2019/01/27

1968ko URTE HURA!

Modan egon da 1968a, bai nazioartean baita Euskadin ere izandako gertaerengatik. Eta urrutira joan gabe, Antzuolak ere bere erritmoan bizi izan zuen urte hura.

LA VOZ DE ESPAÑA egunkaria (27/08/1968)

Frantziako Maiatzak, Vietnameko gerraren kontrako manisfestazioek, Pragako Udaberriak, Martin Luther King-en esanek eta bere heriotzak ... oso gertaera mitikoak izan dira historian, bai handik aurrera munduan zehar eragindako aldaketengatik, bai soziopolitikoak, bai ekonomikoak eta baita kulturalak ere.

Euskadin ere aldaketa garaia izan zen. Industrializazioak, garapen ekonomikoak guztiz aldatu zuen gure lurraldearen paisaia, eta ez soilik naturala, baita soziala ere, une hartan makina bat izan zirelako Espainiako herrialde ezberdinetatik gure euskal herrialdeetara bizitza duin baten bila etorritakoak.

Industrializazioak ere langile kontzientzia ekarri zuen, eta baita langile mugimenduek sortarazitako istiluak ere. Adibidez, "Bandas de Etxebarri" izeneko greba ospetsua. 564 langilek 163 greba egun egin zituzten. Berau izan zen gainera, 1968an egingo ziren langileen mugimenduen eredua.
Politikoki, bere momentuan gurasoak hasitako borrokaren ordezkapena hasi zen. Euren seme-alabak hasi ziren frankismoari aurre egiten eta euren artean elkartzen. Hala, Donostian ospatu zen apirilaren 14ean Aberri Eguna, eta istiluak ugariak izan ziren. Gauza bera gertatu zen maiatzaren lehenerako eguna Euskadin, han ete hemen antolatutako ekintzekin. Horren baitan ezin ahaztu ETAk eragindako lehendabizikoa ekintza, Jose Pardines goardia zibila hil eta ondoren goardia zibilak Txabi Etxebarrietarena. Gero Meliton Manzanasen heriotza ere etorriko zen, lehendabizikoa prestatua izan zena.
Kulturalki ere aipagarria da: Arantzazun euskara batua forma emateko Euskaltzaindiak elkartutako aditu eta arituak bildu ziren. Oso ospetsua bihurtu zen Ama Lur pelikula ere, euskal izaera jasotzen saiatu zena, eta frankismoaren zentsura gainditu zuena. Ez dok Amairu musika taldea ...
Elizak ere belaunaldi berri baten jabe izan zen, politikoki, sozialki zein kulturalki ikaragarri markatu zuena euskal gizartea urte askoan.
Beraz, 1968an bideak zabaldu zituen, batzuk onerako eta beste batzuk, nola ez, okerrerako. Gaurko gizartearen zati bat une hartan eraikitakoaren emaitza da.

Eta Antzuolan, zer?
  • Politikoki, benetako detonantea maitzaren 1ean eman zen.  Herrian, soldata hobeagoak izan nahian, manifestazioa zegoen iragarrita eguerdiko 12:00etan. Manifestazio hurak eragina izan zuen une hartan udal ordezkariak ziren Angel Murgiondo eta Julian Iparragirrengan, bertan parte hartu zutelako salaketa jaso ondoren udal karguak laga behar izan zituztelako.
  •  Ekainaren 29an, berriz,  Villabonan ETAko militantea omen zenaren  heriotzarengatik ospatu nahi zen 12:00etako meza parrokian, oztopatu zuen goardia zibilak. Gauza bera gertatu zen uztailaren 6an egin nahi zena. Guzti honen ondorioz herriko jaietan boikota egon zen, eta ospakizunak ez ziren alaiak izan.
  • Aldi berean Derioko apaiztegian 50 bat apaiz bizkaitarrek egiten ari ziren itxialdiak ere zeresana izan zuen gure artean. 
  • Bide batez, 1968ko azaroan, herritar bat, Ignacio Badiola atxilotua izan zen.

    agustin landa, antzuola bilaketarekin bat datozen irudiak
Agustin apaiza Koroson meza ematen
  • Eliz ospakizunetan aldaketa bat ere izan zen herriko parrokian, zapatuetan emandako mezak iganderako balio zezakeelako. Beraz, igandeko meza balio bera zeukan handik aurrera zapatuan emandakoak. Hori 1968ko otsailaren 3an hasi zen. Hala ere, une hartan herriko abadea zen Agustin Landa kexatu zen Inmakuladari eskainitako bederatziurrenean jende gutxi joan zelako. Beraz, elizak eliztarrak galtzen ari zelako sintoma bat besterik ez zen izan.
  • Urte bereko abuztuaren 6an, herriko abadea zen Agustin Landarekin batera, Erroz (Nafarroa) herrira joan omen zen herriko gaztedia kanping-a egitera.
Badaude garai hartan beste albiste batzuk:
    1968 antzuola bilaketarekin bat datozen irudiak
 Ziklo kros lasterketa
  • Urtarrilaren 1ean herritarrek egindako gabon kanten kontzertua izan zen herrian. Egia esanda garai batean hain modan egon zirenak gaur, berriz, desagertuta daude herrian. 
  • Urtarrilaren bukaeran, berriz, eskaintza berezia egon zen. Orduan, eskolako maistra zen Edurne Galarzak euskaraz ikasteko klaseak ematen hasi zen herrian; zehazki esanda, urtarrilaren 30ean hasi zen, iluntzeko 8:30etan.
  • Ziklo krossa ere egin zen Antigua auzoan. 
  • 1968ko martxoaren 5ean itxi zuen Ondarreko taberna Bernardo Olabarriak. Beraz, lehendabizikoz ez zen ospatu Korpuzti Egunean Ondarran betiko erromeria (ekainaren 16an).
  • 1968ko martxoaren 25ean izandako elurte handi baten ondoren apurtu zen herritik pasatzen den 30.000 boltioko dorrea, Iriarten.
  • Urte hartan, Basalde aldeko errekan, bertako karramarroak ere arrantzatzen ziren.
  • Orduan ere modan jarri ziren ikasketa bidaiak, eta 1968ko martxoaren 3an elementalean zebiltzan ikasle batzuk dantzaldi bat antolatu zuten.
  • Une hartan ere, gaur ezagutzen dugun Lan Kide Aurrezkia edo Caja Laboralak zabaldu zituen bulegoko ateak San Jose Kooperatiban. Ekainaren 22a zen.
  • Abuztuaren 6an kamioi-istripu larri bat egon zen Deskargako mendatean. Kamioi-gidaria hil eta zeraman karga kutsakorraren ondorioz, errekan zeuden amuarrainak, aingirak eta karramarroak hil ziren.
  • Irailaren 14ean, Goizperren, kotxe bat lapurtu zuten, eta beste bat saiatu lapurtzen Galarza eta Arbulu lantoki parean.
  • Baina ez zen lapurreta saiakera bakarra izango, urriaren 29an Lan Kide Aurrezkian (Laborala) lapurreta saiakera egon zelako.
  • Une hartan eskola berriak egiten ari ziren, eta herrian mugimendu handia zegoen. Hala ere, bukatzeko zeuden, eta abenduan iritsi ziren eskolarako altzariak. A ze poza!
  • Une hartan ere jarri zen ULGOR kooperatibara lanera zihoazen langileentzako autobusa.
  •  Eguraldi lehorra tartean, abenduan, etxeetarako ura mozten hasi ziren. 
  • Maristak salduko zirenaren zurrumurrua zabaltzen hasi zen.
  • Ezin ahaztu zine parrokialean ikusten genituen pelikulak ere! Eta Inazio “errementari” bere otartxoarekin litxarreriak-edo saltzen, zapatu iluntzean eta domeka arratsaldean (umeentzat). Pelikula hauek ikusten genituen: “Cristo negro”, “Tambores del destino”, “Sandro”, “Cuatro balazos”, “Camino de Santa Fe”, “El reto”, “El espía de Hollywood” … A ze pelikulak!
Ondarreko taberna bilaketarekin bat datozen irudiakGoitik behera: Ondarreko taberna eta Arin jatetxea  Ondarreko taberna bilaketarekin bat datozen irudiak
Badaude beste hainbat bitxikeria:
  • Ea asmatzerik duzuen. Badakizue zenbat izan zen ARIN jatetxean egindako bazkari hau? Arrain sopa, ondoren aukeran: legatza frijitua, mingaina, txuleta edo solomiloa; gero, postrean, tarta eta izozkia; bukatzeko: kafea, kopa eta purua. Guztira: 210 pezeta. Alegia, gaurko 1,26 euro!!!
  •  Ondarran zegoen Bernardo Olabarriaren tabernan, berriz (1967): sopa, frijitu bariatuak, txuleta edo solomilloa, tarta eta izozkia, eta kafea. Guztira, 170 pezeta (1,02 euro!!).
  • Ongi etorrin (1967). Arrain sopa, legatza saltsan edo frijitua, oilasko erdi, platanoa eta laranja, gehi kafea. Guztira: 160 pezeta (0,96 euro!!!).
  • Ez zegoen arazorik tabernetan ondo bazkaltzeko edo afaltzeko, beraz. Badakigu adibidez, Santa Zezilia egunean koruko abeslariek ze bazkaldu zuten eta zenbat ordaindu zuten bakoitzak (guztia 38 abeslari ziren) azaroaren 25ean egindako bazkarian: arrain sopa, bisigu erdi eta solomiloa, postrea eta kafea, 170 pezeta (1, 02 euro). 
  • Hozkailua erostea garestiagoa zen: 12.000 pezeta; ordurako asko, baina beharrezkoa (72,12 euro). Izan ere, ideia bat egiteko, uztailean kobratzen zen “18 de julio” extra: 2900 pezeta zen (17,43 euro) bataz beste. Bi hilabeteko argindarra ordaintzeko nahiko: 480 pezeta (2,88 euro). Merkeago, baina, trenez Antzuolatik Zumarraga joatea: 5 pezeta (0,03 euro).
antzuolako trena bilaketarekin bat datozen irudiak Uzarragako tren geltokia


