2017/06/24

ERRUKIZKOA AMAREN PARROKIAREN ALDAREAK (IV): ARROSARIO AMA




Arrosario Amari eskainitako aldarea. 
XVIII. mendekoa

Lehendabiziko datua. 1631ean Kalagorri eta Galtzadako Gotzaia zen Miguel de Ayalaren oniritziarekin iritsi zen herrira Armeniako Artzapepizkua (dokumentuek ez digute bere izenik esaten). Badakiguna da bere etorrera aprobetxatu zutela herritarrek Uzarragako San Juan aldarearen oinarria eta Errukizko Amaren parrokiako beste bi (Santo Kristoren eta Arrosario Amaren aldare oinarriak ere) bedeinkatzeko edota kontsagratzeko. Beraz, urte horretarako pentsa genezake eraikita zegoela aldarea.

Bi urte beranduago baina, 1634ean, parrokiaren aldare bezala aipatzen da inbentarioetan Arrosario Amarena [1].

1696ko beste aipamen batek, horrela azaltzen digu Arrosario Amaren aldarea:

"En el altar del Rosario, la imagen de la Virgen Santisima en su anda y retablo, sobre dorado, y para remate un Santo Christo. Sobre la puerta de la sacristia una pintura de la Virgen de la Piedad, con su marco dorado".

Ehun bat urte beranduago, berriz, 1730ko irailaren 10ean, eta eliztarrek egindako batzar batean hartutako erabaki baten arabera zehazkiago esanda, zera agindu zen: “un nuevo altar, y bulto y colateral para Ntra. Sra. Del Rosario... por estar carcomido”[2]

Urjentziazko lan bat zenez, enkantean edo obra zuzenean norbaiti eskainita aukeran ematea erabaki zen egin beharreko obra . Gaur egun, Errosario Amaren irudia (baina ez garai honetan egindakoa) eta aldarea, sakristiaren sarrera inguruan aurkitzen da.

Are gehiago, ondoren parrokian egingo ziren beste hainbat erretaularen eredua ere izango zen orain aipatu eta goiko argazkian ikusten dugun aldarearen trazadura.


[1] Idem
[2] Junta de Parroquia (10-09-1730): Tercer libro  (1680-1730) de la fábrica de la Piedad. Eclesiásticos atala: CLXXXI liburu sorta  Antzuolako Artxibo Historikoa. Antzuolako Udala.

2017/06/18

LASKURAIN ERROTA

"Don Santiago de Ceballos y Plaza y Doña Venancia de Amurrio y Arratabe, consortes legítimos, propietarios y mayores de edad, vecinos de Labastida de la provincia de Álava ... Que la Doña Venancia de Amurrio y Arratabe por herencia de su finada señora madre, Doña Juliana de Arratabe y Aguirre, que falleció en diez y nueve de septiembre de mil ochocientos sesenta y uno, es dueña y se halla en posesión de las caserías de Lascurain-aundia y Lascurain molino con todos los pertenecidos, radicantes en jurisdicción de esta villa de Anzuola".

Halaxe hasten da Antzuolan 1876ko abuztuaren 8an idatzitako jabego ziurtagiria. Ez dut uste Lizarraga auzoan dauden Laskurainandia eta errotak aurkezterik merezi dutenik. Hala ere, bere inguruetara joaterik baduzue konturatuko zarete, inguruko pinadia moztuta, agerian geratu dela Laskurain errota. Berau aprobetxatuz, bere aztarnetara hurbiltzeko aitzakia izan dugu, baina ez dagoeneko "Antzuolako baserriak eta errotak" liburuan dagoena errepikatzeko, baizik eta goian aipatu dugun dokumentua eta 1929n Nikolas Bizkarrondok idatzitakoa aprobetxatuz, ezagutzen ez ditugunak adierazteko.


 LASKURAIN ERROTAREN AZTARNAK AGERIAN

Hala da, 1876an egindako dokumentua aprobetxatuz, ikusiko dugu nola deskribatzen diren errota honen egoera eta lur jabetzak: "Es un edificio de una vivienda y su construcción moderna, hallándose en un estado regular de conservación".

Eraikina modernoa, bai, dakigulako XIX. mendearen hasieran berriztu zela-edo, baina antzinako aztarna historikoak zituena; izan ere bere lehen aipamen historikoa 1586koa da.

