faltan bota ditugu.

Datorren urtean 34 garrena izango da, Antzuolan.


LURRAMA
 ONGI ETORRIA ZUZENDARIAREN PARTETIK
 FERIXALEKUAREN ARETOTAKO BAT
 SAGARDOA EGITEN
 ARDI ETA TXAKUR LEHIAKETA

 BAZKARI ORDUA DENOK BATERA
 BAZKARI ORDUA DENOK BATERA
 FERIAREN LELOTAKO BAT: NEKAZARITZA JASANGARRIA EZINBESTEKOA DA
 TRIKITILARIAK

MANEX BURU GORRIA, AIHERRAN BAZKATZEN DUEN ARDIA
AIHERREKOAK DIREN BEÑAT, MIXEL ETA MAITEK ERABILTZEN DUTEN ARDI MOTA DA LATXA BURU GORRIA

ALPEETAKO AHUNTZA


Baina ustegabeak ere izan genituen, izan ere dantza talde bat aritu zen zertan eta, urtero Antzuolako karnabaletan egin den sorgin dantza egiten. 

SORGIN DANTZA MIARRITZEN (2017/11/11)

Iturriak:


2017/11/12

MAROKOKO GERRA (1859-1860) ETA ANTZUOLA


“Despues de ver el resultado final del sorteo se acordó fijar en la pared exterior de la Casa Consistorial la lista de mozos que salieron en suerte para el cuerpo espedicionario de África, y que es la siguiente: Domingo Joaquin de Garitano; Jose Ambrosio de Galfarsoro; Ilarión Juan de Cortabarria; Blas de Zabaleta; Jose Martin de Igarza; Ignacio Maria de Azcarate; Jose Francisco de Ibarguren; Jose Francisco de Arana Lamariano; Manuel Jose de Lascurain; Martín de Unanue; Vicente de Eguren; Jacinto de Larrañaga”.




  AKORDIOAREN AKTA (1859/12/29)

Zer dela eta hamabiko zerrenda hau? 

Gerra hotzak nabarmendu ziren 1859ko bukaeran, Afrikako Gerra, Espainiar-Marokoar Gerra edo Tetuango Gerra Espainiako erresumak eta Marokoko sultanerriak 1859 eta 1860 artean izandako gerra izan zen, 1860ko apirilaren 26ko Wad-Raseko itunak amaitu zuena. Iparraldeko Marokon egina, Ceutako mugari buruzko gatazka batek sortu zuen. Tetuango eta Wad-Raseko guden ondorioz, Marokok amore eman zuen eta arestian esandako Wad-Raseko ituna sinatu zuten. Itun honen bitartez, Marokok Ceuta eta Melillarekiko espainiar burujabetza onartzeaz gain, Sidi Ifni eta 100 milio pezeta eman zizkion Marokok.

http://www.zumalakarregimuseoa.eus/eu/images/ZM_Afrika_AG04.jpg
Afrikako kanpaina

Bitxia ere bada, garai hartan gertatu zena. “Afrikako gerran Lehenengo Karlistadan etsai izandako asko batera aurkituko ditugu. Karlistarik sutsuenak beste altxamendu bat prestatzen ari ziren eta, noski, ez zeuden kanpoko gerretan parte hartzeko prest. Baina Bergarako Hitzarmena onartu zuten zenbait karlista, aurrez etsai izandako liberalekin borrokatu zuten `moroen´ aurka”.

Foruak oraindik indarrean zeudenez mendebal euskaldunek ez zuten espainiar armadan parte hartzen pake garaian (Nafarrek galdua zuten abantaila hau 1841.eko legearen ondorioz), baina gerrak eztanda egin bezain laister hiru probintzietako Diputazioek lehen bait lehen laguntza eskaintzea komeni zela iritzi zioten. Bergaran bildu ziren azaroak 4ean eta 3.000 soldaduz osatutako lau tertzio osatzea erabaki zuten.

Hasieran tertzioak boluntarioekin osatzen saiatu ziren baina, nahikoak biltzen ez zirenez, zozketatu egin behar izan zituzten.  Lehen Tertzioa arabarrez osatu zen, bigarrena gipuzkoarrez, hirugarrena bizkaitarrez eta laugarrena Bergara eta Markina inguruko jendez. Pasaiatik irten ziren urtarrilak 29an Carlos María Latorre jenerala buru zutela eta itsas bidai gogor baten ostean iritsi ziren Cadizko San Fernandora. Bertan Latorrek soldaduak trebatzen jarraitu zuen otsailak 27an Afrikara iritsi ziren arte.

Azaroaren 6an Gipuzkoako Diputazioaren ez ohiko batzarrak Espainiako Erreginak bidalitako eskutitza baten bitartez, gerra deklaratu zitzaion Marokoko erregeari “reclamando la honra de nuestra Patria tan indignamente ofendida, y las Cortes de la Nación han respondido entusiastas al llamamiento guerrero de nuestra augusta soberana. Que ha llegado por lo tanto, el momento en que Guipúzcoa consecuente con lo que reclaman sus deberes para con la Madre Patria… dé una solemne prueba de los sentimientos de españolismo de que se halla animado el corazón de sus hijos, tomando parte en la … lucha … a vengar sus agravios y a llevar a África la refulgente antorcha  del cristianismo y la civilización… por lo que llama a la Junta Particular de Tolosa…”.

Euskal Tertzioak

http://www.zumalakarregimuseoa.eus/eu/images/ZM_Afrika_AG11.jpg

Azaroaren 18ko udal batzarrean adierazten da Tolosan egindako batzarrean, hilaren 10ean esandakoaz eta erabakitakoaz:

1º. Hiru euskal probintziek lau miloi errealeko dohaintza egitea; 2º jendeak gerran parte hartzeko edo alistatzeko deia egitea; 3º hiru mila soldadu izango duen tertzioa osatzea.

Guzti hau martxan jartzeko komisio bat ere antolatu zen, baita herriko parrokian meza bat ere “para implorar la bendición del Altísimo en favor de las armas españolas”.

Aldi berean alistatu beharrekoen baldintzak zehaztu: ezkondu gabekoak eta seme-alaba gabeko alargunak, alde batetik, eta 20-30 urte bitartekoak bestetik, jarri ziren. Guztiak "formación de la brigada vascongada". 

Izena emandako bakoitzari 2500 erreal emango zitzaion gerra irauten zuen bitartean soldata gisa: 500 izena ematerakoan eta 2000 gerratik bueltan. Hilgo balitz bere zuzenekoren bati  emango zitzaion dirua. Aldi berean, baina, 18-20 eta 30-40 urtekoak ere zerrendatuko ziren, behar bazen bere beharra aprobetxatzeko. Gipuzkoako probintziaren biztanleak aintzat hartuta, bada, Antzuolari 12 gizon zegozkion.

Eskaeraren baldintzen araberako erroldak egin zen, eta herrian hauek izan ziren aukeratitakoak: 20-30 urtekoak 88, 18-20 urte bitartekoak 32 eta 30-40 urte bitarte, berriz, 11. Hamar bat berriz, baztertuak izan ziren.

 AKORDIOAREN AKTA (1859/12/29) 

Erreserban geratu ziren 18-20 eta 30-40 urte bitartekoei nahiz beste hainbat herritarrei ere dirulaguntzak eskaintzeko aukera zabaldu zitzaien Udalak.

Abenduaren 29an egin zen zozketa. Kontuan izanda erreklamazioak eta, guztira 76 sartu ziren zozketa pitzarrean. Egun hura ez zen izan lasai egotekoa, izan ere gerrara joateak kezka bat baino gehiago sortzen zuen herrian, eta badakigu adibidez zozketa egunean etorri zirela udal aretora “un gran numero de mozos con sus padres”.