Agian engainagarriak dira pesetatik eurora pasatzea inflazioa aintzat hartu gabe. Ez da kopuruekin mareatzea gure asmoa. Datu bat. Antzuolatik Zumarragara hartutako trenak 5 pezetako kostua zeukan. Urte hartatik hona izandako inflazioa aintzat hartu ezkero, gaur, 118 pezeta kostatuko litzateke.

Informazio iturria:
  • Benito Ramirez Intxaustiren egunerokoa







2019/01/26

`IRINMODO´ 500. ATAL !!!! (ZOZKETA)


Ez dakit blog hau sortzeko unean hainbeste urte hartzeko esperantzarekin hasi ote ginen lanean, baina errealitatean hala gertatu da. 2012ko abuztuaren 2an kaleratu genuen lehendabiziko atala. Gaia, Uzarraga elizako erretaula nagusia. Beraz, zazpi urtera goaz!

Herriko, Antzuolako kultura eta natura ondareaz dihardu blog honek, eta gainera euskaraz. Aitortu beharra ere badago zabalkunde aldetik muga batzuk ere dituela blogak. Alde batetik gurea herri txikia da, eta, bestetik,  euskaraz idatzia dago. Mugarriak muga, baina, gure herri nortasuna zabaltzeko baliagarria izan delakoan gaude. Alegia, modan dagoen esana batekin bat eginez, izena izanaren jabe bihurtu dugu gure herria.