Aldi berean esaten digu dokumentuak zera:

"Existen dos piedras hidraúlicas y demás untesilios indispensables de un molino (h)arinero; y además otras separada de las anteriores en otro edificio pequeño cerca del anterior. Miden ambos edificios de planta solar, juntamente con una tejabana intermedia a aquellos y otra casa pequeña que se halla en frente separada de las anteriores por un camino, una área y noventa y un centiáreas".

Errotagaina eta errotarriak Laskurain errotan.

Beraz, hemen jakinarazten digute bi errotagain eta errotape zeuzkala errotak, eta bakoitzean errotarriak. Dokumentu hau ere interesgarria da errota honek zeuzkan lur jabetzak adieratzen dizkigulako, eta ez bakarri "echeburua", "echeaurrea" eta "echeostea"n, baizik eta baita "Altisacona" gaztainadia eta beste gaztaina, haritz eta pago batzuk "Aquinibay-burua"n, berau "Basaichi" eremuan.

Kontua da, esandako jabetza ziurtagiria herriko udalak onartu zuela 1876ko abuztuaren 6an, Jose Marcelino Laborda alkate zela. Aurretik, baina, 387 erreal eta 84 zentimo ordaindu behar izan zituen tasa bezala arestian aipatu dugun Venancia Amurriok, errotaren jabeak. 

1929ko apirilaren 15ean, berriz, Nikolas Bizkarrondok Laskurain errotako ur erabileraren inguruan eginiko azterketa tekniko bat dakargu honetan, kontuan izanda, Lizarraga auzoan kokatuta dagoen errota hau ezkutuan egon dela eta orain, baso garbiketa tartean, agerian geratu dela. Bide batez gogortuko dugu zeintzuk bizi ziren bertan ere.

Laskurainandia baserria

Urte hartan Isabel Arrataberena, alega, Nikolas Otazuren alargunarena zen errota. Bide batez esan dezagun, baita Laskurainandiko baserriarena ere.

Ur saltorik ez duen errota da, eta errekak bertan daukan desnibela aprobetxatzen zuen garai batean, goiko aldean kanal baten bidez Lizarraga errekaren urak ur depositura eramateko.



Ur biltegia.

Errekatik ur depositura zeukan kanala oso arrunta zen, ez zegoen landuta, eta 0,80 metro zabalera eta 0,50 metro sakonera zeukan. Luzera, berriz, 77 metrokoa. Kontuan izanda ur emana, segundoko 200 bat litro eramateko gaitasuna zeukan.

Ur biltegiaren gaina.

Esan bezala, kanal honek ur depositura zeraman ura. Berak 17 metroko luzera zeukan, eta batanaz besteko 5 bat metroko zabalera eta 5,5 metro sakonera.

Hemendik azpian zeuden errotapeetara joaten zen ura. Bi errotape zeuzkan errota honek, Antzuolan bakarra ere honetakoa. Lehen errotapean zeuden bi burdinazko gurpiletara (errodeteak) joaten zen kanal bat bidez ura, hauek mugiaraziz, eta honek zeuzkan ardatzen bidez, errota-gainean zeuden bi errota harri mugiaraziz ere.

Errotapea.

Hemengo urekin, ondoren, azpian zegoen beste errotapera joaten zen, beste hainbesteko gurpil eta errota harri mugiaraziz.


Bigarren errotagaina

Bigarren errotapearen sakonera eta baita luzera ere 4 metrokoa zen; zabalera, berriz, 6 metro, batanaz beste.

Lehen depositutik lehen gurpilera zegoen ur saltoa 8,20metrokoa zen; bigarrenera, berriz, 6,09 metro.


Azpiko errotapea

Behin urak erabili eta gero, 42,50 metro luzera zeukan kanal baten bidez itzultzen ziren Lizarrara errekara.

Gaineko zein beheko saltoaren arteko desnibela 19,22 metroko zen.








HEMEN IKUSTEN DA MAILA DESBERDINEKO ERROTAGAINAK ETA ERROTAZPIAK ZEUZKALA LASKURAIN ERROTAK. 
NIKOLAS BIZKARRONDOK EGINDAKO PLANOA DA

Iturria:

Sancho el Sabio Artxibategia.Otazu artxiboa: FSS-OZ-OTAZU, C.77,N.11, eta Certificación de la posesión de las caserías de Lascuráin.FSS-OZ-ARRATABE, C.16, N.12.



