2018/11/01

BASERRI ETA BASERRITARRAK GERRA OSTEAN (II)


Aurreko atalean Errepublika garaian herrian izandako nekazaritzaz hitz egin dugu, eta horretan jardun dugu zertan zen herrian osatuta zegoen tokiko Nekazarien Batzordea, Gerra Zibila garaian bertan behean laga zena, izan ere gerra irabazleen ordezkariekin ordezkatuko zena.

Eta hala gertatu zen 1938an. Dagoeneko 1936ko irailetik Antzuola frankisten esku zegoela, osatu zen nekazarien batzorde berria 1938ko azaroaren15ean, herriko udalbatzar aretoan, funtzioetan alkate zen Fernando Azkarateren agindupean.

Eta hala osatu zen batzordea: Lehendakaria, herriko alkatea zen Fernando Azkarate; lehendakari ordea, Inocencio Jauregi, une hartan (1937ko apirilean) sortu berria zen Falangisten (FET) eta Ofentsiba Nazional-Sindikalisten  (JONS) buru zena. Bokalak: Mateo Lizarralde (gero Jose Lizarralde), Emeterio Murguizu (gero, Marcelino Larrea), Pedro Iturbe eta Kruz Biteri, berriz, idazkari.

Batzorde honen helburuetako bat herriko nekazal aberastasun ebaluaziorako batzorde bat antolatzea ere izan zen. 1937ko azaroaren 22an osatu zen bera, eta alkatea (Fernando Azkarate) eta zinegotzia zen Roke Narbaizarekin batera, herriko semeak ziren Nikolas Mujika, Mariano Agirre, Felix Berraondo, Joakin Larrañaga, Lorenzo Etxeberria, Jose Mendizabal eta Santiago Madariaga egon ziren, idazkaria Kruz Biteri zelarik.

1944ko uztailaren 17an ateratako Dekretu baten bitartez berriro osatu zen “la Junta Local Agropecuaria o Junta Sindical Local Agropecuaria, como resultante de la integración de la misma de las antiguas Juntas Locales Agrícolas y Juntas Locales de Fomento Pecunario”.  Helburua garbia zen, garai bateko erregimenetik (Errepublikatik) zetozen arrastoak gainetik kendu eta erregimen berriarekin bat zetozenak sortzea.

Horrela geratu zen batzordea eratuta: Juan Antia Plazaola aukeratu izan zen buru (“Jefe de la Hermandad de Labradores y Ganaderos”). Idazkaria, beriz, Primitibo Jimenez Torres, une hartan herriko maisua zena. Bokalak: Juan Antia Plazaola berriro (une hartan herriko falangisten eta sindikatuen buru ere zena (“Jefe local de FET y de las JONS). Besteak: Pedro Migel Iñarra, Bizente Etxeberria, Pedro Iturbe, Marcelino Larrea eta Jose Lizarralde.

Batzorde berri honek “LA UNION, Cooperativa del campo” bezala izendatu zuen bere burua. Eta horrela jarraitu zuten elkartzen baserritarrek.
1965ean indartsua zen basarritarren elkargoa, edo hobeto esanda “la Hermandad Sindical de Labradores y Ganaderos”. Hainbeste,  bertako lehendakaria zen Juan Martin Etxeberria Bizkalatzak eskatu ziola Udalari Ondarren zegoen antzinako labaderoa bertan bulegoa eta biltzeko toki bat izateko. Udalak baiezkoa eman zuen, eta 100 pezeta ordaintzea eskatu zitzaion baserritarren elkarteari horren truke[1]. Eta hala gertatu zen:
 
“Juan Martín Echevarría, presidente de la Hermandad Sindical de Labradores y Ganaderos de esta Villa, que teniendo necesidad dicha Hermandad de un local para la celebración de reuniones periódicas y hallándose libre del pago del alquiler el lavadero, propiedad del municipio. Una vez realizadas las obras oportunas se podría habilitar un local para salón de reuniones y oficina, solicita tenga bien a conceder dicho local el Ayuntamiento para el fin indicado” (2).

1966an,  "local recreativo o de reunión para efectuar actos culturales, tipo de conferencias, coloquios o similares" izeneko erroldan dago elkarte hau. Bere egoitza, Mártires de España-n, eta 76 pertsona izateko gai zen.Urtetan egon zen baserritarren elkarte hori egokituta, aipatutako labaderoan. Hala ere ez zen azken bere azken egoitza izan, izan ere 1975ean aldatu beharra izan zuen beheko kalera, 6. zenbakira (4). 