Eta berau ospatu nahi dugu otsailean zehar, astero zozketa bat eginez. Herriko Udalak ere lagundu nahi izan digu eta zozketa horretan sarituko direnei herriari buruz idatzitako liburu sorta bat eskainiko dio. Sorta bakoitzean 12 bat liburu, eta astero bat zozketatuko da.

BESTEAK BESTE HAUEK DIRA LIBURU SORTAKO LIBURUAK, ETA OTSAILEAN ZEHAR ZOZKETATUKO DIRA

Zozketan parte-hartzeko blog honetan idatzitako atalen inguruko galdera batzuk egingo dira, eta asmatzen dutenen artean aipatutako liburu sorta zozketatuko da. Beraz, erne, asteburuetako atalarekin batera galdetegitxoa (bost galdera) joango delako. Eta hasi, berriz, otsailaren 2-3an hasiko gara.

Giroa berotze aldera, hementxe duzu orain arte blogean kaleratutako atalen zerrenda, urtez-urte, horren bitartez jakin dezazun egiten diren galderak noiz idatzitako atalekin eta egun, hila eta urtearekin lotura duten.

Animatu nahi zaitut parte-hartzera, eta Antzuolari buruz idatzitako liburuak eskuratzera.

Ondo segi!!!



Badira dagoeneko 6 urte blog hau editatzen eta kaleratzen  hasi ginela. Hemen dauzkazue 2012ko abuztuaren 2tik blog honetan idatzitako artikulu guztien zerrenda. Bateren bat interesatzen bazaizue, beraz, badakizue non aurkitu: 








2019/01/19

SEGURA, ANTZUOLA eta ALARDEKO MUSIKA


Antzinako alardeak bai pifanoz bai danbolinez lagundurik joaten ziren. Badakigu ere horien betebeharra zela kapitainaren aginduen berri -pregonari gisa-  ematea. Badirudi ere Suitzan hasi zirela tresna hauek banda militarretan erabiltzen.

Gaur, Antzuolako alardean, garai batean bezala, ohitura da musikaz laguntzea kalejira osoa. Baina badakigu nondik datorren musika? Noiztik jotzen den alardeko musika martxa nagusiena?

Egia esanda galdera hauek duela urte batzuk erantzuten saiatu ginen, eta horrek bere gorabeherak izan zituen. Gaur, berriz, datu gehiagoren jabe garenez, informazio zehatzago bat ematera gatoz.

1987an aitortu ziguten Madrilen dagoen Ejertzitoaren Museotik, Antzuolan jotzen zen musika “Antologia de Marchas Militares” izeneko grabazio-zinta baten argitaratuta zegoela. Bilduma horren egilea une hartan Miguel Asins Arbo izeneko ejertzitoko komandantea zen.
"MARCHA REAL FUSILERA", ANTZUOLAKO ALARDEAN JOTZEN DENA, ETA JOSE INAXIO ANSORENAK ALARDERAKO EGOKITUTAKO PARTITURA

Berarekin jarri ginen harremanetan, eta urte bereko irailean bidalitako eskutitzean adierazi zigun zera: “La música que Vd. me envía corresponde a la `Marcha Real Fusilera´. Desconozco el origen de esta pieza que, en realidad es un toque para las ceremonias internas de cámara de Palacio. Es posible que sea sucesora de la antigua `Marcha fusilera para pífanos y tambores de Espinosa de 1761´”.

Eta egia da, adituek dioskuten bezala, XVIII. mendean sortutako martxa militar bat da Antzuolan alardea laguntzeko erabiltzen zena eta dena; alegia, “Marcha Real Fusilera”.