Egoera hartan hasi zen zozketa, aldez aurretik idazkariak bera nola izango zen jendeari adieraziz. Alegia, idazkariak zozketan sartzen ziren bakoitzari zenbaki bat emanez, paper zuri batean joan zen zenbaki hori jartzen. Ondoren, beste paper zuri batean, zozketatuko zituztenen izen abizenak jarri zituen. Denak tolestuz bi pitxar desberdinetan sartu zituen bukatzeko. Gero, herriko bi umek atera zituzten paperak. Horrela: 8 urteko Fernando de Olaranek izen batekin zegoen paper bat atera eta alkate ordeari eman zion; beste hainbeste egin zuen Juan Cruz de Telleria izeneko haurrak, baina zenbakiekin. Halaxe azaldu zen 76ko zerrenda, eta lehendabiziko 12ak izan ziren aukeratuak.

Baina antzuolarrak iritsi orduko, edo Euskal Tertzioak Afrikara joaterako, azken borroka nagusira baizik ez ziren iritsi. Martxoak 23an Wad Raseko batailan parte hartze garrantzitsua izan zuten, 2 hildako eta 34 zauritu jasanez. Biharamunean marokoarrak pakea sinatu zuten. Euskal Tertzioak maiatzaren hasieran itzuli ziren Euskal Herrira, hirietan garaipen arku, musika eta loreen arteko harrera izanez.

Iturriak:


2017/11/04

INTSUMISIO MUGIMENDUA ANTZUOLAN


1980. hamarkadan militarren kontrako mugimendu sendoa sortu zen Euskadin. Mugimendu honetan sentsibilitate askotarikoak elkartu ziren: bakezaleak, antisistemak, kristauak, abertzaleak … biolentziarik gabeko ekintzak sustatuz. Denak helburu bakarrarekin: derrigorrezkoa zen zerbitzu militarrari uko egitea.

Honen bueltan, bi izan ziren une hartan antolatutako mugimenduak: 

1. KEM-MOC edo Kontzientzia Eragozpen Mugimendua, 1970eko hamarkadatik Espainian eta Hego Euskal Herrian militarismoaren aurkako kontzientzia eragozpen mugimenduaren ardatzetako bat izan zena,eta

2. Kakitzat  edo Euskal Herriko Koordinakunde Antimilitarista 1980ko hamarkadan Gipuzkoan sortu eta Hego Euskal Herriko hainbat herritan aritu zen erakundea.

Gipuzkoako KEM talde batzuk han eta hemen antolatu ziren(Orereta, Azkoitia...) eta elkarlanean hasi ziren,  Gipuzkoako Koordinadora Antimilitarista sortuz.

Ondoren, Koordinakunde horretako hainbat taldek Kakitzat sortu zuten. 1980ko hamarkada bukatu baino lehen Bizkaian, Nafarroan eta Araban Kakitzateko talde berriak sortu ziren.

Hauek partidu eta ideologia desberdinetakoen laguntza izan zuten, eta eguna joan eta etorrian ugariak ziren Gobernu Militarretako ateetan-eta lotzen ziren gazteak, soldaduzkara joateko deiei uko eginez. Errepresioak ez zuen egoera konpondu; are gehiago, jendearen atxikimendua mugimenduari gehituz joan zen.


Iturria: By Ezezaguna - http://ekinklik.org/es/reportajes/91-intsumisioa.html, CC BY-SA 3.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=21079392

1984ean, berriz, Ordezko Zerbitzu Sozialari (gaztelaniazko sigletan, PSS) asmatu zuen Felipe Gonzalezek, une hartan Espainiako Presidente zenak, soldaduzka egin ordez intsumisoei komunitateari begira ordezko beste lan batzuk eskainiz. Horrek ekarri zuen pikareska bat non elkarte, erakunde eta beste hainbat sektorek ziurtagiriak egiten zituzten gazteek lan komunitario horiek eginda bezala agertzen zirenak.

Hala, egoera anakronikoak bultzatuta-edo, 2002ko urtarrilaren 1ean onartu eta kendu zen derrigorrezko zerbitzu militarra Espainian.

 ANTZUOLAKO INTSUMISO TALDEA

1992an kaleratu zen Antzuolan "HI MAIRU!" aldizkaria. Besteak beste, Antzuolako intsumisoen adierazpen iturria ere izan zen
(Iturria: 1992ko aldizkariaren lehen alea?)

