2017/05/06

ANTZUOLAKO LANTOKIAK (VII): ELORZA-ETXANIZ KOLERIXIA

Ez dakit belaunaldi berrien artean zenbateraino ezaguna den gaur industria jarduera hau. Agian batzuek jakingo dute badagoela herrian “Kolerixa” izeneko toki edo etxe bat; beste batzuk, berriz, bazegoela lantokiren bat kola edo xaboia ere egiten zena ... Gu geu jarduera honen aztarnen bila ibili gara, eta Iñaki Elorzarekin hitzordua itxiz, hitz egiten hasi gara.

Jorge Elorza Barrena

Beti entzun dugu Antzuolan larrua ez bakarrik baizik eta kola-gelatina ere egiten zela, izan ere, 1950ko abenduan, eskaera hau hartu zen udaletxean:

“Don Jorge Elorza Barrena, vecino de esta villa, solicita autorización para construir un edificio junto al casco urbano, o sea a 80 metros de la fábrica de curtidos de los Sres. Bareño Hermanos y al margen izquierdo del camino vecinal de Lizarraga para poder instalar en el mismo una fábrica de gelatinas para usos industriales... La Corporación acordó autorizarle... ya que con ello se beneficiam notablemente los intereses de esta villa” [1].

Beste udal dokumentu honek ere goian esandakoa baieztatzen digu:

“Según el acuerdo plenario del día 9 de diciembre de 1950, se concedió licencia municipal de instalación de una fábrica de gelatinas para usos industriales en la calle Lizarraga nº 15 a Colas Elorza”[1].


  Teodora Apaolaza

Beraz, urte horretan ekin zitzaion Lizarraga auzoan kola-gelatina egiteari. Horren bultzatzailea, berriz, Jorge Elorza izan zen, lehengusua zuen Florencio Barrenarekin lanean batera “Eztala” lantokian hasi zena, baina ondoren negozioa bere kasa jarri nahi izan zuena. 


 Pedro Etxaniz

Hala ere, 1958ko apirilean izandako zorigaitozko moto ezbehar baten ondoren hil zen Jorge Elorza, eta bere alarguna, Teodora Apaolaza, arduratu zen lantegiaz 1960ra arte. Urte horretan, Teodoraren bigarren senarra izango zen Pedro Etxanizek hartu zuen lantokiaren ardura, eta hortik hasi zen lantoki hau “Colas y Gelatinas Echániz. Sucesores Elorza” bezala ezagutzen.

1960ko estatistika batek zera diosku herriko langile kopuruaren inguruan:

INDUSTRIA LANGILERIA
1960. URTEA[1]
INDUSTRIA
LAGILEAK GUZTIRA
Hilaturas        
122
Olaran
34
Bareño           
11
Telleria Hnos
8
Galarza
7
Industrias Tellería
6
Avelino
5
Santos
5
Camacho        
6
Echaniz
2
J.Mª Lascurain
5
Emiliano
1
Mateo
1

1963an, berriz, kolak egiten zituzten Florencio Barrena eta Pedro Etxanizen lantokiak kaltegarriak bezala izendatuta zeuden, beste askoren bezala[1]:

ACTIVIDADES MOLESTAS, INSALUBLES, NOCIVAS Y PELIGROSAS existentes con anterioridad a la orden del 15 de marzo de 1963
TITULAR
ACTIVIDAD
EMPLAZAMIENTO
CALIFICACIÓN
Pedro Echaniz
Colas
Barrio Lizarraga
Molesta
Florencio Barrena
Colas
Estala aldea
Id
Olaran
Artículos de Latex
Plaza General Mola
Insaluble
Bareño
Curtidos
Calle Abajo
Id.
Galarza y Arbulu
Curtidos
Mártires de España
Id.
Santos Urriategui
Tornillería
Mártires de España
Normal
Talleres Asaba
Tornillería
Agustín Tellería
Id.
Talleres Elco
Tornillería
Calle Abajo
Id.
Eusebio Beiztegui
Tornillería
Mártires de España
Id.
José María Camacho
Trefilación y clavos
Calle Abajo
Insaluble
Emiliano Alonso
Trefilación y clavos
Calle Abajo
Id.
Tellería Hermanos
Trefilación de aceros calibrados
Mártires de España
Id.
Talleres Anzuola
Pasadores cónicos
Calle Abajo
Normal
Hilaturas de Vergara
Hilados
Antigua
Insaluble
Talleres Goizper
Taller mecánico
Mártires de España
Normal

1964ean, berriz, egoera konpentzeke zegoen, eta hauxek ziren errekara ur zikinak botatzen zituzten industriak Antzuolan [2]:

Fábrica
Clase
Lugar
Vertido
Galarza Hnos. y Arbulu
Curtidos
Mártires de España
300 litros diarios de agua mezclados con ácidos, cal, productos curtientes etc. Procedente de los depósitos de la fábrica de curtidos
Tellería Hnos.
Taller de calibrados
Mártires de España
50 litros diarios de agua mezclados con ácido de los depósitos de encapado.
Bareño Hnos.
Curtidos
Calle Abajo
300 litros diarios de agua mezclados con ácidos, cal, productos curtientes etc. Procedente de los depósitos de la fábrica de curtidos
Emiliano Alonso
Taller de trefilación
Bº de Lziarraga
50 litros con mezcla de ácido y agua, procedente de los depósitos de encapados.
J.Mª Camacho
Idem.
Idem
50 litros con mezcla de ácido y agua, procedente de los depósitos de encapados
Productos Estala
Fábrica de colas
C/ Abajo
Vierten aguas con mezcla de cal, ácidos al río; de 30 a 40 litros diarios.
Colas Echániz
Idem
Bº Lizarraga
Vierten aguas con mezcla de cal, ácidos al río; de 30 a 40 litros diarios.

1965ean bere jarduera erregularizatze aldera-edo, baimen eskaera ere egin  zuen Pedro Etxanizek: “En demanda de licencia municipal para la fabricación de colas y gelatinas que tiene puesta en marcha en el barrio de Lizarraga. Se acordó dar la autorización”[3].

1968-9ko estatistika udal paper batean zera aurkitu dugu garai hartako langile eta ekoizpenaren inguruan: “Pedro Echániz, colas, 2 operarios, producción anual de 600.000 ptas[1]. 

1969ko azaroan, berriz, eskaera berri bat egin zuen Pedro Etxanizek, eta pabiloiaz  gain lau etxebizitza egiteko baimena ere eskatu zuen, eta Udalak baiezkoa eman zion: “Don Pedro Echániz solicita licencia para construir en la Avda. De Lizarraga un pabellón industrial con cuatro viviendas... El presupuesto de la obra es de 1.732.016 ptas. Se le concede la autorización”[2].


Esan, 1998ko datuen arabera, Marikarmen Jauregi Goiak zeukala lantegia, ekoizpen honekin:
  • Kola-jelatina industriala modukoetan, ale;
  • sebo-industriala, kandela itxurako tutuetan eta 
  • eskuak garbitzeko pasta, 40 kg., bidoietan. 
Kola-gelatina industriala musika-tresnak egiterakoan piezak itsasteko, ardoa argitzeko eta diskoak leuntzeko baliagarria zen. Sebo-industriala, berriz, aluminioa, altzairu herdolgaitza, burdina eta abar leuntzeko da. 

 "ELORZA-ETXANIZ" KOLERIXIA

Datu guzti hauek aintzat hartuta, baina, Iñaki Elorzari elkarrizketa bat egitea erabaki dugu, eta bere oroitzapenak aintzat hartuta nahi izan dugu antzematea nolakoa zen ekoizpena. Hona berak esandakoa:

  Iñakik azalpenak ematen. 

“Gure lantokian kola (gelatina), xaboia, seboa eta apar-harria (pómez) egiten ziren bere garairik onenean, nahiz eta produktu izarra-edo, kola edo gelatina izan. Esan beharra dago garai hartan egindako produktu guztiak leunketa edo pulimendurako beharrezkoak zirela, eta bezeroak ere ugariak izan zirela inguruan: Legazpiko Patricio Echeverria, Ermuko Zubiondo, … batez ere forjan zebiltzan enpresak ziren, baina baita mahai-tresnak (cuberteria) egiten zituztenak ere ziren gure bezeroak, adibidez Gernikakoa (Dalia, Malta, Idurgo… lantokiak) edota Magefesa taldekoak (Derio, Arrasate, Soraluze, Apatamonasterio, Arabako Izarra…). 

Gutxi gorabehera 1980. urtean  laga zitzaion kola egiteari, eta ondoren seboa, xaboia eta apar-harria edo pómez-ari. 1998an inguruan itxi zen lantokia.

Seboa, kola eta xaboia 

Kola edo gelatina egiteko prozesua animalien larru eta haragi hondarrak edo karnaza erosi ondoren hasten zen. Larru eta haragi hondar hauek herriko larru lantoki edo kurtiderietan (Bareño eta Arbulu) nahiz kanpokoenetan -Beasaingo Olaran; Hernanin; Galdakaon; Durangon edota Foruan (Gernika)- lortzen zen.