 SEGURAN, GORPUZTI EGUNEAN ERE JOTZEN ZEN "MARCHA REAL FUSILERA". JATORRIZKO PARTITURA, JULIAN ZUNZUNEGUIk EGINDAKO EGOKITZAPENAK

Baina ez gure herrian soilik, baizik eta jakin bagenekien ere duela gutxira arte-edo Seguran Korpus egunean jotzen zela bera. Are gehiago, ezaguna dugu alardean jotzen den Segurako alborada bera ere.

Honetaz hitz egiteko asmoz Zerainen bizi den Jose Mari Telleriarekin egon ginen. Beraz zera diosku: 

“Bere aita zenaren (Francisco Telleria) musika partiturak Segurako organista omen zen Julian Zunzunegik (duela 60 bat hil zen zestoarrak) jotzen zuen, bera izan zen Jose Mari Telleriaren solfeo irakaslea. Ez da Antzuolan jotzen dena Marcha de los infantes, baizik eta Marcha Fusilera. Eta gu geuk ere hau da Gorpuzti egunean jotzen genuena, eta harmonizatu Julianek egin zuen. Ni betidanik ezagutu dut Gorpuzti egunean. Ni neu ere segurako batek esandakoa enteratu nintzen Antzuolan ere jotzen zela moro egunean. Nik uste dut orain dela 30 urte ez dela jotzen Gorpuzti egunean. Lagatzeko arrazoia izen zen enteratu ginenean militarra zela, eta orain Gorpuztiko zortzikoa jotzen da meza nagusiaren ondorengo prozesioan. Nire aita, Mutillaunekoa bera, Francisco Telleria (Olaberriko udaletxeko idazkari eta Segurako organista ere bai) neuk jaso nituen bere partiturak, eta orduan konturatu nintzen partituraren jatorriaz. Julianekin eta Segurako txistularien buruarekin (Pedro Iriarte) harremana ere bazeukan eta uste dut hortik hasiko zela jotzen. Julian, esan, Pedro Iriarteren emaztearen anaia zen. Zortziko martxa gaur Seguran jotzen dena, ezpata dantza ere bada, beraz hemen ere oraindik armak erabiltzen dira. Dena dela, Julian Zunzunegi hasi bazen harmonizatzen esandakoa XX. mendearen hasieran-edo hasiko ziren Seguran ere aipatu dugun martxa hori. Nik hala uste dut, behintzat. Aldi berean Segurako Alborada bere ere militarra da, berez. Tolosako Letamendiak-edo esana da Tolosako banda zuzentzera Jaenetik etorri zenak ekarria omen da, eta jatorriz `Alborada del Rio Segura´ omen da. Beraz, jatorria ez da Segurakoa, hemengoa, baizik-eta handik ekarritakoa, ondoren bertako txistulariek harmonizatua”.

Seguran gertatutakoa analogiaz Antzuolarekin ere bat eginik, gure kasuan zaila da identifikatzea nor izan zen musika hau herrira ekarri eta alardeari ezarri ziona. Agian garai bateko txistulariren batek ...

Elkarrizketa:
  • 2018/06/31 (Zerain)
Eskerrik asko Joxe Mariri!!!

2019/01/12

UGARRIAGA AZPIKO BASERRI BERRIA ERAIKITZEN (1669)

Baserriak erretzen zirenerako, herriak bazeukan, beste hainbat herri araurekin batera, erretako baserriei herriko lur basoetatik egurra eskaintzeko era. Hemengo kronikatxoan antzemango dugun bezala, Galartza auzoan kokatuta dagoen Ugarriaga edo Ugarrixa azpikoari gertatutakoaz azalduko dugu. Izan ere, herriko Udalak erretako baserriaren  berreraikitzarako 40 haritz ematea erabaki zuen: erdia (24 haritz) herriaren kontura, debalde, eta gainontzekoak (beste 24) herriko ordenantzek hala adierazten zuten bezala. Honatx zer adierazten digun aurkitutako dokumentuak:

