2017/06/10

TXONDORRAK ETA IKAZGILEAK (II)

Agian jakingo duzu Elosun dagoen Santutxu kapera aurrean txondorra egin dutela. Garai bateko ikazgilen lanbidea gogoratuz, hainbat auzotar elkartu eta proiektu honi ekin diote duela astebete batzuk. 

60 bat urte baziren txondorrik ez zela Elosuan egiten. Okerrik ez balego, ekainaren 17ra arte egongo omen da piztuta, asteburu horretan baitirelako auzoko Otaba jaiak. Hala ere, urruti geratzen dira baserri batzuek urtean hiru edo lau txondor  egiten zituzten garaiak.

Gu geuk ere aprobetxatu dugu bertara joateko, eta bertan  Manuel Oruesagasti topatu dugu, askorentzat txondor honen "alma mater"a.



BI METRO ETA ERDIKO ALTUERA ETA 22 METROKO ZIRKUNFERENTZIA DAUKA TXONDORRAK

 MANUEL ORUESAGASTIK TXONDORRA NOLA EGIN DUTEN AZALTZEN. 

Manuelen esanetan, asteburuak aprobetxatuz, hamazortzi bat egun behar izan zituzten txondorra gertatzen, eta pago egurra erabiliz, 1.500 kilo ikatz ateratzeko asmoa omen dute.

Horretarako gau eta egun egon beharko dira bertan, eraikitako etxolan. Eta ezusterik ez balego, Otaba egunerako egina egongo da ikatza.

Gu bertaratu garenean, txondorrari hainbat tokitan egurra egosten ari zitzaiola antzematen zen, izan ere apalagoa zegoen.

Manuelek ere esan zigun eskapadatxo bat izan zutela, txondorraren gain aldetik sua hartzen hasi zelako, baina gauza izan zela itzaltzeko. "Eskerrak haizerik ez zebilenik, bestela erreko zen txondor guztia".

Jende ugari omen dabil Santutxu inguruan, baita eskolako umeak ere. Izan ere parke tematikoa bihurtu da egun batzuetarako inguru eder hau; baina baita mediatikoa ere, ugariak direlako argazkiak atera edo bideoak grabatzera datozenak.



IKAZKILEEN ETXOLA GARI LASTOZ BABESTUTA. GAILURRA BABESTEKO, BERRIZ,  LUR ZOTALAK.

Bitxia ere bada etxola estaltzen duen gari lastoetan ernaldu dela garia. Izan ere, lastoarekin batera haziak etorri omen ziren, eta horren ondorioz, zeinek esan, agian garia biltzeko aukera ere izango dute!


BEHEKO SUA PIZTUTA ZEGOEN JOAN GINENEAN, ETA KANPOAN EURIA IZANDA, NEGUAN BAGINA, GUSTURA HARTU GENUEN BERTAKO BEROTASUNA EKAINAREN 3an. ATZEAN LOTARAKOAK ERE IKUS DAITEZKE
 EZ DIRA ERRAMINTA ASKO BEHAR TXONDORRA ERAIKI ETA MANTENTZEKO

Antzuolan ere makina bat txondor piztutako herria izan da, batez ere Arrola-Koroso inguruan. Ugari daude bertan txondorrak eraikitzeko oinarriak eta baita ikatz zatiak ere.

  IKAZGILEAK KOROSON. 1940. HAMARKADAN

 Argakian, ezker aldetik hasita: Justo Lizarralde(7 urterekin hasi omen zen ikazkin lanak egiten bere aitarekin). Ondoren bere aita, Anjel. Gero, Jose Iriarte ("Ezkerra"), eta bukatzeko San Kristobalen, Bergaran, bizi zen euren lehengusu bat. 1940. hamarkadan ateratako argazkia esanguratsua da.

Plater bakar batetik janez, zahatoari emanez, taloak eginez, urtean zehar hildako txerriaren puskak erabiliz, eta babarrunak janez egiten zituzten jatorduak garai hartako ikazgileak.

Jone Larrañagak ikazgilea izan zen Jose Lizarralderi egindako elkarrizketaren testingantza ere badaukagu. Guk berak esandako ideia batzuk erabiliko ditugu euren lanbidea zelakoa zen adierazteko:

"Zazpi urterekin basoan lanean, bere aittajaunak hiru bat txondor sutan zeuzkan, eta gauetan jaiki egin behar izaten zen, eta behar zuenean betegarria ere egin eta nahikoa izaten zen, batez ere `bajadia´ edo txondorra jaisten zen unean betelana eginez. Horretarako zuloa egin eta bete behar izaten zen egurrez, ondoren berriro estaltzeko orbela erabiliz".

Galdetzen zaionean txondorra nola egiten zen:

"Behin egurra ekarrita ... hiru ilara egur jartzen ziren: hasteko diametroz bospasei metro zeuzkan pagaburu plataforma; ondoren beste ilara bat txikiagoa, hirugarrenarekin bukatzeko. Erdian tximiniza egoten zen. Estali orbelarekin, gainera lurra bota eta sua eman. Baina sua puntatik. Palanka bat su txingarrez hartu, txapela kendu, eta Aitaren eginez, sua ematen zitzaion. Laster batean ixten zen tximiniaren ahoa, bestela sua hartzeko arriskua egoten zen".

Zenbat ikatz egur:

"Berrogei bat saku ateratzeko bada zortzi bat egun egoten zen txondorra; handiagokoetan (sunbilla) hilabete ere bai, eta bertatik ikatz egurrez betetako 200/300 saku ateratzen ziren. Eta egun guztia bertan egon behar izaten zen surik ez hartzeko txondorrak".

Noiz hasi?

"Udazkenean. Negua egurretan. Ganbarara igo egurra eta orduan kobratzen genuen. Gariak erein eta hurrengo egunean hasten ginen egurretan".

Zenbat pertsona behar izaten ziren?

"Bi lagun nahikoa zen, baina lau ere ibilita gaude. Txondorra kargatzeko peoiak ere erabiltzen genituen".


Etxola egiteko erabilitako egur egitura ikusteaz gain, argazki honetan egitura hori babesteko erabiltzen zen lur zotala ere nabaria da, etxola guztia estaliz. Euritik oso ondo babesten omen zuen.











 ELOSUN DAGOEN TXONDORRA


 INFORMAZIO ITURRIA

No hay comentarios:

Publicar un comentario