Antzuolan ere presentzia sendoa izan zuen intsumisioak: 1997an hogeita hamarretik gora daude, tartean epaiketan ere, eta herriko Udala bera ere intsumisoa, alkate bi ere epaituak, eta tartean ekintza ugari … 
Gogoratzea besterik ez dago urtero ateratzen zituzten kamisetak, jaiero txosnak, hitzaldiak … edota "HI MAIRU!" aldizkarian herriko gaztediak egindako aldarrikapenak.

1994tik aurrera Intsumisio Eguna antolatzen hasi zen Kakitzat. Intsumisio Egunak honako herri hauetan egin ziren: Oiartzun, Bermeo, Berriozar, Agurain, Usurbil eta Abadiño. Usurbilen egin zen soldaduskaren amaiera jaia, eta 2001ean Bilboko Erakustazokan ere bai. 

Oraindik ere sinestea ez bada batere erraza, gaurko garaiak doazen bezala ikusita, gazte mugimendu hura gai izan zen une hartan botere faktiko handiena zen militarren aurka joan eta era baketsuan derrigorrezko soldaduska gainetik kentzeko. Bejondeiela!

Garai hartako herriko "giroa" antzemateko, hona hemen aipatutako aldizkarian itsumisioaz agertutako hainbat albiste:

 1997ko "HI MAIRU!" ALDIZKARIAREN 7. ALEA
 
 
 
 
 

  1998ko MAIATZA: "HI MAIRU!" ALDIZKARIAREN 8. ALEA ETA ANTZUOLAKO INTSUMISIO MIGIMENDUA

Iturriak:

  • "HI MAIRU!" hainbat ale (1, 7 eta 8. zenbakiak).
  • IRINMODO aldizkaria (1997, 1998ko urtekariak).
  • WIKIPEDIA (Ikusi `intsumisoa´).


2017/10/28

FLYSH FORMAZIOAK ANTZUOLAN (II) : AIZPEKOLA-TRENBIDEAN

Antzuola ez da Zumaia, ez dauka itsasorik ezta `flysh´ erako itsas bazter ederrik ere. Beraz, ezta geologoek lurraren historiaren 60 milioi urtetik gora irakur dezaketen elkarren segidarik ere, baina badauka han eta hemen harri mota honekin lotutako gune bat edo beste. 

`Flysh´ aztarnarik ikusi nahi izanez gero, trenbidea hartu eta Galartza baserritik gertu aurkitu ahal izango dugu bat; Aizpekola tunelera ailegatu aurretik (eta ondoren) hain zuzen ere. Bertan, eraketa geologiko honekin lotutako paisaia ikusteko aukera dugu, Bergara eta Antzuola mugarrien artean sortutakoa dena.


AIZPEKOLA: FLYSH FORMAZIOAK TRENBIDEAN  
(GALARTZA AUZOA)


AIZPEKOLA TUNELA
SARRERA AURRETIK PASATZEN DA BERGARA ETA ANTZUOLAREN ARTEKO MUGARRIA

Flysch-a arroka sedimentario sekuentzia bat da, ozeano sakoneko orogenian garatu zena. Geruza gogorrak (kareharria, arbela edo hareharria) eta bigunak (margak eta buztinak) tartekatzen dira eta tolesdura geologikoak direla-eta geruzok bertikalak edo zeiharrak dira. Egoera ez-horizontal honek higadura errazten du, geruza ugari agerian utziz.

Ez dugu ahaztu behar ere badagoela beste gune bat Iraeta tunelean (kontuz, gaur egun itxita dago eta!).

 
 IRAETA TUNEL BARRUAN DAGOEN `FLYSH-A´





2017/10/21

ANTZUOLARRAK AMERIKETARA XIX. MENDEAN

Behin edo behin komentatu dugu etorkinen kontua ez dela euskaldunentzat fenomeno arrotza, izan ere gu geu etorkinak izan garelako XVI. mendetik hasi eta XX. mendearen erdi aldera arte. Bada zerbait, ezta?

