2017/07/01

TROKEO DANTZA eta ALARDEA



TROKEO DANTZA ANTZUOLAN ALARDE EGUNEAN
"MAKIL HANDIA DANTZA". 1915. urtea.

Antzuolako dantzen inguruko historiari erreparatuz, 1756-1757ko diru kontuetan oso albiste interesgarria azaltzen zaigu, izan ere, une hartan herriko ardo hornitzailea zen Bartolome Arrietari, zortzi pegar (cántara) ardoren truke 140 erreal balio zuen ordainketa egin zion herriko Udalak. Arrazoia hauxe: “a cada cuatro cántaras que se dio a los danzantes de espada, según costumbre en la octava del Corpus y fiestas de San Bartolomé y Nuestra Señora de la Piedad”. 

Beraz datu oso interesgarria bi aldetik begiratuta. Batetik, herrian ezpata-dantza (“de espada”) egiten zela esaten digulako; bestetik, urtero (“según costumbre”), bai Korpus eguna izan eta zortzi egunetara eta garai bateko herriko jaiak ospatzen ziren San Bartolome eta Errukizko Amaren egunetan ere egiten zelako. Hori bai, ez dakiguna da herritarrak ala kanpotarrak ziren dantzariak. Beraz, badirudi orduan ere dantzak eta dantzariak egon bazeudela Antzuolan. 

Hitzez hitz trokeo dantzaren inguruan daukagun lehendabiziko albistea, baina, 1850koa da. Aurretik ez dugu udal aktetan eta gastu agirietan dantza horren informaziorik. Beraz, esan genezake garai hartan hasi zirela antzuolarrok dantza hau egiten. Badakigu urte hartako abuztuaren 11n eskaera bat egin ziola Esteban de Madariagak herriko Udalari. Bere esanetan, Errukizko Amaren funtzioak goraipatzeko prest omen zeuden bera eta beste zortzi herritar-gazte batzuk trokeo dantza egiteko. Baina arazoren bat omen zeuzkaten oinetakoekin, 160 erreal eskatu zituelako adierazitako Estebanek oinetakoetarako. Herriko Udalak, ostera, eskatutakoa (160 erreal) ez, baizik eta 120 erreal eman zituen horretarako. Beraz, garai hartako dantzariak herritarrak zirela badakigu. 

Hala ere egiari zor, urtebete lehenago, 1849ko uztailaren 26an, Bartolome Arruek eginiko beste eskaera bati erantzunez, San Bartolome eta Errukizko Amaren herriko jaiak alaitzeko (“quería dar una función excelente de varios balles (bailes)”), 46 erreal eman zizkion Udalak. Ez dakigu zer ziren dantza horiek; trokeo dantzakoak, agian?
 
 MAKILA TXIKI DANTZA ALARDE EGUNEAN (1925. URTEA)

1851erako ere aipamena badaukagu. Herriko jaiak gertu zirela eta, Eusebio Labordak idatzitako eskaera bati erantzuna eman zion Udalak. Eusebiok diosku beste zortzi herritar batzuekin trokeo dantza atera nahi zutela San Bartolome eta Errukizko Amaren jaietan. Horretarako 120 erreal eskatu zituen. Udalak luze aztertuta, baiezkoa eman zion eskaerari. 

Hurrengoa ez da 1860ra arte iritsiko. Berriro ere herriko jaiak gertu zirela eta, Gabriel Mujikak, eta bere kideak, 200 erreal eskatu zituzten trokeo dantzarako. Eskuratu zituztenak.

Urte hartarako ere badaukagu beste datu bat. Ba omen zeuden herrian gazteak dantzak ikasteko asmoarekin, eta urtebete beranduago (1861), beste talde berri bat ere prest zegoen dantza hori jaietan egiteko, baina aldez aurretik Angel Lizarralde, Francisco Alberdi eta Silvestre Ramirez izeneko herritarrek, eta ustez beste gazte batzuek ere, dantzak ikastea pentsatu zuten, ondoren jaietan dantza egiteko. Horretarako 200 erreal eskatu zituzten. Eman zitzaizkiena. 

1865eko jaietarako, berriz, Pedro Soriano eta herriko beste gazte batzuk eskatu zuten dirua, dantzarako behar zituzten jantziak, zapatak eta abar erosteko. Orduan ere 200 erreal jaso zituzten dantzariek. 

Tartean bigarren karlistada (1873-1876) ailegatu zen, eta dantzari buruz dugun hurrengo aipamena ez da 1876ra arte izango. Federico Ugarte eta Pedro Jose Letek eta beste batzuk (“una cuadrilla”) prest zeuden dantza egiteko, baina jantzi eta oinetakorik gabe zeudenez, 200 erreal eskatu zituzten jantzi eta oinetako berriak egiteko.

ZINTA DANTZA ALARDE EGUNEAN (1920)
(BAINA USOA GORDETZEKO KAXA BARIK). 


Urtebete beranduago (1877), Migel Azkarate eta Juan Migel Artolazabal izeneko herritarrok ere prest zeuden “a solemnizar el baile denominado vulgarmente `troqueo dantza´ … por 300 reales a calidad de que se reúnan diez y siete, formados de consiguiente de cuatro cuadros con el que va a la cabeza de todos ellos, haciéndose por los mismos el alarde de armas que es costumbre inmemorial el día de San Agustín”. Beraz, 17 mutilek osatzen zuten trokeorako dantza taldea, baina aldi berean alardean ere parte hartzen zuten.

1878an Marcelino Legorburu eta Juan Migel Artolazabalek ere eskaera egin zuten, eta 100 pezeta eman zitzaien, diru horrekin korridarako bi behi (“Vacas”), eta San Agustin eguneko alardea ere, “según costumbre inmemorial”, egin zezaten.

Urtebete beranduago (1879), Jose Manuel Argaratek egin zuen eskaera, eta hamasei duro eman zitzaion “baile de troqueo y de la cinta” eta alardea ere egiteko. Datu bitxia berau ere, lehen aldiz zinta-dantza, trokeo dantzaren zati bat bezala, aipatzen zaigulako.

1880an ere Jose Manuel Argaratek eskaera egin zuen. 80 pezeta jaso zituen orduan.

TOMAS ARBULU ALKATEARI ONGI ETORRIA MAKILA-TXKIEN AZPIAN, SAN JUAN EGUNEAN UZARRAGAN. TROKEL DANTZA TALDEA (1920-22).


1881eko urteko San Agustin eguna (abuztuak 28) baina, aldaketekin zetorren. Orduan, alardean, dantzaz arduratuko ziren dantzariak, eta gainontzeko herritarrak alardeaz, ahazteke toreroak ere egon zirela! Izan ere, “.. a las tres de la tarde y a una señal dada … entraron en la plaza la cuadrilla de toreros, la compañía del alarde de armas y los bailarines del troqueo danza y de la cinta”. 

Zehaztu dezagun gehiago urte hartako alardea. Lehenik, alardea egin zen, gero zezenak egon ziren, eta, bukaeran, “la cuadrilla de danzantes ejecutaron sus bailes con mucha perfección”. Urtero bezala, trokeo dantzarako eta alardean parte hartzeko, diru laguntza eskatu zuten dantzariek. Juan Jose Agirrebengoa eta Manuel Azkaratek 80 pezeta jaso zituzten horretarako.

1882an ere ospakizun handia egin zen alarde eguneko San Agustin egunean (abuztuak 28), izan ere: “novillada con un toro de muerte y troqueo danza, de arcos y de la cinta… y el alarde”. Beraz, hiru ekintza batean, tartean trokeo dantzaren gaineko dantzak ere azaltzen zaizkigula: “arcos y cinta”. 

Baina jarrai dezagun urte honetan egindako ospakizunekin: “A las tres de la tarde y a una señal dada por distintos puntos de la población partieron la cuadrilla de toreros, la compañía del alarde de armas y los bailarines, y cruzando en el medio de la plaza saludándose mutuamente. En primer lugar el alarde, después la cuadrilla de toreros y por último los danzantes”. 

Eta bukatzeko, 1883ko abuztuaren 5ean, beste eskaera berri bat egin zuten dantzariek. Udalak 80 pezeta ematea erabaki zuen, baina 12,5 pezeta dantzak erakusten ibili zen zuzendariari. Aldi berean bere gain hartu zuen Udalak “el arreglo del árbol de las cintas”. Ez dakigu orduan gaur bezala, usoak-edo aterako ote ziren bertatik.


HERRIKO DANTZARIAK ALDI BEREAN KAINOILARIAK (1918).
1892an ere trokeo dantza egitera atera ziren dantzariak. Baina benetan da interesgarria 1896ko abuztuaren 2ko albistea, urte hartako 25, 26 eta 28ko jai egunetarako, Andres Agirrezabal, Manuel Lamariano eta Juan Agirre Bengoak eskaera egin zuten dantza egiteko “la tradicional maquilla-dantza, cinta-dantza, etc. según costumbre de años anteriores”.

SAN JUAN EGUNEAN. TROKEL DANTZA TALDEA (1920-22).

Beraz, urtetako usadioa dagoeneko tradizioa bihurtu zen alardean eta Antzuolan. Horretarako 115 pezeta ordaindu zitzaien parte hartzaileei.

1923an Uruguain azaldutako prentsa oharra




Bi urte beranduago, Kubarekin gerratea tartean, badirudi animoak ez zirela onenak jaiak ospatzeko, hala dioskute dokumentuek behintzat. 