UZARRAGA AZPIKOA ETA IRUMENDIKO ABELETXEA

“Este dia a proposiçion de Juan Martinez de Galarça, en su nombre e de doña Ana de Saloguen, como mujer lexitima de don Françisco Antonio de Ondarça y Galarza, vecina desta dicha villa y de la de Vergara, para la reedificaçion que pretende de la cassa jermada de Oarriaga de yusso, se la den en los términos desta villa cantidad de maderamen como a otros reedificantes se les ha dado y concedido … y conferido sobre ellos se acordó se den a la dicha doña Ana quarenta y ocho robles: los veinte y quatro gratis y los otros veinte y quatro pagando lo que se a hussado y acostunbrado”.

"LA CASSA JERMADA DE OARRIAGA DE YUSSO"


ITURRIA
  • Antzuolako Artxibo Historikoa: Akta eta akordioen bigarren liburua (1661-1674): 1669/12/20 (142v).

2019/01/06

GERRA GARAIKO ETA ONDORENGOAK (KARMELE SAN SEBASTIAN)


Karmelekin egindako elkarrizketan oinarritzen da azpian irakurriko duzuen testu hau. 1936ko abenduaren 9an, Lekeition, jaio zen Karmele. Beraz, gerra garaiko ume bat izendatu den "umetasuna" jasan behar izan zuen ume umetatik. Oroitzapen gardenak dauzka garai hartakoak, eta gurekin partekatu nahi izan ditu. Beraz, Irinmodo blogak eskerrak eman nahi dizkio bere (n) esperientziak beste batzuekin ere partekatu nahi izan dituelako.

 ABELINO ETA EULALIA, SENAR EMAZTEAK

“Gurasoek (Abelino San Sebastian eta Eulalia Lugarizaristik) herritik alde egin zuten, Antzuolan nazionalak sartu aurretik. Lehenengo Ondarrura joan ziren. Baina han jende asko eta batzuk Lekeitiora pasatu zituzten. Eta ni han jaio nintzen. Antzuolatik ere Kalebarrenen bizi ziren Lamarianotarrek ere (Donato zen herriko alkatea) alde egin zuten. Anaiak-eta gerran ibili ziren,  arrebak berriz Bizkaira joan ziren eta gero batzuk-edo Frantziara pasatu ziren.
EAJ donato lamariano bilaketarekin bat datozen irudiak Donato Lamariano, herriko alkatea

Gure aita (Abelino) gerran ibili zen eta egun batzuetan permisoak izaten zituzten, 2/3 egun, eta egoteko etxea Lekeition geneukan. Tio Migel, berriz, zaurituta egon zen, eta sendatu arte etxeetan egoten ziren, eta nire tio Gernikan egon zen. Nire aitak ze batailoitan parte-hartu zuen ez naiz akordatzen. Gu geu hemengo bilurrarekin alde egin genuen (Antzuolatik). Aita EAJ/PNVtik gertu zebilen eta horren beldurrez alde egin behar izan zuen. 

Ni neu jaio eta bost hilabete neuzkala etorri nintzen Antzuolara amarekin, eta une hartan egoera pil pilean zegoen, 1937a zen, eta berehala deitu zioten amari Bergarako komandatziara joateko. Eta norbaitek esan zion “joan zaitez umearekin”, eta hala joan zen, eta hartu zutenean komandantzian esan zioten amari: “si no fuera por esa criatura usted tendría que estar en la cárcel, pero para que vea que humanos somos le vamoa a tener retenida en casa para que le haga caso a la hija. Y no podrá salir de casa”. Orduan amak esan zion “¿tampoco a misa?”. Komendantziako buruak, berriz, noiz ziren mezak galdetu zion. Eta orduan goizeko 6:30etan zirenez mezak, bada ondoren ez deskuidatxeko inorekin egoteko, meza bukatu orduko etxera bueltatzeko, esan zioten.

