2017/12/30

ERRUKIZKO AMAREN PARROKIAREN ALDAREAK (VI): MARIA MADALENA


Maria Magdalena (XV-XVI. Mendekoa). Ezker aldean, eta zaharberritu aurretik, Antiguako baselizan. Eskuma aldean, berriz, zaharberrituta eta Elizbarrutiko museoan. Aurpegiaren nahiz jantziaren edertasunak harritzen gaitu. Donostiako Elizbarrutiko museoan. 2010eko ekainean.

Antzuolarrok Maria Magdalenarekiko dugun atxikimendua aspalditik omen dator. Zaindari honen inguruan herrian dugun lehendabiziko informazioa, gainera, aspaldikoa da, XV. mendearen bukaerakoa hain zuzen ere. Hau da, 1489ko maiatzean egindako fundazio agiriaren arabera,[1] Olalden, eta udaletxea bera gaur kokatzen den tokian, herriko eta kanpoko behartsuei zuzendutako ospitala eraiki zen. Ospital honen bultzatzailea Pedro Lopez de Gallastegui, Uzarragako parrokoa orduan, izan zen, eta berak zera agindu zuen bere testamentuan: “en la mi casa nueba, que tengo comenzada hacer en Olalde, se haga hospital para que moren e se acojan los pobres”

Aldi berean, zera agindu zuen: “se hagan de mi hacienda una imagen de  Santa Maria Magdalena... e un Altar en el dicho hospital en que se ponga e este la dicha imagen”[2]

Baina, noski, guzti hau ospitalari begira egindako aldare eta irudia dira, izan ere ez dakigu noiz egin zen parrokiarako. Hipotesia izan daiteke, ospitaletik elizara pasatzea Magdalenaren irudia. Kontuak kontu, badakigu 1652an berari eskainitako aldare bat zegoela parrokian, urte hartan Magdalenaren aldarea urreztatzea agindu zelako.

1696ko beste aipamen batean ere hortxe dago aldarea eta irudia:

"En el altar de la Santa Maria Magdalena su imagen de escultura en su nicho y caxa sobredorada, y encima de ella una pintura del Niño Jesús con Maria Santisima, y su esposo el glorioso San Joseph, en el viaxe para Ejito (sic). A los lados de la Magdalena, San Antonio de Padua y Santa Theresa de Jesus".
  
Ondorengo datua (3) 1740ko maiataren 30ekoa da. Orduan, antzinako aldarearen egoera txarra-edo, herriko parrokoa zen Francisco Antonio Larraldek, alde batetik, eta parrokiako ordezkaria edo maiordomoa zen Juan de Vizcalazak, bestetik, parrokiaren laugarren aldare berria eraikitzeari eta bera Madalenari eskaintzea erabaki zuten: "convenimos con Miguel de Yeregui, vecino de la Villa de Vergara ... en la misma conformidad y de la misma echura y circunstancias que el de San Esteban ... por 1500 reales". 

Gainera, datu gehiago ere badauzkagu, izan ere badakigu nork egingo zuen aldarea: Miguel delako batek: "avia trabajado los otros tres colaterales, y con las mismas condiciones que se asentaron en la escritra otorgada a 28 de octubre de 1734 ... el colateral de las Animas del Purgatorio".

Hau izan zitekeen Madalenaren aldarea. Gaur San Bartolomeko andramari ederra dago, aurrez aurre dagoen Arrosaio amaren tankerakoa.

Beste datu batzuk ere ematen dizkigu dokumentuak. Erretaula egileak, Miguelek, lan egin beharko luke: "el marco del altar de Santa Maria Madalena de la misma echura y circunstancias que el de San Esteban"

Hala ere, puntu honetan, egileak bere iritzia eman zuen esanez, eredua ez zela San Estebanen aldarea izango, baizik eta Arrosario Amarena.

Eta hala, badakigu, 1741eko apirilaren lehenean obra bukatuta zegoela. Eta egindakoa ondo zegoela ziurtatzeko, edo egindako Madalenaren aldarea aztertzeko, arestian aipatutako parrokoak eta orduko maiordomoa zen Juan Bautista de Azkaratek  Miguel de Salezan, urretxuarra eta aldi beran ere herriko udaletxe berria egingo zuena hartu zuten aditu gisa:"para ver si los dichos colaterales estaban trabajados conforme arte".

 Miguelek, bere zeregina onartuta, zehaztasun handiz egin zuen azterketa, eta hori frogatzeko dokumentua irakurri besterik ez dago, eta Arrosario Amaren aldarea eredutzat hartuta zera adierazi zuen: 1) Madalenaren aldarea San Estebani eskainitakoaren antzerakoa zela, eta hainbatetan txukunagoa, baina, hala ere, artearen arabera, ongi egina. 2) Hori bai, Miguelek egindako aldare desberdinetatik Arrosarioarena gailentzen zela: "en su altura y remate y adornos de sus extremos con 90 reales de vellon".

Beraz, egileari azken ordainketa egiteko ez zegoen arazorik.



 OÑATIKO GPAH, 10805-A-006800
  OÑATIKO GPAH, 10805-A-006900
  OÑATIKO GPAH, 10805-A-007000
  OÑATIKO GPAH, 10805-A-007100
 OÑATIKO GPAH, 10805-A-007200


[1] Aldi berean testamento kopia dena
[2] Copia del traslado de Joseph Adrian de Zabaleta, escribano de Vergara. Errukizko Amaren Parrokiako Artxiboa. Paper solteak. Baita ere: Murugarren, Luis: Anzuola, Uzarraga y Elosua. Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 1975
(3).Gipuzkoako Protokolo Artxibo Historikoa (Oñati).

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario