2018/09/15

JOSE JOAKIN MADARIAGA LARRAÑAGA


Antzuolako Errukizko Amaren parrokian badauzkagu bi erretaula eder, aldare nagusiaren ezker eta eskuin aldera Jose Joaquin Madariaga Larrañaga izeneko antzuolar batek emandako diruari esker egindakoak. Egia esanda ez dugu bere eraikuntzaz datu handirik, une honetan daukagun dokumentazioa urria delako. Hala ere,  Gipuzkoako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan egindako bilaketa baten bitartez, bai aurkitu dugula “Obra Pia de José Joaquín de Madariaga. Liquidación, partición y adjudicación de los bienes de la testamentaría de José Joaquín Madariaga Larrañaga, 1889”izendatzen den dokumentua[1].

Artxibora joan eta, dokumentua kontsultatuz, aipatutako Jose Joakinek egindako testamentuaren zati batekin topo egin dugu. Interesgarria benetan bertan aurkitzen dena, izan ere, bertan, bere azken borondatea izan baitzen Antzuolari zerbait eskainitzea.

Honatx testamentu horren hainbat pasarte: 

1. Hasteko bere testamentuaren hirugarren atalean eskaintzen dio herriko parrokiaren parrokoa zenari ehun duro “de moneda española”; duro bakoitza 2,25 peso aldatuta, 225 peso jotzen direnak. 

2. Testamentuaren zazpigarrenen atalean, berriz, ematen dizkio Antzuolako parrokiari 25.000 pezeta, edo “cinco mil duros de moneta española”. Eta 2,25 pesotan aldatuz gero, 11.250 peso jotzen direnak.

Baina, legez, ondasun guzti (11.475 peso) horren %50a Argentinako Entre Rios-eko Hezkuntza Orokorreko Kontseiluari zegokion.

Eta halaxe egin zen banaketa, arestian aipatutakoa aintzat hartuta; alegia, Antzuolako parrokoari goian aipatutako ondasunetik 5737,50 peso eman zitzaion.

Garai hartarako dirutza ere zen kopuru hori, horrela tasatuta zegoen: 

1. 180 hektarea Argentinako NOGOYÁ herrian zegoen Algorrobito eremuan. Hektarea bakoitza 15 peso, guztira 2700 peso. 

2. Nogoyán zeuzkan 16 akzio, bakoitza 90 peso, guztira 1440 peso. 

3. Ricardo eta Salvador Vadillori emandako 6673,78 pesotako kreditu batengatik, 1597,50 peso.

Beraz, esandako 5737,50 peso, ordainduta geratu ziren.

Guzti honen berri une hartan Irunen Francisco de Ocaranzarekin ezkonduta zegoen Jose Joakinen arreba zen Modesta Madariagari eman zitzaion[2].

Esan beharra dago ordaindutako testamentu aktaren kopia bat zela. Kopia bakarra zen eta guztiz legala “por el Vice Consul Español de la Ciudad de Paraña, provincia de Entre Rios en la República Argentina”. Ez zen beste kopiarik egin, “a fin de evitarlas a la parroquia unos ciento y pico pesos que costaría copia y legalización”. 

Goian esandakoaren dokumentua, eta guk kontsultatu duguna artxiboan, berriz, Jose G. Azpiazuk  1899ko otsailaren 16an Zumarragan egindako dokumentu bat da.

Baina, nor zen Jose Joaquin Madariaga Larrañaga?

1833ko abenduaren 9an jaio zen Antzuolan, bere gurasoak Raimundo Madariaga Elorriaga eta Xaviera Larrañaga Larrañaga zirelarik[3]. Hil, berriz, Irunen hil zen, 1896ko uztailaren 19an[4].

Bi arreba izan zituen: Josefa Alexandra (1831/02/16)[5] eta Maria Modesta (1836/02/24)[6]. Maria Josefa dakigu 1836an hil zela.

Anaiak, berriz, hiru: Francisco Xavier (1825/09/01)[7], Jose Maria (1842/08/06)[8] eta Bonifacio Esteban (1828/06/05)[9]. Bonifacio 1835ean hil zen.

Ez dago Jose Joakinen ezkontza agiririk. Eta testamentuaren bitartekari bere arreba izanik, ez zen ezkonduko.

Ez dakigu nola aberastu zen ere, dakiguna da Argentinan bazituela ondasunak, beraz pentsa genezake Antzuolatik Argentinara joan izana lan eta fortuna bila eta, ondoren, Irunen hil. Izan ere dagoeneko existitzen ez den jauregi bat (Villa Madariaga) egon zen bertan, ziur eurena zena. 2011n bota zen etxea.

Ez dakigu ere herriko parrokiak nola kudeatu zuen Jose Joakinek emandako dirua. Dakiguna da gaur parrokiaren bi aldareak egiteko behintzat erabili zela dirutza hori, eta eliztarrek, bere dohaintza eskertuz-edo, aldarearen alde batean zein bestean marmoleko oroigarri bat eskaini zioten. 

errukizko amaren aldareak bilaketarekin bat datozen irudiak errukizko amaren aldareak bilaketarekin bat datozen irudiak

J.JOAKINEK EMANDAKO DIRUAREKIN EGINDAKO ERRETAULAK

 VILLA MADARIAGA, IRUN bilaketarekin bat datozen irudiak
VILLA MADARIAGA (IRUN)
http://bidasoatikbidasoan.blogspot.com/2011/10/villa-madariaga.html 
https://www.diariovasco.com/v/20111014/bidasoa/ayuntamiento-inicia-derribo-villa-20111014.html

[1] Iturria: Elizbarrutiko Histori Artxiboa. Donostia. Parrokiaren kodea: 06.024. Signatura: P019-15. 1287/017
[2]1857-09-28an ezkondu ziren Antzuolan.  Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. DEAH/F06.024//1255/003-01(f.44v,nº--/M,1857-09-28)
[3] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1252/001-01(f.122v,nº--/B,1833-12-09)
[4] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1257/002-01(f.213v,nº12/D,1896-07-21)
[5] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1252/001-01(f.92v,nº--/B,1831-02-16)
[6] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1252/001-01(f.145v,nº--/B,1836-02-24)
[7] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1252/001-01(f.43r,nº--/B,1825-09-01)
[8] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1252/001-01(f.195r,nº--/B,1842-08-06)
[9] Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
DEAH/F06.024//1252/001-01(f.67r,nº--/B,1828-06-05)

No hay comentarios:

Publicar un comentario