2018/03/30

ZUHAITZ, BASO ETA IKATZ TOKIEN ARTEKO IBILBIDEA


MENDI IBILBIDE BATEN KRONIKA: HERRIKO ZUHAITZAK, BASOAK, IKATZ-TOKIAK ETA BESTE ALDERDI BATZUK EZAGUTZEN, ETA BIDE BATEZ HERRIKO TOPONIMIA BERRESKURATZEN

(Antzuola-Irigain-Urkillu-Arrandariak (Ozaeta eta Torre)-Pagandi-Lizargarate-Koroso-Argileku-Iraikorta-Ojarrola-Antxintxardi-Antzuola)

Ibilbidea Olaranen hasiko dugu, Sagasti auzoan, eta Irigainera (Irain) joango gara. Bertako bidea jarraituz, eta Loieta nahiz Altzeta baserrietara hartzen den bidegurutzetik pasatuz, Urkillura edo garai bateko Kargalekura iritsiko gara. Hemendik, Korosora doan Oñatiko bidea ezkerra aldean lagata, Arrandariozaeta eta Arrandaritorrera doana hartuko dugu.
 
Arrandariozaeta baserrian

Hala, herritik lau kilometrotara, Arrandariozaetarekin bat egingo dugu, eta ondoren, iturri ederra pasatu eta gero, Arrandaritorrera iritsiko gara. Bertan dagoen iturri berria ikusiko dugu, eta garai bateko soroetako horma zaharrak alboan dauzkagula, Agiña (Hagina) errekara joango gara. Bertatik hasiko dugu Koroso aldera igotzen.

Berehala, baina, inguruan dauden ikatz tokiak eta haginak ikusteko geldituko gara. Tamaina ezberdinetako haginak, hain zuzen. Gorago, eguraldi euritsua denez, Lizargarate iturritik datorren errekatxoa ere urez gainezka ikusteko aukera izango dugu.
   Hagina

Hemendik gora, Pagaundira iritsiko gara, udalerriak daukan pagadi handi eta ederrenetakora. Bertan, adin desberdinetako, egoera anitzeko lepatutako pago motzak ikusteko aukera dago, asko eta asko garai batean ikatzetarako erabiliak, baina gaur lerden batzuk bezain gaizo besteok.


Lizargarateko iturria

Pagadia Lizargarate aldera, behetik gora zeharkatuko dugu, eta bertako iturria bisitatzeko ere erabiliko dugu. Ur asko dario Lizargarateko iturriari, bere ur aska gainezka dago. Ura edan ondoren, Lizargarate baserrira igoko dugu, Antzuola eta Oñatiko mugarrien artean Korosora doan bidea hartuz. 

Korosotik Argileku txaboletara (1929) joko dugu. Ez aspaldi arte bertan ematen zion urte berriari hasiera Arrola mendi elkarteak.

Ez dugu Arrola aldera joko, baizik eta Iraikortako bidea hartuko dugu, garai batean Eltxikorta baserriko Josepak (eta bere astoak) Zumarraga eta Urretxuko merkatura joateko hartzen zuen bide bera. Iraikortako txabolak ere erdi zutik ikusten ditugu bidean.

Iraikortan jausi zen hegazkin mota.

Hegal honetan ere jausi omen zen 1921eko maiatzaren 19an Andrew Haig Forson britainarrak zeraman hegazkina. Bertan hil zen. Lasartetik omen zetorren, Madrilera joan asmoz. Behe laino handia omen zegoen orduan. Hainbestekoa izan zen hegazkinak lurra jo zuenean danbadakoa, inguruan lanean zabiltzaten ikazgileak azkar joan zirela bertara. Ordurako hilda zegoen Andrew. Derio inguruan dagoen Bretainia Handiko kanposantuan hilobiratu zuten.

Pagandin, lepatutako pagoak ikusten.
 
Oso inguru harritsua da inguru hau, baita aurretik aipatutako lur sailak ere, eta herriko hainbat obretako, herriko parrokia edo frontoia bera eraikitzeko ere erabili ziren hemengo harriak.

 
Igazgileak Arrolan

Iraikortatik (Irikorta) Ojarrolan sartuk gara, eta goitik beherako bidean, berez sortutako izeiak (batzuk 50/60 bat metro dauzkatenak) ikus daitezke, baita tartean berez hazitako pinu gorri ale batzuk ere. Izeiak daukan egurra oso ona omen zen garai hartako itsasontzien mastak-eta egiteko, zuzen-zuzen hazi eta egur gogorra omen dauka eta. 

Ojarrolan herriko ikatz-gune ugariak ikus daitezke. Lur sail honetan bilduko da udalerriko ikatz toki zabalena. Oraindik ere posible da garai hartan egindako ikatza ere biltzea!

Ikatza Ojarrolan

Beherantz pista jarraituz, Antxintxardi aldera iritsiko gara, gaur txabola bat dagoen ingurura; edota baita goitik behera datorren Antxintxardi errekarekin bat egin arte.  

Urkillu aldera goaz, beherantz, baina tartean garai batean Mendibilen zegoen Olarango ur putzura ura zeraman kanalarekin bat egingo dugu, gaur ia desagertuta dagoena. Esan, urtegitxo hartatik ura Antigua auzoan zegoen Olaran lantokiaren indarretxera joaten zela, ondoren uraren bitartez lantokirako argindarra ateraz.

Urkillutik, berriz, Iragain errekarekin batera Antiguara jaitsiko gara.

Lau ordu eta erdiko, eta 12 bat kilometroko ibilbide ederra, lasaia eta ezezaguna egin dugu, eta gorputzaren ariketa fisikoarekin jasotako herri jakintzarekin batera gustura goaz … nahiz eta ia ibilbide osoan atertu ez! 


 ARROLA MENDIZALE TALDEA `ARGILEKUN´, 2018ko MARTXOAREN 25ean

2018/03/24

"EXVOTO" edo ESKAINTZAK

Badaude elizetan, ermitetan agian jende askorentzat ezezagunak diren bitxikeri batzuk. Euretako bat  "exvoto"-ak edota eskaintzak dira. Egia esanda ez dago erderazko "exvoto" itzultzen duen euskarazko hitzik, baina ezin esan gure elizetan arraroak direnik. Ugariak dira han eta hemen egiten diren eskaintzak edo "exvoto"ak, besteak beste aldez aurretik egindako botoa edo eskaera betetzen bada.

Adibidez, santutegietara-eta joan besterik ez dago ikusteko sarritan nola han eta hemen egoten diren zabalduta estanpa, arrosario edo beste objektu batzuk, eskaera egin duenak eskaitza eta oroigarri gisa bertan lagatakoak.

Antzuolako parrokian ere badugu horrelako bat, garai batean, baina, Uzarragako parrokian egon zena. Balio handikoa ere badena, kontuan badugu XVII. mendean eginiko margoa dela.Honatx:



Antzematen den bezala, ume bat dakusagu margoan, otoi eginez. Goian, eskuma aldean,berriz, erregutu zitzaion Jaungoikoaren bildotsa dago. Behean, berriz, testu hau idatzita:

"DIEGO ANTONIO DE LARREA, HIJO DE JUAN DE LARREA Y DE FRANCISCA DE EGUIA, DESPUES DE GASTAR MUCHOS DIAS CON MEDICOS Y CIRUXANOS BUSCANDO REMEDIO A UNA LLAGA YNCURABLE, VINO A LA PAROQUIA DE SAN JUAN DE USÇARAGA AÇER NOBENA Y AL QUINTO DIAS YA ESTABA SANO",


 Diego Antonio Larrea Eguialuce

Aurrez aurre dugu, bada, Diego Antonio Larrea, 1656an Bergaran jaio zena, eta urte bereko azaroaren 11n bataiatu zutena Bergarako San Pedro parrokian. Gurasoak Juan Martinez Larrea eta Francisca Martinez Eguialuce ziren. Beraz, ez ziren antzuolarrak. 

XVII. mendearen 60-70. hamarkadako Diegoren erretratua da ikusten duguna gaur Errukizko Amaren sakristian. Ez dakigu norena den margoa, baina zehaztasunez egindakoa dela bai, ikusi besterik ez dago haurraren aurpegia eta arroparen apaingarriak.


Jaungoikoaren bildotsa.

Badakigu noiz hil zen Diego: 1693ko apirilaren 21ean. Beraz, badirudi gainditu zuela aipatzen den gaixotasuna, eta ondoren, beste zerbaitekin-edo, hil zela. Hori bai, gazte, 37 urte bete behar zituela.

Beraz, XVII. mendeko margo hau ikusi nahi izanez gero, parrokiaren sakristian duzue, zain.



Iturriak:
  • Donostiako Elizbarrutiko Artxiboa
  • Herriko parrokia


2018/03/17

ARROLAN IZANDAKO HEGAZKIN ISTRIPUA (1921)

Gurasoengandik jakin izan genuen Arrolan gertatu omen zela hezgazkin istripu bat eta horren ondorioz hezgazkin gidaria ere hil omen zela, Irikorta iturria dagoen magalarekin topo eginda. Behe laino itxia omen zegoen une hartan, eta arrazoi hori edota besteren bat ere tartean egon zitekeelarik, kontua da  ingelesa omen zen Andrew Haig Forson hil zela bertan. Orduan aerodromoa Lasarten zegoen, eta bertatik Madrilera zihoan ` Bristol Tourer ´ izeneko hegazkin mota batekin aipatutako hegazkin gidaria. Dirudienez Espainiara etorri omen zen Bayo izeneko dirudun madrildar bati hegan irakasteko asmoz. 

irikorta bilaketarekin bat datozen irudiak
Iturri inguruan jausi zen hegazkina.

1921eko maiatzaren 19a zen. Eguraldi eskasa zegoen, behe laino handikoa. Danbateko handia izan omen zen arratsaldeko 14:00etan inguruko ikazgileek-eta entzundakoa. Herriko apaiz eta medikuari deitu zieten ikazkinek, baina berandu, hilda topatu zutelako hegazkin gidaria. Hil agiriak dioskunez 27 urteko gaztea omen zen. Bretaina handiko Albert E. Danson hegazkin konpainikoarentzat lana egiten zuena.

Sondika eta Derion artean, Bizkaian, bertan dagoen Bretaina Handiko kanposantuan hilobiratu zuten bere gorputza.



La Correspondencia de España : diario universal de noticias: Año LXXIV Número 23033 - 1921 mayo 20

HERIOTZA AGIRIA
 

Iturria:

  • Antzuolako errolda zibila.
  • http://www.rcawsey.co.uk/Accf1930.htm
  • http://universitystory.gla.ac.uk/ww1-biography/?id=841


2018/03/10

FRANTSESAK ANTZUOLAN ETA ERRUKIZKO AMAREN PARROKIA


XVIII. mendearen bukaeran frantsesen inbasioa eman zen Gipuzkoan, eta berorrek Antzuolako herritarrengan ere eragina izan zuen, euren aurka borrokoan egiteko: (“Han sacado 65 soldados, un capitán que fue Pascuel de Yrazabal, un teniente y 3 sargentos con 5 cabos, que para un lugar tan corto es mucha gente y que desde luego para los labores del campo harán mucha falta”[1]). 

Egoera horrek  Mexikon bizizen Frantzisko Iraeta-Ibarra ere asko samindu zuela jakin badakigu. Izan ere frantsesen inbasioak ez bazuen orduan eraikitzen ari zen erretaularen lanetan eragin handirik izan, bai, ordea, gero aipatuko dugun bezala, herritarrengan eta baita parrokiako beste ondasunetan ere.

XVIII. mendearen bukaeran, 1793-1795 urteen bitartean zehazkiago, eta 1793ko urtarrilaren 21ean Frantziako erregea zen Luis XVI.a gillotinatik pasatu ondoren, Europako hainbat erresumek (Espainia tartean) gerra deklaratu zioten Frantziari, eta Konbentzio Gerratea deitu izan zaionari hasiera eman zitzaion. Nahiz eta hasiera batean Espainiako tropen nagusitasuna nabarmena izan, ez zuen asko iraun, eta 1794ko uztailean  sartu ziren frantsesak Euskal Herrian Baztan aldetik, ondoren, inongo oztoporik gabe Hondarribia, eta berehala Donostia bereganatuz.

Ezaguna izango dugu agian gerrate honetan Gipuzkoako probintzian frantsesek egindako “ibilerak”, lapurretak eta ankerkeriak. Izan ere ez zuten inongo trabarik izan hori egiteko. Gure herriari dagokionez, elizako liburuetan adibidez jasota daude frantsesek egindako triskantzak. Hala, une hartan antzuolarrek bizi zuten egoeraren kronikatxoa lagatzea pentsatu zuen garai hartako erretore jauna zen Miguel de Urrutiak: 

“El día 30 de Agosto de 1794 fueron muertos por la tropa francesa, que paso por esta villa de Anzuola, haviendo quemado en su vispera a las villa de Eybar y Ermua, y otra parte de dicha tropa a la villa de Ondarrua, sometiendo en las espresadas villas y en sus travesias muchos robos e inumanidades (sic), y en esta de Anzuola las mayores; pues, sin aberlos echo resistencia alguna, mataron desde el alto de Ygueribar Azparrundi a la hermita de la Antigua, a Joseph Manuel de Yrala, Joseph de Arralde, Gabriel de Arralde, Domingo de Yrizar y Venancio de Pujana; y en el bibero de Olamendi a Ignacio de Yzaguirre, Joseph de Ystueta y Francisco de Luariz Arizti; y a Ignacio de Eguren en el alto de Descarga, y robaron muchas casas de la calle y caserias. Hizieron su mansion en el dicho bibero de Olamendi, de las diez horas de la mañana del dia dicho treinta hasta las dos o tres de su tarde, y en este tiempo arcabuzearon a 16 hombres que les tomaron desde Ermua hasta el alto de Descarga, puestos en dos filas; de estos algunos eran de Ezquioga, otros de Legaspia y los restantes de Eybar, y ocurrio la particularidad de haver quedado con vida, entre los muertos, uno de Legaspia y recivio el Santo Sacramento de la Penitencia en la caseria de Erauza, y le llebaron a otro dia a su casa de Laquiriola con vida, aunque atravesado de diferentes balazos. 

Los nuebe primeros, vecinos de Anzuola, fueron enterrados dicho día 30 y el siguiente en la Parroquial de Nuestra Señora de la Piedad, y trece de los restantes en la hermita de Santa Engracia, y a los demas, que eran de Legaspia, los llebaron a enterrar a su iglesia”[2].

Baina borroka ez zen horretan bukatu, eta gizakion ankerkerria gerra garaietan noraino iristen den adibidetzat harturik, ekainaren 29an (San Pedro egunean) zera gehitzen diosku Miguel de Urrutiak: 

“El dia que rompieron las tropas francesas las lineas de Sasiola, Azcarate, Muzquirizu, Elosua y Descarga, sin resistencia en nuestras tropas, una partida que bajo por la caseria de Amesti a Bergara entraron en la casería de Uarriaga abajo y, pedido por algunos franceses a Andres de Gavilondo que les diese dineros y respondido que no tenia, con poca humanidad le dieron un balazo y a otro día murio sin haver recivido los Santos Sacramentos, y fue enterrado por sus interesados en San Juan de Uzárraga, cuio distrito ocuparon las abanzadas francesas y, creiendo hallar algun tesoro, reconocieron su sepultura hasta dar con el difunto”[3].

Beraz, arestian aipatutako lerroek ongi adierazten digute garai hartan Antzuolak bizi izandako egoera traumatikoa. Hala ere, gezurra dirudi baina, gure erretore jaunak ez digu ezer aipatzen frantsesen etorrera horrek ze eragin izan zuen elizako ondasunetan. Hori argitzeko beste iturri bat, parrokiaren “fabrica” liburua hain zuzen, kontsultatu beharra izan dugu; eta han bai, han zertxobait gehiago aurkitu dugu frantsesen inbasio honi beste dimentsio berri bat emateko.

Hala, antzuolarrek jakin bazekiten frantsesek ez zutela denbora handirik beharko herrian sartzeko, herrian bertan frantsesei aurre egiteko gaiatsunik ez zegoelako. Beraz, prebentzioa garrantzitsua zen une hartan, eta elizako ondasunak salbu jartzeko presaka ibili beharra zegoen. Horretarako, urte hartako (1794) maiordomoa zen Pedro Bentura de Iturbek, elizan zegoen zilarrezko gauzak kutxetan sartu eta Gasteizera, San Frantzisko elizara hain zuzen, bidaltzeko agindua eman zuen. Manuel de Azkaratek eraman omen zituen kutxa hauek. Badirudi presaka eraman zituela, izan ere, hasiera batean ez zuten jakin izan nora eraman zituen kutxak. Egoera honen aurrean, herritar bat (Juan de Mendizabal) joan zen Gasteizera hauen arrasto bila, baina inongo berririk gabe bueltatu zen. Antzuolako erretorea bera ere, Miguel de Urrutia, Antzuolako Errukizko Amaren eta Uzarragako parrokiatik bidalitako zilarrezko bitxiak han zeudelakoan-edo, Arabako hiriburura joan zen. Baina ez zituen bertan ikusi, ordurako frantsesak Gasteiztik hurbil zeudela-edo, ezagutzen ez dugun Jose Kintana batek, Mirandako San Frantzisko komentura eraman zituelako herriko bitxiak eta liburuak. Hori jakinik, Mirandako bidea hartu, eta bertako San Frantzisko komentura joan zen. Bertako arduradunekin egonda,  zera agindu zien Migel de Urrutiak frantsesak Mirandara ere etorriko balira, alegia, herriko parrokien bitxiak urrutirago bidaltzeko. Hala, bitxiak bertan lagata, bataio, ezkontza eta heriotza liburuak hartu eta Antzuolara ekarri behar zituenez, horretarako kutxatxo bat erosi zuen.

Baina frantsesen erasoaldiak ez ziren bukatzen. 1795eko azaroaren 29an frantsesek eragindako beldurrarengatik (“por la necesidad que hubo para ello mediante la correría que hizo el francés en esta villa”) sakramentu liburuak berriro hartu eta Goronaetara (Aretxabaleta) eraman zituzten.

Beraz, frantsesek eragindakoak ugariak izan ziren herrian, erailketak barne. Eta arestian aipatu dira horren lekukoak. Uzarraga eta Errukizko Amaren elizetan eragindako kalteak ere ugariak izan ziren, eta urte batzuetan diru dezente gastatu behar izan zen -“por el motivo de haber descalabrado el enemigo francés”[4]- txikizioak konpontze aldera. Hiru urte (1794tik hasi eta 1797ra arte) gogorrak izan ziren herritarrentzat. Honatx txikizio eta gastuen adibide batzuk: 

  • 36 erreal gastatu behar izan ziren ondorengo urteetan bi kutxa konpontzen, hauek frantsesak txikituta laga zituelako.
  • Jose de Azurmendiri, Oñatikoa bera, frantsesek 1794ko azaroaren 29an eragindako lapurreta eta profanazioaren inguruan elizbarrutira, Logroñora,  aholku bila joatearren egindako gastuengatik.
  • Igurtzi Santua eramateko zeuzkaten zilarrezko ontziak ere frantsesek lapurtu zituzten, eta horien ordez Oñatiko San Migel parrokiako sakristauak ekarri zituen kristalezko bi ontzietan.
  • Frantsesek ere elizako arropak txikitu zituzten (kapak, estolak, frontalak,…) eta hauek konpondu behar izan ziren. Horretan aritu ziren Josefa Zabalo eta Juana Goenaga.
Esan ere, 1795ean ordaindu zitzaiola Andres Mendizabaleri Mirandara joan eta bertatik ontzi sagratuak eta bitxiak ekartzearren.

Baina gerra hau frantsesen aurka izandako lehen gerratea izan zen. Urte batzuk beranduago (1808), Napoleonek zituen egitasmoekin bat egiten dugu; hau da, aldaketa dinastiko bat inposaketarekin, eta Espainiako erregea bere anaia zen Jose ezarri nahaiarekin. Hala, Baionan elkartu ziren Espainiako (eta Euskal Herriko) goi mailako jauntxoak, tartean ere Kalagorriko Gotzaindegiaren ordezkaria zena, hau da, Arrasateko bikarioa zen Manuel Maria Upategui. Gatazka honen aurrean, hau da, Independentziaren Gerraren (1808-1814) aurrean, euskaldunen jarrera nahiko aldakorra izan zen: aldekoa zein kontrakoa, sektore sozial eta garaiaren arabera. Adibidez, benetako kontrako jarrera 1810etik aurrera gertatu zen, eta ordukoak dira hainbat herritako oroimenean bizirik dirauten ekintza: Gasteizko eta San Martzialgo borrokak (1813), hain zuzen ere.

Informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen.


 Gasteizko bataila, 1813ko ekainak 21
 Koldo Mitxelena Kulturgunea:Signatura: KM : 094 MAR - PAG. 73

Beraz, frantsesen aurka izandako bi gerrate haiek gertu izanda, garai hartako herritarren egoera ez zen txantxetakoa izan. Kontutan badugu herritarren ekonomia orduan oso prekarioa eta hauskorra zela, gerrateek egoera kritikoan lagatzen zuten jendea, eta etxeetako ondasunetan itzelezko eragina izaten zuten. Horren adierazle, adibidez, hain ugariak ziren tropen hornikuntzaren baitan herrietan nahiz baserrietan “emandako” edota lapurtutako jan eta edanen gertaerak. Egoera honetatik ihes egiteko ez zegoen aukerarik, ezta salbuespenik ere.  Hala, 1809an, frantsesen eskaerak erantzuteko, herriko parrokiak zera egin zuen: “Para provisiones de víveres y forrajes en los puntos de Mondragón, Villarreal y Zumárraga reciben de la iglesia parroquial de Anzuola una custodia de 41 onzas de plata, única que aseguraron existir”[5].


Informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen.
Donostiako setioa. Signatura: Untzi Museoa : PLANERO

Ez zen eskaera bakarra izan, frantsesen hornikuntzak ez zuen mugarik, eta ezta beraz herriko parrokien odol galtze ekonomikoak ere. Horrela, urte berean beste erabaki hau ere hartu zen eliztarren artean: “Asi mismo 1.538 onzas de plata (26.146 reales de plata de vellon) de las iglesias unidas de Uzarraga (749) y Piedad (789) para que se inviertan en subsistencias de las tropas francesas”[6].

Gezurra badirudi ere, egoera honetan bazuten eliztarrek ezkutuko karta bat, zeukaten guztia deklaratu ez zutelako. Arestian aipatu izan dugun 1793-1795eko frantsesen aurka izandako gerratean, elizaren liburuak eta zilarrezko bitxiak Gasteizera eta Mirandara bidali behar izan zituztela frantsesok egiten ari ziren lapurretatik babesteko. Badakigu, Independentzia gerrate honetan ere antzerako trikimailuren bat-edo erabili zela, 1813ko gastu agiria batek zera adierazten digulako: “200 reales por el gasto de custodiar los ornamentos de dicha iglesia y manejarlos en 6 años mediante a que aqui peligraban por la amenaza de la guerra del frances”[7].

Halaber, oraindik ere, aurreko gastuak gutxi balira, Uzarragako parrokiaren bitxiak (zilarrezko lau zutargi), eta Errukizko Amaren zilarrezko pitxarra eta zilarrezkoa ere zen gurutze handia, saldu beharrean egon ziren “para el substento de las tropas francesas”[8]. Guztira, 5.438 erreal jaso zituen. Eroslea, Juan Antonio de Mujica izan zen.



[1] Idem, 300 orrialdea.
[2] Errukizko Amaren parrokiko laugarren heriotza liburua. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. Baita ere, Murugarren, Luis: Anzuola, Uzarraga y Elosua. CAM, San Sebastián, 1975, 123-124 orrialdeak.
[3] Idem, 124. orrialdea.
[4] Cuarto Libro de Cuentas (1731-1799): 06.024-1263/003. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. Donostia.
[5] Maiordomoa: Pedro Bentura de Iturbe: 1809. Quinto libro de Cuentas (1799-1897): 1264/001 signatura. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. Donostia.
[6] Maiordomoa: Pedro Bentura de Iturbe: 1809. Quinto libro de Cuentas (1799-1897): 1264/001 signatura. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. Donostia.
[7] Maiordomo: Pedro Bentura de Iturbe: 1813.  Quinto libro de Cuentas (1799-1897): 1264/001 signatura. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. Donostia.
[8] Idem.