Jendeak ez zuen nahita alde egiten bere jaioterritik, beharrak hala bultzatuta baizik, eta, gurea, Bizkaia eta Gipuzkoaz ari naiz bereziki, oso lur antzua zen herrigune eta baserrietan bizi ziren herritarren beharrak asetzeko. Horregatik, gosea saihesteko eta diru bat irabazteko, alde beharra izan zuten herritarrek: Kuba, Argentina, Peru, Mexiko ... izan ziren joandako antzuolarren destinoak.


 LICENCIA PARA PASAR A ULTRAMAR 

Joandako askoren berriak badauzkagu artxiboan, beste askorenak, berriz, ez, betirako galdu dira. Guk, honetan, XIX. mendean alde egindako herritar batzuen berri izango dugu, eta horretarako hainbat dokumenturen lekukotza ere erabiliko dugu, hau da, 1841etik hasi eta 1860ra doazenak, hain zuzen ere. Lagin bat besterik ez da, baina adierazten duena garai hartan herrian bizi zen egoera ez zela oparoena. Jendeak alde egin behar izan zuen arrazoi desberdinak tartean:

DATA
DESTINOA
NOR
1840/09/16 LA HABANA JUAN BAUTISTA DE UNANUE
1840/10/09 MEXIKO (DOLORES) JOSE GABRIEL DE NARVAIZA
1841/06/18 MEXIKO DOMINGO DE ITURBE
1841/03/20 MONTEVIDEO JUAN CRUZ DE MADINA
1842/02/03 MONTEVIDEO PEDRO ANTONIO DE AGUIRRE
1847/09/25 LA HABANA IGNACIO DE ARAMENDI (EZKONDUA)
1856/08/23 BUENOS AIRES MANUEL DE AZCARATE (AROTZA)
1859/10/29 BUENOS AIRES SEBASTIANA IDELFONSO DE AGUIRRE
1860/02/05 LA HABANA JOSEFA DE AGUIRRE (22 URTE)
1860/01/26 PERU JOSE YGNACIO DE ARCELUS

Beraz, kasu bakoitzean dakigu  nor zen joan behar izan zen herritarra eta nora; hainbatetan baita bere adina eta lanbidea ere. Aldi berean jakingo dugu beste hainbat kontu, izan ere joan aurretik aitortza batzuk egin behar izaten zituztelako, besteak beste ez zutela inongo zigor penalik ezta beste betebeharrik ere lurraldean. Zerbait izanez gero, ezinezkoa egiten zitzaielako joaterik. Alegia: “deviendo para obtener el correspondiente pasaporte dar fianza de no tener en el pais compromiso alguno de ninguna clase que le impida ausentarse”. 


 NORABIDE BAT: 
CIUDAD DE MEGICO


Bide batez, joaten zenaren kargu ere egin behar izaten zen senidetako bat, eta bere gain hartuz zetozenak. Alegia: “no trata de substraerse a ningún procedimiento judicial, ni tiene compromiso, ni impidimento que obste su marcha, ni fuero militar, pero si acaso lo tubiere se obliga el otorgante como su fiador que por tal se constituye a responder…”. 

Hauek izan ziren, adibidez, joan zirenen fiadoreak:
  • Domingo de Iturbek bere aitaren baimena, Pedro Antonio de Iturberena, lortu zuen. 
  • Pedro Antonio de Aguirrek bere anai nagusia zen Antonioren onarpena izan zuen. 
  • Jose Ygnacio de Arcelusek, ezkondua, Jose Antonio de Ugarte, Raimundo de Leturiak eta Jose Ignacio de Arangurenek hartzen dute bere gain.
  • Josefa de Aguirrek, ezkondu gabekoa, Juan Jose de Urangak, Pedro de Arinek eta Jose Letek eman zuten bere fidantza. 
  • Jose Domingo de Azcaratenak, berriz, Fermin de Madariagak, Manuel de Letek eta Javier de Arruek. 
  • Sebastiana de Aguirrenak, Jose Antonio de Murguiak, Esteban de Larrañagak eta Manuel de Lamarianok.     
  • Ignacio de Aramendik, bere emaztea zen Josefa Pablo de Aguirrerenak. 
  • Juan Bautista de Unanuek bere ama zen Maria Josefa de Oruek. 
  • Juan Cruz de Madinak, bere gurasoek eman zuten: Ygnacio de Aramendik eta Josefa Pablo de Aguirrek.
 ESCRITURA DE FIANZA



Arrazoiak joateko zeintzuk ziren? Adibidez, Jose Ygnacio de Arcelusek garbi dauka: “a labrar su fortuna”. Arrazoi bera adierazten dute Jose Domingo de Azcaratek edo Sebastiana de Aguirrek. Ignacio de Izaguirrek, berriz, ez dakizkigu zeintzuk, baina “arreglar negocios de familia”. Badago joaten dena “a reclamar la herencia de Antonio de Orue, su tio, vecino que fue de Matanzas”. 

Batzuk inongo loturarik gabe joaten baziren ere, bazeuden batzuk Ameriketan senideak zeuzkatenak. Adibidez, 
  • Domingo de Iturbek bere lehengusua zeukan Mexikon: Gabriel de Iturbe. 
  • Edo Sebastiana de Aguirrek Buenos Airesen zeuzkan bi anai: Jose eta Domingo de Aguirre. 
  • Ignacio de Aramendik La Habanan omen zeukan zain Ignacio de Izaguirre. 
  • Juan Cruz de Madinak, adibidez, “en llamamiento de sus parientes”
  • Jose Gabriel de Narvaizak bere senidea zen Francisco Antonio de Larrinuak deituta.

Normalean ezkondu gabekoak baziren ere, badago kasu bat bera familiarekin, emaztearekin, joan zena: Jose Ygnazio Arcelus.

Edo emaztea Antzuolan laga zuena ere badago: Ignacio de Aramendi.


BESTE NORABIDE BAT: CIUDAD DE MONTEVIDEO
 

Gizonezkoak baziren ere nagusi joaten zirenak, Maria Josefa de Aguirre bakarrik joan zen Perura. Edo Sebastiana de Aguirre Buenos Airesera.

Herritar ausartak, haiek!!!

Iturriak

  • Antzuolako Artxibo Historikoa. Paper solteak.



 

2017/10/14

ERRUKIZKO AMAREN PARROKIAREN ALDAREA (V). SAN ESTEBAN



 SAN ESTEBAN (XVII. MENDEA). 
Harriak, eta galduta duen palma (apurtuta)

Parrokian badago irudi bat zer ikusi duena Gabonetan, herrian, ospatzen den jai batekin: San Esteban edo txikitero eguna bezala izendatzen denarekin. 

Parrokian baina, ez dugu San Estebani eskainitako aldarearen inguruan informazio handirik. Lehen aipamena 1652koa da. Eretaula eraikita zegoela ordurako jakinekoa da, izan ere maiordomoak aldarea urreztatu zedila agindu zuen. Beranduago, 1666an egindako inbentario baten arabera ere azaltzen zaigu nola zeuden kandelero batzuk “para el altar del Rosario y San Esteban”.

Eta 1696ko inbentarioan, berriz, horrela azaltzen zen: 

“En el altar de San Esteban, su efixie de escultura en su retablo y nicho, sobre dorado y pintado; y enzima del dicho nicho una pintura de San Juan Bauptista, y a los lados las de Santiago menor y San Bartolome”[1]

Beraz, aldarerik ez daukagu baina bai jatorrizko irudia.


[1] Iturria: “Ymbentario de los bienes, papeles y demas cosas que la Yglessia Parrochial de Nuestra Señora de la Piedad de esta villa de Anzuola tiene en ser al pressentte”: Tercer libro  (1680-1730) de la fábrica de la Piedad. Eclesiásticos atala:  CLXXXI liburu sorta  Antzuolako Artxibo Historikoa. Antzuolako Udala