2017/07/16

IRALA AZPIKO BASERRIAREN SALMENTA-EROSKETA (1590. URTEA) (lehen zatia)

Gaurko honetan, XVI. mendeko herriko  baserririk aberatsena izan zitekeenaren salmenta-erosketa  dakargu harira, eta horretarako "collage" bat balitz, jatorrizko dokumentutik entresaka bat eginez,  jakin ahal izango dugu nola izan zen 1590eko Irala azpiko edo "yuso" baserriaren salmenta-erosketa. 



 IRALA "YUSO" 
(XX. mendearen hasierako argazkia)

Esan beharra dago oso dokumentu aberatsa dela esku artean daukaguna, izan ere etxearekin batera herrian zehar sakabanatuta zeuzkan lur eta basoak ere salerosketa horretan sartu zirelako, dokumentuan hitzez hitz, toponimoak erabiliz, bakoitza non zegoen identifikatuz. Baina badauka beste ezaugarri bat dokumentu honek,  baserri bat erosi ondoren bere jabetza hartzeko egiten zen zeremonia ere antzeman genezakeelako bertan. 

Hori dela eta, bitan banatuko dugu blog honen atala: lehen atal honetan, baserria eta bere jabego osoaren salerosketan izandako gorabeherak ezagutuko ditugu.  Bigarren atal batean, ostera, baserria erosita, jabe berriak (Juan de Zavala) bere jabegoa bereganatzeko egindako zeremoniarekin bat egingo dugu.

  Irala baserria bilaketarekin bat datozen irudiak
 GOIKO ARGAZKIAN XX. MENDEAREN HASIERAN ATERATAKO IRALA "YUSO" BASERRIAREN EDO JAUREGIAREN ARGAZKIA IKUSTEN DA.

 Adierazitako dokumentuak izenburu hau dauka:



"Benta rreal otorgada por Santuru de Madariaga Yrala y su muger en fabor de Joan de C(Z)avala yuso y su pertenecido".

Hala da, "que damos y vendemos por titulo de venta rreal y juro de heredad para agora y sienpre jamas".  

Baserriaz gain lurrak eta gainontzekoak saldu zituen aipatutako Santuruk: "tierras y heredades de pan llebar (ereindako lurrak), mancanales, castanales, montes, rrobledales, arboledas y frutales, exido (erein gabekoa), pastos y abrebaderos, agoas y fuentes ... con mas las tierras heriales o baldias... anexos e pertenecidos que son llamadas en lengua bascongada `eguiarao soroa´...".

Egia esanda ez da sarri azaltzen garai hartako dokumentuetan gure hizkuntzaren aipamena, izan ere dokumentu guzitak gazteleraz egiten direlako, nahiz eta notarioak euskaraz jakin, gero antzemango dugun bezala. Hala ere oso ohikoa da inguruko lurrei garai hartan "egiarao soro" bezala izendatuak izatea.

Dokumentuaren hurrengo lana etxea bera mugatzea izan zen:













Bertan ikusten den bezala, Irala azpikoak muga egiten zuen goiko Irala baserriarekin, eta behetik Ibarra baserriarekin. Aldi berean, baita Irimo baserriarekin ere.

Honezaz gain, udalerrian zehar sakabanatutako lurrak ere bai, guretzat oso interesgarriak toponimo ezagunak aipatzen direlako: "y el monte y castañal llamado ?? que es en el exido y deesa de la dicha Universidad, en que ay asta veinte y quatro pies poco mas o menos de castaños a la dicha nuestra cassa". Ondoren aipatzen dira gainontzekoak: "...alindan con los castaños anexos a la cassa de Sarralde y a Joan de Madariaga, carpintero, vecino de esta dicha Universidad; y las dichas tierra, heriales o valdias, llamadas `eguiarahos´ ... dos piezas en el termino de `Lizarza´ y otra pieza en la parte llamada `Osinbalz´ y otra pieza sobre el pertenecido de la cassa de Madariaga llamada `Madariagasoro´; y otra pieza en la parte llamada `Trequese´, y otra pieza en la parte llamada `Basasoro´; y otra pieza en la parte llamada `Basterrina´; y otras dos piezas en la parte llamada `Hoieiturri´; y las demas tierras y pertenecidos...". 

