2017/06/03

ERRUKIZKO AMAREN PARROKIAREN ALDAREAK (VIII): JESUS ETA MARIA BIHOTZAREN ALDAREAK



Ebangelio aldera, aldare nagusiaren ezkerraldean hain zuzen ere, Jesusen Bihotza aldarea aurkitu daiteke. Epistola aldera, aldare nagusiaren eskuma aldera, berriz, Mariaren Bihotzarena ere ikus daiteke. Aldare berriak dira biak, 1902an egindakoak, antzuolarra baina Irunen hil omen zen Jose Joaquin Madariaga eta Larrañagak ordaindutakoa. Eta horren lekuko aldare bietako ertzetan ikus daitezke marmolezko oroigarri batzuk, horman jarrita.

Datu gutxi dauzkagu mezenas honen inguruan. 1833ko abenduaren 9an jaio zen Antzuolan. Bere gurasoak Raimundo Madariaga eta Xaviera (Javiera) Larrañaga omen ziren. Gurasoak 1824ko abenduaren 1ean ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten, orden honetan: Francisco Xavier, Bonifacio (7 urterekin hil zena), Josefa (5 urterekin hil zena), Jose Joaquin, Maria Modesta eta Jose Maria.

Ez dirudi Antzuolan ezkondu zenik, ez baitugu ezkontza agiririk aurkitu. Dakiguna da 1896ko uztailaren 19an zendu zela Irun herrian. Data honek esaten digu Jose Joaquinek ez zuela parrokiari eskainitako aldareak ikusteko aukerarik izan (1902an bukatu zirelako), beraz pentsa liteke bere heriotza aurretik egindako testamenduan, azken borondate bezala-edo adieraziko zuela erretaula hauek elizari eskaintzea.

Bere poltsikotik ordaindutako aldare bi hauek ikusita argi ondorioztatu daiteke Jose Joaquin diruduna zela, nahiz eta ez jakin dirutza horren jatorria zein zen. Kontuak kontu, garbi dago bere bihotzean zeramala Antzuola eta bereziki Errukizko Amaren parrokia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario