2018/08/03

JUAN JOSE URANGAREN ETXEA


1852an egindako etxea da "Urangarena"; gero "Arraterena".

Nahiz eta agian izenburuagatik ezezaguna izan etxea, ez horrenbeste jakinez gero zein etxez hitz egiten ari garen, herriko plazan dagoen ezagunetekoa delako, bertan Roke Iñarra eta Beatriz Gabarain bizi direlako. 

Elizaren arkupearen beste aldean, abade-etxea elizarekin bat eginda dagoen bezala, beste ertzean, eta esan bezala orain Iñarra-Gabarain sendiarena dena, neurri batean elizarekin ez dauka zer ikusirik, nahiz eta etxe honen promotorea 1852. urtean Errukizko Amaren parrokian sakristaua eta aldi berean organo jolea zen Juan Jose Uranga izan.

Oso ondo dago dokumentatua etxe hau, izan ere Oñatiko artxiboan dugu bere txostena.

Aipatutako urte hartako otsailean egin zuen Juan Josek eskaera bikoitza: bat udaletxean eta bestea elizbarrutian, izan ere, elizaren ertzean zegoen lur saila, bere hitzetan “un terreno sin que reporte ninguna utilidad a la iglesia ni a los feligreses” omen zenez, bertan etxetxo bat egin nahi zuen.

Elizbarrutiak ez omen zion oztoporik jarri, bai ordea herriko udalak, eta hasiera batean ezezkoa eman zion. Hala ere, ez zuen etsi, eta martxoan berriro baimena eskatu zion udalari. Udalak, orduan, elizbarrutiaren baiezkoa jakinda, etxea egiteko baimena eman zion, baina hiru baldintza hauekin: (1) ateak, lehioak eta plazara ematen zuen fatxada harlanduz eginda egon zitezela (eta hala dago). (2) Alturari dagokionez, aurkepearen duena (eta hala dago), (3) etxearen teilatuko urak ipar aldera orientatzea (eta hala dago, neurri batean). 




 











Etxearen aurrekontua ere aurkeztu zuen ondoren, 10.670 erreal izan zena. Arkitektoa, Elgetan bizi zen Anakleto Bentura Berraondo izan zen. Obra egiteko kargua antzuolarra zen Manuel Letek hartu zuen, horretarako 480 erreal gutxiago eskainiz obraren enkantean.

Halaxe ekin zitzaion etxeari, baina 1868ko beste eskutiz batean, etxea txikiegia-edo geratu omen zitzaiolaren aitzakiaz, etxe ostean zegoen ingurua ere eskatu zion udalari (“hasta el ángulo del machón de la torre”). 

Baina obra hau egiteko baldintza batekin eman zitzaion baimena, egunen batean kanpandorre azpi horretan dagoen arkua zabaltzea pentsatuz gero, ez ziola inongo oztoporik jarriko asmo horri (“en la condición de que si en algún tiempo tubiese que abrir el arco, de derribar la obra que ejecute”). 



 ETXEKO PLANOA

1909an, berriz, badugu plano interesgarri bat adierazten, alde batetik, urte hartan, Cesareo Arrate zela etxe honen jabea, eta bestetik, ipar ekialdera ematen duen arkuak ere itxita jarraitzen zuela "por el ímpetu del viento del noroeste".


1909ko PLANOA

Iturria:
  •  Akta eta Akordio liburua, 6B (1820-1874). Antzuolako Artxibo Historikoa. Antzuolako Udala. 
  • Oñatiko Artxibo Historikoa. AHPG-GPAH 1/4430,C:74r-77v.
    Obligacion de remate para la egecucion de obras de edificacion de una casa de nueva planta en el sitio arrimado al portico de la Yglesia de Nuestra Señora de la Piedad de la Villa de Anzuola y por Manuel de Lete y su fiador mancomunado é insolidado Don Francisco de Eguren". 1852-04-25. (Fol. C74r.) "Condiciones que se han de observar en la edificacion dela casa de nueva planta que trata hacer Don Juan Jose de Uranga vecino de la Villa de Anzula en el sitio arrimado al portico de la Yglesia de Nuestra Señora de la Piedad de la misma". 1852-03-12. (Fol. C76r.) Plano. (Fol. C77r.) "Remate". 1852-03-18. (Fol. C77r.)
  • Anacleto Ventura Berraondo: http://www.albumsiglo19mendea.net/autoriamasdeuna.php?pag=1&texto=Berraondo%2C%20Anacleto%20Ventura

No hay comentarios:

Publicar un comentario