Guk geuk gehiago jakin nahi izan dugu garai hartako, gerra osteko baserrietako bizitzaz, eta Mateo Arangurenena joan gara, Iruetxetara. Honatx bere testigantza:


“Gerra ondoren baserrian ez zen goserik pasatu, etxerako nahikoa egoten zen: patata, baba, txerria, ardiren bat … egoten zen. Kalean errazionamendua zegoen: olioa, ogia, … Baserrian garia, artoa, baba, patata … erein egiten zen. Herrian zegoen maristak ere bizitza handia eman zion baserriari. Guk ere bezeroak geneuzkan urte guztian. Soberan zegoena Maristetara eramaten genuen. Esne asko kontsumitzen zen bertan. Gurdikada patata ere iristen zen bertara herriko baserrietatik. Gaztela, Burgosetik jende pila bat etortzen zen bertara. Kaleko andreak ere arropak garbitu, eta ogi egileei ere ondo etortzen zitzaien… Altamiratik ere sagarra eramaten zen. Maristek, berriz, txerriak, oiloak … hazten zituzten. Baserrian, berriz, behiak eta idiak, ardiak… Familia handiak egoten ziren eta dena behar izaten zen, urte guztiak berdinak izaten ez zirelako.

Basotik ere bizi zen baserritarra. Santza Lutzia aurretik gariak-eta erein ondoren, su egurra (pagoa) ekartzen hasten zen baserritarra. Urkia ere bai, batez ere Oñatira zotzak edo palilloak egiteko erabiltzen zena; eta haltza ere bai, batez ere egurrezko jostailuak-edota komuneko tapak egiteko erabiltzen zena;  lizarrarekin eta pagoarekin erremintako kertenak ere bai, eta Legazpiko Patrizio Etxeberriak eramaten zituenak, horrekin aizkora kertenak, aitzur kertenak … egiteko. Dena aprobetxatzen zen. Gogoratzen naiz pago egurrak ere Elektriketako serrerixan mozten zirela Murtziara bidaltzeko eta bertan panaderoen palak-eta egiteko. Bergara ere egur asko joaten zen. Basoak ere 1956an, adibidez, hotz handiak egin zuen eta pinadiak ihartu egin zituen. Gaztaina eta zumarrak ere gaixotasuna zeukaten.
Sagardoa baserri gehienetan egiten zen, sagastiak zeundelako. Guk Beheko errotan egiten genuen sagardoa, bertan sagastia izan eta, eta 100 bat litroko bi kupel egiten genituen. Etxe aurrean ere jotzen genuen sagarra (pittarra esaten zitzaion) eta hari ura botata edaten genuen sagar ura. Esaten ziguten ez zeukala alkoholik.

Garia, artoa eta baba, berriz, herrian entregatu behar izaten zen. Ereindako azalaren arabera entregatu behar izaten zen. Urte haietan ardi ilea ere entregatu beharra egoten zen, gariarekin batera eta. Etortzen zen militarra eta kamioetan eramaten zuten dena. Gerra osteko kontuak izaten ziren konfiskazioak. Artoa ere bai, baina hemen geratzen zen asko, ezkutuan-edo.

Horrekin batera errazionamendua ere bazegoen, ogia, olioa, azukrea eta tabakoa, eta horren kontua eramateko familia bakoitzak bere kartilla zeukan. Ogia, esate baterako, gaur arraindegia dagoen tokian banatzen zen. Gerra ostea gose garaia izaten zen eta Antzuolatik ere pasatzen ziren soldaduak, hauek ere gosez, eta gure soroetako arbiak eta erremolatxa jaten ibiltzen ziren. Gerra garaian Deskargatik botatako morteroa Etxezuri aurrean ere jausten ikusi dugu, eta nola Roke Narbaiza orduan soroan lanean. Gu berriz ukuiluan gordeta.

Baserria erretzen zenean elkarren arteko laguntza egoten zen: garia, egurra, lastoa banatzen zen. Horretarako egoten zen anaide bat, seguru bat bezala. Badago Antzuolan, Bergaran eta Elgetan kuotarik ordaintzen ez den seguru bat bezala, eta bakoitzak ordezkari batzuk dauzka, Antzuolaren kasuan bi, Elgetan beste bi, baina Bergaran gehiago, auzo gehiago dagoelako. Eta zerbait erratzen denean komisioa joaten da eta ikusten du zenbat kalte egin duen, eta orduan zehaztuta egoten da momentu hartan okelak mataderian egiten duen prezioa (erralde okelak duen prezioa), eta diru hori sare honetan zeuden baserritarrek depositatu behar izaten zuten hilabete baten barruan aurrezki kutxan. Baina hori kobratzeko baldintza batzuk bete behar ziren: baserrian bizi behar zen eta suak egindako okerra konpontzeko erabili behar izaten zen dirua, beraz baldintza batzuk bazeuden. Gu geuk alde egin genuen sare horretatik baserria bota genuenean. Baina ez zen kuotarik ordaintzen, eta gaur ere jarraitzen du horrek. Tartean ez zegoen dirurik, kuotarik. Gero ganaduarekin bai, ermandadiak (anaideak) egoten ziren. Hau, berriz, serioagoa zen. Uzarragan adibidez, hamasei edo hamazazpi baserri egongo ziren ganadua zeukanak, Miso baserria tartean… baina baita Bergarako Usasti baserria ere. Eta hasteko komisioa antolatzen zen, era honetan: trenbidetik gora bi ordezkari eta trenbidetik behera beste bina ordezkari. Lau guztira. Lehenengo lana ganadua tasatzea izaten zen, eta berria ekartzen bazen-edo, guk “U” letra zeukan burdina batekin markatzen genuen, eta zenbaki bat ere bai jarri, adarrean. Txahala egiteko baldin bazegoen behiak, diru gehiago balio zuen. Jaiotzeko zenean ere arriskuak egoten ziren… Halaxe baserriz baserri joaten zen komisioa hiru hilabetez behin. Tasazioa baina, okelak merkatuan zeukana baino txikiagoa izaten zen. Gaixotasunen baten ondorioz-edo albaitariak esaten bazuen ez zegoela ezer egiterik eta hil eta larrutu behar zela esaten zuenean, ganadu-hiltzaile edo matarife bati deitzen zitzaion, eta gero etxean larrutzen zen, eta albaitariak okela jatea posible zela esanez gero, anaideen artean banatzen zen okela. Behin matarifeak haragi loteak egiten zituenean banaketa etortzen zen, eta ganadu gehien zeukan baserritarrak, aldi berean kuota handiena ordaintzen zuenak ere hartzen zuen loterik handiena. Baina behiak eta idiak izaten ziren bakarrik, txahalak eta ez. Esan bezala, urtean lau aldiz,  hiru hilabetetik behin egiten zen tasazioa, hilaren lehendabiziko zapatuan hasita. Inoiz domeka goizaren batean ere bai. Gero Aingeru Guarda egunean meza egoten zen Uzarragan, eta gero bazkaria. Baina baita Antzuola osoan ere egiten zen berau; egunean bertan (Aingeru Guardakoan), nahiz eta gaur zapatuan ospatu egun hori.

Tasatu ondoren ematen zitzaion baserritarrei paper bat esaten zer eta zenbatetan tasatu den bere ganadua, eta beste paper bat komisioak gordetzen zuen. Eta animaliaren bat hil beharra baldin bazegoen, etxez etxe batzen zen dirua eta kaltetuari ematen zitzaion. Gero LANA kooperatiba hasi zenean, bezeroak gutxitzen hasi ziren eta anaidea bera ere bai. Ganaduen gaixotasuna izaten zen naparrixa edo hankako mina, “fiebre Malta”, tuberkulina, … Brucelosisa-eta zeukatenak, hil eta gero, lurpean sartzen ziren. Diputazioak jarraipen zorrotza egiten zuen gaixotasunena eta zerbait sumatzen baldin bazuen kendu beharra egoten zen. Hildako animali batzuk Burgosera ere eramaten zituzten. Ganaduaren artean txizan odola ere ugaria izaten zen, baina hilda gero banatu egiten zen anaideen artean bere okela. Albaitariak esaten zuen ze okela zen onena jateko eta zer baztertzeko. Espainia mailan lehendabizikoa izan zen Gipuzkoa horrelako kontrolak-eta egiten, Diputazioari esker. Eta kanpotik zetorren ganaduak ere bere agiriak ekarri behar zituen, bestela ez zen ametitzen.

Baserrietan astoa ere egoten zen erosketak egiteko. Mendian behorra batez ere, eta Bergaran bazegoen harategi bat bere okela saltzen zuena, Antzuolako Agustin Arin karnizeroaren anaia. Ardia ere egoten zen.

Baserritarrak elkartzen ginen eta Manuel Lekuona oiartzuarra ere etorri zen horren inguruan hitz egitera Antzuolara. Maristetan ere izan genuen hor toki bat baserritarrak elkartzeko, baina gero Ondarren, han zegoen labaderoan kokatu zen Basarri elkartea, herriko udalak lagatako tokian. Soziedade bezala funtzionatzen zuen, sukalde eta guzti. Kuota bat ordaindu behar izaten zen. Hemengo baserritarrak ondoren EHNE sindikatuan sartu ginen. Sindikatu honek asko lagundu zuen aseguru sozial agrarioan baserritarrak-eta sartzen, baita errenteroak ziren baserritarrei euren baserriak erosten ere.

San Isidro ere egun oso garrantzitsua zen. Egunean bertan ospatzen zenean eguna –gaur zapatuetan- egun guztiko jaia izaten zen. Goizen meza, prozesioa, bazkaria eta, gero, arratsaldean, ferixa, tartean baita herri kirolak ere. Udalak dirua ematen zuen sarietarako, erremintak-eta erosteko, eta Bergarako Errautzenian ferreterian erosten genituen. Goizper kooperatibak ere jairen bat edo beste hartzen zuen egun horretan.

"A la 11:00:Misa mayor y procesión en honor al Santo. A las 12: Versolaris Garmendia y Arozamena. Hasta la hora de la comida “Kalejira y Chiquiteo”. A las 2: Comida en el local social. A las 4 y media: Feria anual de San Isidro, con reparto de premios. A las 6 y media: Representación de carneros al estilo del famoso “Adari-jokua”. A las 10 y media: Berbena en el frontón municipal a cargo de “Chorta”. En el intermedio recital a cargo de Xavier Lete y Lourdes Iriondo 
(Se acompaña copias autorizadas de canciones por la Delegación Provincial de Información y Turismo) (6).

San Isidro egunean bertsolariek ere sekulako garrantzia izaten zuten eta 1974ko San Isidro programan “Organizado por la Hermandad de Labradores de Anzuola, con la colaboración del Iltre. Ayuntamiento" ekarri zituzten: "los versolaris Juan Mugartegui de Berriatua y Domingo Garmendia de Berrobi, el día 15 de mayo de 1974, festividad de San Isidro, con este temario: 1. Tres versos saludando al pueblo de Anzuola. 2) En cada tres versos glosa de la vida del santo.3) En cada tres versos despedida. Por la tarde: 1) Para ambos, en cada tres versos, la desviación del caserío hacia la calle. 2) Idem. La causa de que los Mayorazgos hallen dificultades para buscar novia. 3) Idem. Mugartegui defenderá la postura de la calle y Garmendia la del caserío. 4) Idem. Despedida del público hasta el próximo año” (5).

Herriko errotak ere baserriarekin lotu behar dira. Argindarra bertatik lortzen zen. Gu geu Elektrikatik geneukan argindarra eta ez dugu arazorik izan. Larrebarrrengoak, berriz, Lizarraga auzoko argindarra zeukaten, baita larrua ontzeko Telleriaren lantokirako ere. Herriko tren estazioan ere argia egoten zen eta gure aita izaten zen horren arduraduna. Eta bertara joateko zegoen tunel azpian (Arimenditik joanda) eskura egoten zen, eta horren kontura jendeak bonbilak harrapatzen zituen. Etxezuri baserrian ere garai batean Lapatzako errota egon zen. Orain arte ere izan dute Etxezuri parean Lapatzakoek lur sail bat. Etxezuri azpian ere errota haren isurbide edo ur desaguea zegoen, eta erdian, berriz, Eleketrikakoa, bertako turbinatik ateratzen zen urena. Hor bertan, errekan, ur putzua ere egoten zen, eta bertan aingirak eta eskailuak. Galduta dago, berriz, bidegorria egin zenean, etxe parean zegoen iturria. Baina niretzat herriko iturririk onena Aldabekoa da, uda eta neguan berdin datorrena. Iturria errekaz beste aldean zegoen, eta batetik bestera pasatzeko “puente colgante” bat. Baina 1940ean (apirilak 1) ur handiak eraman zuen. Gero, Arizti inguruan zegoen Iberdueroko kaxetan lan egiten zuen Jorge Elizondori zor diogu gaur ezagutzen dugun tokira iturria ekartzea.

Burubikon ere egon zen tejabana bat, eta bertan kanpotik etorritakoak bizi izaten hasi ziren. Orduan makina bat txaboletan bizi zen kanpotik etorritakoak: Zorroztarrietako bidean, Loixetara joaten zen bidean zegoen txabolan, … Sallabente zen beste etxe bat. Nik neuk 11 bat familia batera bizi izaten ezagutu ditut Sallabenten!”.


Eskerrik asko Mateo Arangureni. 


[1] 1965-04-10, Libro de actas y acuerdos de 1965 a 1969,libro 21, folio 3.  
(2) Legajo 20, Correspondencia de 1965
(3) Legajo 22. Correspondencia del año 1966. 
(4) Legajo 35, Correspondencia del año 1975. 
(5) Legajo 32, Correspondencia del año 1974. 
(6) Legajo 37, Correspondencia del año 1976


No hay comentarios:

Publicar un comentario