2018/11/17

1965eko TXIRRINDULARI LASTERKETA BEREZIA

1965eko abuztuaren 25ean, Antzuolako herriko jaietan, lehen eta bigarren mailako afizIonatuen arteko XXI. txirrindulari lasterketa ospatu zen, eta berezia izan zen; oso nazioartekoa, urte hartan, irailaren 5ean ospatu zelako Lasarten mundu mailako txirrindularien txapelketa. Lasarten, irabazlea, Erresuma Batuko Tom Simpson izan zen; baina taldekako erlojupean, euskaldunak ziren Jose Manuel Lasa eta Txomin Perurenak zilarrezko domina irabazi zuten.

 
 1965/08/25ean egindako lasterketaren hasiera; atzerritarrez (italiarrak eta frantsesak) osatuta.

  

Aldo Balasso, Antzuolan irabazle

Italiarra zen ALDO BALASSOk irabazi zuen Antzuolako karrera. Esan bezala, frantsesek eta italiarrek hartu zuten parte lasterketan, baina baita mundialerako aukeratutako espainiar txirrindulariak ere. Guztira 76 txirrindulari. "Miles de personas han presenciado el pugilato" dioskute garai hartako egunkariek. 

Dirudienez batera joan ziren  Deskargaraino, tropelean, baina handik aurrera zatituta-edo, hiru ailegatu ziren Antzuolako helmugara, ihes eginda. Eta bertan, esan bezala, Aldo izan zen azkarrena. Ondoren espaniarra zen Mascaró, eta, hirugarrena, frantsesa zen Lechatelier.

Frantziarrak izan ziren  taldeko sarian irabazle.

Horrela adierazi zuten albistea garai hartako egunkariek:

 
LA VOZ DE ESPAÑA EGINKARIA (1965/08/26)

DIARIO VASCO EGUNKARIA (1965/08/26)

Iturria: Hemeroteka (Diario Vasco eta La Voz de España). 

2018/11/10

ANDONI AZKARATEREKIN UZARRAGAKO ETA ESKOLA KONTUAK


Andoni Azkarate Errepublika garaian jaio zen, 1932ko irailaren 17an, eta kasualitatez bere urtebetetzean egin genion elkarrizketa hau. Uzarragako kontuez gain, bertan izandako eskolaz eta Maristetako ikastetxean bizi izandako esperientziaz ere gurekin konpartitzea nahi izan du. Emaitzak, berriz, hauexek:

“1902an berriztu zen Uzarragako eliza, abade etxia urtebete beranduago, eta beranduago, berriz, sakristauaren etxea, gero taberna izango zena. Esaten denez, Josemari maisua izan aurretik, kaletik etortzen zan “Animas” bezala ezagutzen zan maisua. Akinabeitik etortzen ei zen Uzarragara, baserriz baserri, bakoitzetik zeozer jasoko ote zuelakoan-edo asmotan: patatia, arraultzak … Berak ere familia izango zuen eta!

Elizaren sakristia zegoen tokian jarri zen Uzarragako eskola, baina orduan maisua falta zela eta, Josemari Agirre aukeratu zen. Durangotik etorri zen. Iturbetxikiko baserrikoa zen alabarekin (Ursularekin) ezkondu zen 1915-6an edo, eta taberna ere ipini zuten, eta jende asko ere etortzen zen tabernara. Ardoa ere jarri zuten eta etxerako ere saltzen zuten. Barberixia ere jarri zuen, nahiz eta gero laga. Josemari baina, azkar alargundu zen.

Ni neu zazpi urterekin hasi nintzen eskolan, baina leitzen moldatzen nintzen ordurako. Monagiloa ere izan nintzen, Gregorio zenak eskatuta. Neu 10 urte egin arte egon nintzen Uzarragako eskolan. Gero Maristetara joan nintzen. Gerra pasatu zenean, eskola formalik ez eta, Sarasketa eta Arlutz baserrikoak ere etortzen ziren Uzarragako eskolara. Bazkaria hartu eta “egun pasa” etortzen ziren baserri askotatik. Sakristau etxean behintzat noizean behin umeak egoten ziren; inoiz gora joaten ziren, izan ere neguan, euri pean,  hankak eta arropak buztita egoten ziren, eta bazkariarekin etortzen ziren, eta elizpea ez zen toki egokiena orduan.

Erregela, makila edo kainabera ikasleen artean diziplina mantentzeko ("egurra emateko").

Euskararik ere ezin egin, bata besteari zaintzen ibiltzen ginen euskaraz egiten ari ginen-edo. Bat arduratzen zen zaintzen, eta zera esaten zuen: “callando sino maquillando”. Hark gu bezala ere egingo zuen gazteleraz! “Cara el Sol” ere abesten genuen. Bandera espainola ere eskolan egoten zen, mastil eta guzti egoten zen. Etxerakoan egiten genuen “Cara al Sol” kantua. Hura ere pasatu zen. Erdaraz egin behar. Euskara egitearren puntuak erabiltzen ziren, puntuak kentzen, gero kartillan apuntatzen zirenak, gero zigorren bat-edo egoten zen; eskolan denbora bat zertxobait gehiago egon-edo… Giro hau gerra osteko lehendabiziko hilabeteetan izan zen, gerra aurretik ez zegoen, baina gazteleraz ematen zirela eskolak entzunda daukat.

Musika ere ematen genuen “do, re, mi fa, sol, la”… Pianoa ere bazeukan Josemarik. Berak jotzen zuen. Letra ere asko zaintzen genuen. Ortografia ere bai. Irakurtzen, idazten eta problemak, lau operazioak behintzat ondo. Problemak ere bai, baina neurri batean. Erlijioa ere bai. Liburu eta koaderno desberdinak erabiltzen genituen adinaren arabera. Goizeko 9:00retatik 12:00ra arte egoten ginen, arratsaldez, berriz ez naiz akordatzen, baina ordubiak hasi eta laurak arte edo. Nik behintzat etxera ura ekartzeko ere aprobetxatzen nuen, batez ere uztailetik aurrera, izan ere teilatuko ura hartzen genuen garai hartan. Beti ura eramaten ibiltzen nintzen.

Frankismo garaiko eskola bateko gela 

Pupitreak dotoreak, ordurako onak ziren. Binaka jartzen ginen, eta bi dozena bat, neska eta mutil, egongo ginen eskolan. Erregela ere erabiltzen zuen “egurra emateko”. Kobrezko erregela, hori koloreko bat zeukan horretarako. Zabalera ematen zuenean erregelarekin arazorik ez, baina ertzarekin mingarria zen. Gu erregela ezkutatzen ibiltzen ginen eta hor ibiltzen zen zoroan pare erregelaren bila. Behin Elutzeko sorora bota genuen, eta ez zen gehiago agertu.

Irteeraren bat ere bai, Santa Isabel egunekoa (uztailak 2). Goizeko 9:00retan trena hartu Uzarragako tren geltokian eta 18:30etan bueltakoa hartzen genuen. Jolasa ere asko egiten genuen, pelotan, kalderonka-eta … baina etxera azkar joan behar izaten ginen, lana egoten zelako. Baserrian lan asko egoten zen.

Gurasoak arduratzen ziren eskola kontuekin baina ez zegoen horrelako jarraipenik. 

Gimnasia ere egiten genuen, astean behin-edo, dezente gainera, gogoratzen naiz flexioak-eta … “manos a la nuca” … Dena erdaraz, orduan ere. 

Ikasleen artean ere desberdintasuna zegoen, batzuk azkarrak ere bai, eta bakarren bat marrazkiak (dibujoak) egiten ere ona. Josemari haserretu egiten zen, eta zigortu egiten zuen. Berezko trebezia zeukana Jose Lamariano  zen, Gorriz gaineko baserrikoa. Oso eskolau ona, merezi zuena, eta aurrera joan zen. Artista bat¡

Ia urte guztian joaten ginen eskolara, ohikoak ziren jaiak errespetatuz.

“- Unibertsitatean ibilittakoak ezaun dola!” esaten genuen, Uzarragako eskolara joandakook elkarri.

Maristetan salto handia igarri nuen: algebra eta … Baserritar asko Maristetara joaten zen. Gogorra zen, diferentea, beste diziplina bat. Hori bai, antzuolarra zen “hermano” Carlos kenduta, dena eta denak gazteleraz. Oñatikoa zegoen marista bat, diziplina handia jartzen zuena. “-Zein jak, bada gaur?” esaten genuen eskolara joaten ginenean. Batzuk, oñatiarra maisua zela jakin orduko etxera bueltan joaten ziren. Matrailetatik majo heltzen zuen, eta arratsaldeetan siesta egitea ere gustatzen zitzaion, eta pupitrean siestatxoa. Beste batzuetan lo plantak egiten zituen eta gu jolasean. Orduan jaiki eta egurra banatzen ibiltzen zen. Batzuetan erru gutxien zeukanak ordaintzen zuen. Kuarteleko diziplina egoten zen … Batzuetan behar ere bai!

Behin, jaunartzea egin eta gero gutxiago ematen zen erlijioa. “Primer viernes” egitera ere joaten ginen egubakoitza goizetan, denak ilaran, Maristetan ibili ginenean behintzat. Herriko eskolatik neska pila bat ere bai. Eguena arratsaldeetan, berriz, aitortzak izaten ziren, eta gu bada etxera joan beharra, baina han egoten ziren herriko apaiz guztiak jendea konfesatzeko zain. Don Eusebio ere bai, baina oso zitzela zenez, berarekin ez zen inor egoten.

maristetako ikastetxea antzuola bilaketarekin bat datozen irudiakBeato Valentin de Berriotxoa ikastetxea. Makina bat antzuolarren, tartean baserritar askoren, eskola.

Maristetan beste maila bateko ikasketak ziren. Hiru edo lau maisu izaten genituen: matematika batek, beste batek Historia Sagrada eta… Narrazio pilo bat ere egiten zen, eta asko irakurri behar izaten zen. Ordutegi bat egoten zen denerako: geometria, dibujo (konpasa denok geneukan), matematika, … Hiru bat urte egon nintzen. Han, bai, kuota bat ordaindu behar izaten zen, baina merezi zuen.

Pilotan ere ibiltzen ginen, txapelketak egiten ziren, eta Balentin Berriotxoa egunean futbol txapelketa, antxintxiketan San Josetik bueltan…

13 urterekin beraz “kieto”, gero gaueko eskolak hartzen hasi ginen. Goizean lana egin eta gero eskolara. Batez ere neguan, pare bat hilabeteetan. Maisu on bat ere tokatu zitzaigun, baina denbora gutxi izaten zen. Batez ere baserritarrak joaten ginen. Aritmetika asko. Irakurri eta gutxiago. Ortografia ere bai, azentoak eta … Neguan aprobetxatzen genuen, eta halako batean etxean “ba laga beharko duzu eskola” esan arte. Aprobetxatzen genuen baita Isidoranekuan bihurrikerixak egiteko ere…

Josemari maisu bezala ba nahiko, baina gero tabernari bezala, tartean  politika ere, … nahastu egin zen egoera. Modu batean edo bestean ordaintzen zitzaion maisuari, derrigorra zen. Normalean generoa emanez ordaintzen zitzaion. Tabernarekin ere ondo moldatzen ziren, hala ere.

Hamarrenak eta primiziak abadiari eta sakristauari ere ematen zitzaion, ez dakit ze neurritan: garia, artoa, babia izaten zen. Don Isidro egon zen abade. 1939-40ean-edo etorri zen Uzarragara don Isidro. Ejertzitoko kaperaua izan zen gerra garaian. Kontua da abadea bizi zen etxean bazegoela ganbaran trojia, dezentekoa, eta batana zein bestekoa bertan sartzen zuten baserritarrek-eta emandakoa. Troja hori neuk ezagutu dut. Oilorik ere ematen zitzaion, baina gutxi. Gero saldu ere egiten zen batutakoa. Garia udazkenean, artoa ere bere sasoian, udazkenean eramaten zen. Komunean-eta urik ez, orain bezala ez behintzat, eta komunekoak egindakoak ondoren nahasteko gurdikada garoa ere ematen zitzaion abadeari. Gero, sorora botatzen zena (ongarri bezala). Su egur gurdikada ere bai udazkenean. Gero, egur hori beste norbaitek ebaki, eta horren truke parrokianoaren bati afariren bat ordainduz, egurra izaten zuen Josemarik urte guztirako. Asko biltzen zen, izan ere baserri asko eta batzuk bi etxebizitzakoak ere bazirelako, baina gutxiengo bat: “imillauna da laurden, imillauna ta erdi …” denok zerbait eman behar izaten genuen. Gerra ostekoa izan zen txarra, nahikoa ez etxean eta artean eman beharra, gurdikada ederrak joaten ziren kalera …

Uzarragan jaiotako maistra bat ere izan zen, Anjelita Lizarralde, Iturriotzeko alaba eta Bergaran, Altos Hornosen eman zituen eskolak".


2018ko irailaren 17an Azkarate baserrian egindako elkarrizketa. Eskerrik asko, Andoni!!

2018/11/03

ZIKLO-KROSSa ANTZUOLAN (1966-1967-1968)


Hoja de Lunes egunkaria (1966/03/07)

Txirrindularitzak izan eta du zaletasuna Antzuolan. Lehendabiziko txirrindulari txapelketa Errepublika garaian antolatu zen, 1933an. Gero ugariak izan dira gaur arte herrian eginiko lasterketak. Honetan, baina, desagertuta dagoen espezialitate baten inguruan hitz egingo dugu labur: ziklo-krosaz. 1960. hamarkadean ospatu ziren herrian lasterketa batzuk, eta garaiko egunkarietan ere agertu zirenak. Horren lekukotza dakargu, beraz. Guztira 3 dira Antzuolan ospatutako ziklokrossak:

La Voz de España 
(1966/03/08)

Lehena, 1966ko martxoaren 6an ospatu zen. Bergarako txirrindulari zaleen elkarteak antolatu ere. Antonio Barrutia zenaren azken karrera izan zen, eta bukaeran omenaldi bat ere eskaini zitzaion. Aldi berean urte hartako azken karrera ere izan zen Antzuolakoa. Jende asko elkartu zen herrian, tartean nazional mailako ziklo-krosseko tadekideak. 15,2 kilometroko luzera zuen karrerak, lokatzez betetakoa izan zen, eta Antonio Barrutiak irabazi zuen, ordubete 8 minutu eta 45 segundu egin ondoren; bigarren, Jose Martinez, bi segundura bakarrik; eta hirugarren, Manuel Nava, irabazlearengadik lau segundura. lasterketa bukatu ondoren, eta herriko txistulariak lagun zituela, Arin jatetxera joan ziren denak. Orduko alkatea zen Jose Iñurrigarrok, berriz, oparia eskaini zion.

Bigarrena, 1967ko martxoaren 5ean ospatu zen, domekan, "nacional" mailakoa zena. Irabazlea Jesus Gonzalez izan zen, Alfredo Irusta aurretik. Baina baita Jose Martinezen aurretik ere. Azken honek Antzuolakoa irabazi nahi zuen eta, hala, espezialitateko txapeldun bihurtu. Baina ez zen horrela izan, eta bere arerioa zen Alfredo Irustak, bigarrena izanik, 20 lasterketa omen zituen "challenge" nazionala eskuratu zuen. 12 kilometro pasatxo zeukan zirkuituan egin zen lasterketa (Mendigorri, Irimoegi azuoa, Antigua auzoa), Bergarako txirrindulari taldeak antolatuta. Oso eguraldi txarra egokitu zen lasterketa egunean.


















LA VOZ DE ESPAÑA (1967/03/07 KALERATUTA). Argazkian Alfredo IRUSTA irabazlea.


GOIKO ARGAZKIAN, MENDIGORRITIK GORA, ALFREDO IRUSTA
BEHEKO ARGAZKIAN, 1967ko FROGA ANTIGUATIK IRTETEN


  DIARIO VASCO (1967/03/07 KALERATUTA)

Beste froga bat, hirugarrena, 1968ko abenduaren 22an ospatu zen, domekan. Berau ere Bergarako txirrindulari taldeak antolatu zuen "con la colaboración del alcalde chirrindulari de la villa Ignacio Lete". Gipuzkoako txapelketa barruan Espainiako txapelduna ere bazen Jose Maria Gonzalezek berriro jantzi zuen Gipuzkoako txapela Antzuolan. "Milaka" etorri omen ziren karrera ikustera, bai Araba eta bai Bizkaia aldetik ere etorrita. 36 txirrindularik hartu zuen parte. 20,480 kilometroko zirkuitu ederrari ematen zizkioten bueltak (Mendigorri eta Irimogoienean ibiliz), eta ordubete eskaxean ailegatu zen lehena.
 

LA VOZ DE ESPAÑA (1968/12/24 KALERATUTA)
DIARIO VASCO (1968/12/24 KALERATUTA)

Geroztik ez da herrian ziklo-krossik antolatu, gure informatzaieek esaten dioskutenez. Agian urteren batean; nork daki!

ITURRIAK (HEMEROTEKA):
  • DIARIO VASCO EGUNKARIA.
  • LA VOZ DE ESPAÑA EGUNKARIA.
  • LA HOJA DE LUNES EGUNKARIA. 
  • Eskerrik asko Jesus "Kaxeta", Shanti Aiastui eta Joseba Lezetari.