Kola egiteko lehendabiziko fasea nahiko asto lana izaten zen, dena eskuz manipulatu behar izaten zelako, larru eta haragi hondarrak (karnaza) zetozenean orgatila edo karretilletan hartu eta deposituetara sartu behar egoten zelako. Deposituetan ura eta karea egoten zen, eta bertan haragi hondarrak kendu eta garbitzeari (ilea eta haragi puzketak) ekiten zitzaion. Horretarako sei  langile izan zituen enpresa honek bere garairik onenean: Jose Balda, administrazioa lanak egiten; Luis eta Juan izeneko anai bi, gero Arrasatera bizitzera joan zirenak; Eladio Sanchez, gero herriko aguazila izan zena, eta bere semea, Diego; Diego Acosta ere bai eta, ordu batzuk sartzen, Salvador Peña “Mañua”. Dena dela, gure ama Teodora ere lanean ibili zen, besteak beste seboa paperean batzen, baita gu geu ere, anai-arrebok.

Bonboa

Behin haragi hondarra karearekin nahastuta ur deposituan, eta neurri batean garbituta, larru onenak bonbora eramaten zen, bertan azido klorhidrikoarekin nahastuta. Bertan lagatzen zen egun bat-edo larrua bigundu arte. 

Ondoren, molinetean sartzen ziren zati txikienak, eta berak bi norabidezko zeuzkan egurrezko pala batzuekin pasa eta gero, masa bat bezala geratzen zen. Larru hondar handiak, berriz, bonboan egiten zen tratamendua.

Galdara

Behin garbituta, ur bero galdaretara. Han egosi egiten zen larrua. Behin hau egin eta gero beste ur depositura joaten zen. Han, latazko ontzi batzuetan sartzen zen produktua, eta gogortzen hasten zen kola edo jelatina.

Baina ez zen horretan bukatzen prozesua, izan ere, uretatik atera eta sikatu behar izaten zen, eta horretarako ikatzez hasieran, eta gero fuel olioz funtzionatzen zuten galderen bidez armairuetan edo kameratan sartzen zen. Produktua karrotxoetan sartuta, kola sikatzen hasten zen, horretarako 28 gradu gutxi gorabehera berotutako uraren lurrunez eta bentiladoreak erabiliz. Gehiago ez, bestela kola jausten hasten zen. Sargori egiten zuenean ere zaindu beharra egoten zen tenperatuta, izan ere hezetasun handia egoten zen. Aipatu dugun armairu edo kameratan pare bat egun egoten zen kola sikatzen.

Kola-gelatina

Kolaren azken aspektua da gelatina, oso malgua dena, eta gure kasuan, janarietarako ez, baizik eta musika tresnetarako, edota ardoa argitzeko erabiltzen zen. Hala ere saiakera bat egon zen janarirako ere izateko, baina froga bakteriologikoak egin ondoren ikusi zen ezinezkoa zela, izan ere makinaria guztia inoxidablea izatera behartzen gintuelako. Eta hori inbertsio handia zen.

Molinetea

Hala ere, gelatina-kola mota desberdinak ere ateratzen ziren bonbo eta molinetetik. Alegia, lehen salda zena, onena izaten zen, baita garestiagoa ere, eta barretan edo plaketetan ateratzen zen. Bigarren saldaren bitartez ateratzen zena, ostera, kalitatez kaxkarragoa zen eta merkeagoa eta txikituta saltzen zen.

Ez zen aparteko gaizotasunik-edo egoten lan honetan, eta istripu handirik ere ez.

Jantziak ere ez ziren apartekoak, ez bazen haragi hondarrak zetozenean eta bere manipulaziorako erabiltzen ziren katiuskak; edota seborako amantala.

Esan bezala, ura oinarrizkoa zen prozesuan, eta bera Lizarraga errekatik, etxe aurrean dagoen zubi gaineko ur saltotik hartzen zen ura (garai batean baita Bareño lantokian ere). Bide batez, prozesuan kareaz erabilitako ur guztia, tartean haragi hondarrak, azido klorhidrikoa eta batzuetan sulfurikoa ere, errekara botatzen ziren, eta, nahiz eta lantokia ixteko agindurik ez izan, arazo larria izatera iritsi zen; herriko kolektorea egin aurretik behinik behin.
Lantokiaren jabetzak ere aldaketak izan zituen. Sortu bazuen Jorge Elorzak, bera hil ondoren amak (Teodorak) eta gero bere senarra izango zen Pedro Etxanizek hartu zutelako lantokia, bera 1975ean hil zen arte. Orduan, seme-alabek, baina batez ere Iñakik bere gain hartu zuen lantokiaren kudeaketa.

Benetako krisia duela 35-40 urte etorri zen, batez ere pulimendurako sistema aldatu zenean. Orduan makina automatikoak erabiltzen hasi zirelako. Eta hauek errazago eta finago egiten zuten lana.

Esan bezala kola laga eta seboarekin jarraitzea erabaki zuen lantokiak. Baina baita xaboia eta pomezarekin ere.

Marikarmen Jauregi

Xaboia lortzeko sosarekin nahastutako seboa erabiltzen zen. Irekitan jarri eta sei bat ordutan jartzen zen egosten galdara batean. Noizean behin bueltaren bat eman eta handik likitsua ateratzen zen, karamelu kolore itxurakoa. Gero moldetan sartu, eta ondoren pinuarekin zerrautsekin nahasten zen, eta ez beste egur motarekin, izan ere taninorik ez duenez pinuak ez zion kolorerik aldatzen. Zerrautsaz gain beste batzuetan baita harea ere, batez ere pulimenduan-eta ibiltzen zirenen eskuak garbitzeko hobeagoa zelako. Xaboi hau forjetara-eta bidaltzen zen batez ere.

Beste produktu bat, apar-harria edo pomez-a zen. Denok dakigun bezala harri bolkanikoa da, baina beste era baten lortzen zena lantoki honetan. Fundiziozko harea porlanarekin nahastu ondoren, beroarekin finkatu egiten zen. Hasieran bere kasa sikatzen lagatzen bazen ere, gero bero artifiziala erabiltzen sikatzen zen.  Gogortasunaren arabera, hiru mota zeuden: erdikoa normala izaten zen. Gogorra (ale handiaz egiten zen); eta mehea (ale finagoa). Adibidez, fina Eibarko CASCO izeneko lantokiak erabiltzen zuen”.

 
 

Eskerrik asko Iñaki Elorzari emandako informazio eta erraztasun guztiagatik





ERANSKINAK 
GELATINA-KOLIA LORTZEKO ZORTZI URRATS
  1. Kurtiderixa edo larrulantokira (Bareño, Arbulu …) joan eta bertan makinak moztutako larru hondarrak batu eta ekarri. 
  2. Ura eta karea duten depositoetara sartu. 
  3. Bonbora edo molinetera sartu.
  4. Galdaretan sartu.
  5. Ateratako salda latetan sartu, hoztu arte.
  6. Latetako jelatina xerrak eginez moztu eta galbaetan jarri, hartu gurditxoetan eta ...
  7. Sikaderoetara, bertan gelatina sikatu zedin.
  8. Atera eta azken produktua plaketan edo puzkatuta komertzializatu.
GELATINA-KOLA ETA GAINONTZEKO EKOIZPENA EGITEKO LANTOKIAREN OINPLANOAK SOLAIRUKA

 
 JORGE ELORZAK ERAIKITAKO ETXEAREN OINPLANOA. 
1951. URTEA.
“PROYECTO DE VIVIENDA SOBRE DOS PLANTAS INDUSTRIALES”
 

GAUR EGUNEKO ETXE BERRIA/KOLERIXANEKUA




[1] Industrias en al año de 1969. Correspondencia 1968. Legajo. Informe destinado a la Jefatura Provincial de Protección Civil, a San Sebastián. 
[2] (1969-11-14. Actas y Acuerdos, 1965 a 1969, libro 21, folio 196). 
[1] ACTIVIDADES MOLESTAS, INSALUBRES, NOCIVAS Y PELIGROSAS existentes con anterioridad a la orden del 15 de marzo de 1963. Correspondencia 1968. 
[2] “Relación de industrias que vierten al río”. Legajo 19, Correspondencia de 1964. 
[3] Pedro Echániz Larrea (1965-02-13),  Actas y Acuerdos, 1960 a 1965, nº 20, folio 198). 
[1] INDUSTRIAS EN 1960. Legajo 16, Correspondencia 1961. 
[1] Colas Echániz. Legajo 37, Correspondencia del año 1976. 
[1] Apertura de fábrica de gelatinas “Elorza”  (1950-12-09) (Actas y Acuerdos, 1948 a 1954, libro 18, folio 69).

No hay comentarios:

Publicar un comentario