2017/06/10

TXONDORRAK ETA IKAZGILEAK (II)

Agian jakingo duzu Elosun dagoen Santutxu kapera aurrean txondorra egin dutela. Garai bateko ikazgilen lanbidea gogoratuz, hainbat auzotar elkartu eta proiektu honi ekin diote duela astebete batzuk. 

60 bat urte baziren txondorrik ez zela Elosuan egiten. Okerrik ez balego, ekainaren 17ra arte egongo omen da piztuta, asteburu horretan baitirelako auzoko Otaba jaiak. Hala ere, urruti geratzen dira baserri batzuek urtean hiru edo lau txondor  egiten zituzten garaiak.

Gu geuk ere aprobetxatu dugu bertara joateko, eta bertan  Manuel Oruesagasti topatu dugu, askorentzat txondor honen "alma mater"a.



BI METRO ETA ERDIKO ALTUERA ETA 22 METROKO ZIRKUNFERENTZIA DAUKA TXONDORRAK

 MANUEL ORUESAGASTIK TXONDORRA NOLA EGIN DUTEN AZALTZEN. 

Manuelen esanetan, asteburuak aprobetxatuz, hamazortzi bat egun behar izan zituzten txondorra gertatzen, eta pago egurra erabiliz, 1.500 kilo ikatz ateratzeko asmoa omen dute.

Horretarako gau eta egun egon beharko dira bertan, eraikitako etxolan. Eta ezusterik ez balego, Otaba egunerako egina egongo da ikatza.

Gu bertaratu garenean, txondorrari hainbat tokitan egurra egosten ari zitzaiola antzematen zen, izan ere apalagoa zegoen.

Manuelek ere esan zigun eskapadatxo bat izan zutela, txondorraren gain aldetik sua hartzen hasi zelako, baina gauza izan zela itzaltzeko. "Eskerrak haizerik ez zebilenik, bestela erreko zen txondor guztia".

Jende ugari omen dabil Santutxu inguruan, baita eskolako umeak ere. Izan ere parke tematikoa bihurtu da egun batzuetarako inguru eder hau; baina baita mediatikoa ere, ugariak direlako argazkiak atera edo bideoak grabatzera datozenak.



IKAZKILEEN ETXOLA GARI LASTOZ BABESTUTA. GAILURRA BABESTEKO, BERRIZ,  LUR ZOTALAK.

Bitxia ere bada etxola estaltzen duen gari lastoetan ernaldu dela garia. Izan ere, lastoarekin batera haziak etorri omen ziren, eta horren ondorioz, zeinek esan, agian garia biltzeko aukera ere izango dute!


BEHEKO SUA PIZTUTA ZEGOEN JOAN GINENEAN, ETA KANPOAN EURIA IZANDA, NEGUAN BAGINA, GUSTURA HARTU GENUEN BERTAKO BEROTASUNA EKAINAREN 3an. ATZEAN LOTARAKOAK ERE IKUS DAITEZKE
 EZ DIRA ERRAMINTA ASKO BEHAR TXONDORRA ERAIKI ETA MANTENTZEKO

Antzuolan ere makina bat txondor piztutako herria izan da, batez ere Arrola-Koroso inguruan. Ugari daude bertan txondorrak eraikitzeko oinarriak eta baita ikatz zatiak ere.

  IKAZGILEAK KOROSON. 1940. HAMARKADAN

 Argakian, ezker aldetik hasita: Justo Lizarralde(7 urterekin hasi omen zen ikazkin lanak egiten bere aitarekin). Ondoren bere aita, Anjel. Gero, Jose Iriarte ("Ezkerra"), eta bukatzeko San Kristobalen, Bergaran, bizi zen euren lehengusu bat. 1940. hamarkadan ateratako argazkia esanguratsua da.

Plater bakar batetik janez, zahatoari emanez, taloak eginez, urtean zehar hildako txerriaren puskak erabiliz, eta babarrunak janez egiten zituzten jatorduak garai hartako ikazgileak.

Jone Larrañagak ikazgilea izan zen Jose Lizarralderi egindako elkarrizketaren testingantza ere badaukagu. Guk berak esandako ideia batzuk erabiliko ditugu euren lanbidea zelakoa zen adierazteko:

"Zazpi urterekin basoan lanean, bere aittajaunak hiru bat txondor sutan zeuzkan, eta gauetan jaiki egin behar izaten zen, eta behar zuenean betegarria ere egin eta nahikoa izaten zen, batez ere `bajadia´ edo txondorra jaisten zen unean betelana eginez. Horretarako zuloa egin eta bete behar izaten zen egurrez, ondoren berriro estaltzeko orbela erabiliz".

Galdetzen zaionean txondorra nola egiten zen:

"Behin egurra ekarrita ... hiru ilara egur jartzen ziren: hasteko diametroz bospasei metro zeuzkan pagaburu plataforma; ondoren beste ilara bat txikiagoa, hirugarrenarekin bukatzeko. Erdian tximiniza egoten zen. Estali orbelarekin, gainera lurra bota eta sua eman. Baina sua puntatik. Palanka bat su txingarrez hartu, txapela kendu, eta Aitaren eginez, sua ematen zitzaion. Laster batean ixten zen tximiniaren ahoa, bestela sua hartzeko arriskua egoten zen".

Zenbat ikatz egur:

"Berrogei bat saku ateratzeko bada zortzi bat egun egoten zen txondorra; handiagokoetan (sunbilla) hilabete ere bai, eta bertatik ikatz egurrez betetako 200/300 saku ateratzen ziren. Eta egun guztia bertan egon behar izaten zen surik ez hartzeko txondorrak".

Noiz hasi?

"Udazkenean. Negua egurretan. Ganbarara igo egurra eta orduan kobratzen genuen. Gariak erein eta hurrengo egunean hasten ginen egurretan".

Zenbat pertsona behar izaten ziren?

"Bi lagun nahikoa zen, baina lau ere ibilita gaude. Txondorra kargatzeko peoiak ere erabiltzen genituen".


Etxola egiteko erabilitako egur egitura ikusteaz gain, argazki honetan egitura hori babesteko erabiltzen zen lur zotala ere nabaria da, etxola guztia estaliz. Euritik oso ondo babesten omen zuen.











 ELOSUN DAGOEN TXONDORRA


 INFORMAZIO ITURRIA

2017/06/03

ERRUKIZKO AMAREN PARROKIAREN ALDAREAK (VIII): JESUS ETA MARIA BIHOTZAREN ALDAREAK



Ebangelio aldera, aldare nagusiaren ezkerraldean hain zuzen ere, Jesusen Bihotza aldarea aurkitu daiteke. Epistola aldera, aldare nagusiaren eskuma aldera, berriz, Mariaren Bihotzarena ere ikus daiteke. Aldare berriak dira biak, 1902an egindakoak, antzuolarra baina Irunen hil omen zen Jose Joaquin Madariaga eta Larrañagak ordaindutakoa. Eta horren lekuko aldare bietako ertzetan ikus daitezke marmolezko oroigarri batzuk, horman jarrita.

Datu gutxi dauzkagu mezenas honen inguruan. 1833ko abenduaren 9an jaio zen Antzuolan. Bere gurasoak Raimundo Madariaga eta Xaviera (Javiera) Larrañaga omen ziren. Gurasoak 1824ko abenduaren 1ean ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten, orden honetan: Francisco Xavier, Bonifacio (7 urterekin hil zena), Josefa (5 urterekin hil zena), Jose Joaquin, Maria Modesta eta Jose Maria.

Ez dirudi Antzuolan ezkondu zenik, ez baitugu ezkontza agiririk aurkitu. Dakiguna da 1896ko uztailaren 19an zendu zela Irun herrian. Data honek esaten digu Jose Joaquinek ez zuela parrokiari eskainitako aldareak ikusteko aukerarik izan (1902an bukatu zirelako), beraz pentsa liteke bere heriotza aurretik egindako testamenduan, azken borondate bezala-edo adieraziko zuela erretaula hauek elizari eskaintzea.

Bere poltsikotik ordaindutako aldare bi hauek ikusita argi ondorioztatu daiteke Jose Joaquin diruduna zela, nahiz eta ez jakin dirutza horren jatorria zein zen. Kontuak kontu, garbi dago bere bihotzean zeramala Antzuola eta bereziki Errukizko Amaren parrokia.