Agian ere ordua bada jakiteko zenbatetan saldu zuen baserria eta gainontzeko lurrak Santuru de Madariagak:



 "... le damos y bendemos al dicho Joan de Zavala por precio y quantia de quatro cientos y treinta y un ducados de cada onze rreales castellenos ... yncluiendo en ellas las deudas y cargos...".

Hala da, Santuruk zorrak edo ordaindu beharrekoak bazeuzkalako. Hemen batzuk: lehenedabizi 56 dukat eta hemendik urtero, herriko Madalena ospitalari, lau dukat urtero; Urretxun bizi zen Joan Martinez de Barrenecheari, 42 dukat, eta hemendik errentagatik urtero hiru dukat. Beste hainbeste Arrandariolaza baserriagatik. Arizaga baserriko jabea zen Martin de Arizagari, baina Plaentzian bizi zenari, 28 dukat, eta hemendik urtero bi dukat errentagatik. Zumarragan bizi zen Juan de Cortabarriari ... Guztira, bost bat partida, denetara 201 dukat, 3 erreal eta 23 marabedi zirenak.

Irala baserria bilaketarekin bat datozen irudiak
 GAURKO IRALA "YUSO" BASERRIA. ESKUMAN, BERRIZ, IRIMO BASERRIA

Aldi berean, esan dezagun, saldutako baserrian ere, une hartan Joan Rodriguez de Arrelus bizi zela, horretarako bere errenta ordainduz.

Halaxe, Juan de Zavalak bere ordainketak egingo ditu notarioaren aurrean, eta horen ondorioz "le damos y vendemos la dicha cassa y su pertenecido de Yrala yuso y todo su pertenecido enteramente ...".



Notarioak konfirmatzen du eskuz jaso zituela txanponak "en doblones y escudos de oro y rreales de plata de contado de su poder al nuestro todos ellos en buena moneda castellana ..".

Eta dirudienez denak gustura geratu ziren salmenta eta erosketarekin, izan ere "porque no hemos hallado ha persona alguna que tanto ni menos por ellas nos diesen ni pagasen ...". 

Baina badago beste datu bat interesgarria: " ... aunque las hemos traido en venta para venderlas de dos años y medio a esta parte". Alegia, bi urte eta erditan salmentan egon zela baserria eta bere jabego osoa.

Eta bukatzeko notarioak jakinaraziko die lekukoei dokumentuak idatzitakoa, baina ahoz. Baina ze hizkuntzatan?

 "... haviendo nos leydo para el efeto su contenimiento el presente escrivano yuso escrito desta carta ante los testigos della asi en lengua castellana como en la bascongada de que yo el presente escrivano doy fe".

Eta halaxe bukatu zen 1590eko ekainaren 4ean, Antzuolan, Pedro de Zavala Yñarra notarioak idatzitako salerosketarako dokumentua:

Bertan ere, lekukoak egon ziren. Hauxek: Joanez de Ibarra "bachiller" eta Juan abad de Narbaiza, herriko  abadeak, Domingo de Iñurrigarro, Francisco de Arieta, Joan de Zavala, Joan Estibaliz de Iturbe, Pero Perez de Iñurrigarro Udala. Denek sinatu zuten . Aldi berean, Santuru eta bere emaztea Madalena eta, Maria de Eduegui, bere ama. Baina "a su ruego y por ellos que dixieron que no sabia firmaron por ellos los dichos testigos". Beraz, ez zekiten idazten.
 
Iturria:
  •  Sancho el Sabio Artxiboa. FSS-OZ-M-UGARTE, C. 52, N.32.

Informazio gehiago ere:

  •  http://irinmodo.blogspot.com.es/2012/12/iralatorre.html



No hay comentarios:

Publicar un comentario