Baina Jose Angel Letek eta bere koadrilakoek eskaera egin zuten trokeo dantzarako.  Udalaren erantzuna, berriz, bitxia izan zen: “no conviene el troqueo danza, y que se les ofrezca 25 pesetas para que saque el aurrescu la mañana y tarde del día de la Piedad y lo mismo el día de San Agustín, acudiendo al simulacro de la tarde (alardea) como años anteriores”. 

Une hartan, gainera, San Agustin egunean, herriko pilota leku berria ere inauguratu zen.

SAN JUAN EGUNEAN. UZTAI-TXIKI DANTZA. 
TROKEL DANTZA TALDEA (1920-22).

Nondik dator bada Antzuolan trokel dantza egitearena?

Anjel Muruak (1995) zera diosku brokel datzaren inguruko jatorriaz eta antzuolar dantzarien artean berorrek ustez izandako eraginaz: 

“Su origen es oscuro y no existen referencias anteriores que nos puedan dar pista alguna. Sólo la breve cita de 1841 en la que con motivo del `Abrazo de Bergara´ (1839) Iztueta presentara en aquella localidad un grupo de bailarines zaldibitarras bailando el ciclo de la Brokel Dantza, lo que quizás motivó a los de Antzuola a representar en su pueblo parte de este ciclo. Estas danzas son la `Makil Haundi Dantza´, `Makil Txiki Dantza´, `Uztai Txiki Dantza´, eta `Zinta Dantza´". 

Gogoratu berriro ere 1850koa dugula herriko trokeo dantzaren lehendabiziko dokumentu aipamena. Beraz, datak gertukoak dira.

Hala ere Antzuolako trokeo dantzak badauzka bere berezitasunak, bere momentuan, Gerbasio Legorburuk ere aditzen emandakoak. Berak zera zioen: “Dantza horietan beste antzeko dantzetatik gehien bereizten dena `Makila Txiki´ dantza da. Bertan dantzatzen den “pausoa edo boastitzea” ez baita beste inongo `Makila Txikia´n ikusten. `Makila Txiki´en doinua bera ere nahiko ezberdina da, nahiz eta zati batzuk antzekoak izan.

`Uztai´ edo `Arku-dantzan´ doinua berdina da, ostera, dantzatzeko modua oso ezberdina. Uztaiekin elkar jotzerakoan inoiz ez dute aurrez aurre jotzen. Era berean, oinak mugitzeko orduan, mugimendua guztiz ezberdina da.

`Makila Haundi´ dantza, ostera, Antzuolan oso sinplea da,  aldaketa gutxikoa, azken konpasetan saltoka egiten bada ere.

Eta azkenik, `Zinta-dantza´. Zintak lotu eta askatzea Gipuzkoakoaren ia berdina da. Doinu aldetik baditu ezberdintasun batzuk. Izan ere, Zortzikoaren doinua ez da beste inon entzun, eta orain dela 80 bat urtetik hona zintak askatzerakoan IRIARENA doinua erabiltzen da. Gainera, gaur egun beste inon ikusten ez dena ere badago: zintak askatzearekin batera makilaren puntan dagoen kaiolatik bi uso zuri askatzen dira”.

Baina trokeo dantzak beste aldaketa garrantzitsu bat izan zuen 2016an ospatu zen alardean. Bertan, herriko alardeko historian lehen aldiz, gaur `Oinarin´ dantza taldea osatzen duten emakumeek nahiz mutilek bat eginda egin zutelako trokeo dantza (Ikusi beheko argazkiak).




 `OINARIN´ HERRIKO DANTZA TALDEA eta MAKILA-UZTAI ETA ZINTA DANTZA, 2016. 

Eta horrela herriratu zen Antzuolako trokeo dantza, herriko jai eta alardearekin bat eginda, bata zein bestea gure izaeraren zati garrantzitsuak bihurtuz. Agian bere jatorria hobeto ezagututa eta ulertuta, prest gaude bera gehiago baloratzeko, transmititzeko eta bere etorkizuna bermatzeko. Garai hartakoek (eta oraingoek ere), behintzat, eskertuko digute! 

Bibliografía:

  • DANTZARIAK 52 - 1995 - (Revista de Euskal Dantzarien Biltzarra). Antzuolako Trokeo Dantza (24-49 orriak)
  • Antzuolako udal liburuen aktak eta gastuen aktak (XVII-XVIII eta XIX. mendeetakoak)
  • Gerbasio Legorbururen garai bateko lekukotza.
  • Antzuolako argazki zaharren bilduma.
  • Alardearen Elkartearen argazkiak 

No hay comentarios:

Publicar un comentario