Gerra Zibila Antzuolan bilaketarekin bat datozen irudiak
Antzuolako Emakume Abertzale Batza

Etxean irten ezinda zegoen bitartean, Maria Jesus Aseginolaza etortzen zen etxera; Dionisia Zabalo eta Pazientenekuan bizi zen beste familia bat, Canuton familia ere etxera etortzen ziren ama bisitatzera… eta beste batzuk ere bai, tia Bittorin ahizpa bat ere bai.

Halako batean, ni neu neskatilatxoa nintzela, sekulako iskanbila egon zen egun batean. Akordatzen naiz sekulako desfileak egoten zirela, batez ere frankistek-eta hiriren bat-edo hartzen zutenean, desfilean joaten zen Espainiako banderarekin herriko jendea, eta leihora irteten bazinen bada agurtu edo salutatu behar izaten zen bandera. Eta hala gure tia batek, leihoren bateko kortina mugitu eta bandera ikusi zuenean ez zuen salutatu, eta arduraduna etxera joan zitzaion … eta sekulako demanda egon zela akordatzen naiz. Eta agindua jaso genuen ordutik aurrera leihora behintzat inoiz ez agertzeko. Pasatu behar baziren desfilatzen pasatu zitezela. Dakit desfile handiak egiten zirela orduan.

Nire aitak oso salaketa grabea zeukan: heriotza zigorra. Hemen (Antzuolan) heriotzak egon ziren, Lizarralde anaiak, Araiztegi aita semeak, eta gero herriko sakristaua. Ez dakit dakizun, zergatik hil zuten. Nik tia Bittoriri-eta entzundakoak. Itxura denez Telleriakoek jakinean ze zetorren, armak gordetzen zebiltzan, eta ideia hobeagorik ez zuten izan sakristaua konprometitzea baino elizan armak-eta gordetzeko. Baina armak eraman behar ziren eta zeintzuk eta, bada euren inguruan lanean zabiltzatenak: Lizarralde anaiak tartean, ondoren atxilotu egingo zituztenak, eta kartzelan sartu. Sakristaua ere Bergarara eraman zuten eta ez juizio eta ezer gabe afusilatu egin zuten.

Gerra Zibila Antzuolan bilaketarekin bat datozen irudiakGero kartzeletan-eta asaltoak egiten ziren, eta bertan hil zituzten Lizarralde anaiak eta Araiztegi aita eta semea. Atxilotuta ere egon ziren Ankurkuko Patrizia, Telleriako Mertxe eta Blanka, baina gero askatu zituzten. Eta ondoren etorri zen mendekua.

Esaten dute Telleriakoek jakin izan zutenean ze zetorren, Jose edo Pepek alde egin zuela herritik, baina aipatutakoek (Lizarralde …) esan ziotela “eta gu orain zer?”, eta erantzuna izan zela: “Ez izan kuidadorik, zuek esan gure esanak bete dituzuela”. Hori komentatzen zuten. Badakizu antzinako kontuak dira eta…
“Luchó contra Dios y contra la Patria” zen gure aitak zeukan salaketa. Atxilotu eta Santanderrera eraman zituzten euskaldunak, Santoñara. Baina batzuk Bilbora eraman zituzten: lehenengo ikastetxe batera eta gero Larrinagako kartzelara. Eta nik ez dakit zenbat denbora izango nuen, baina akordatzen naiz nola amak besoetan eraman ninduela kartzelara, eta ni ondoren akordatzen nintzen zelako kartzela zen, eta amak ez zuen sinesten. Esate baterako, nola kanpoko jende asko zebilen kartzelan, eta ni negar batean, eta gizakume batek nola hartu ninduen ama libre lagatzearren. Beldurtu nintzen eta gero ez nintzen gehiago amagandik banatu.

Handik Ondarretara pasatu zuten aita, eta han bada zazpi bat urte pasatu arte-edo, egon zen, izan ere lehen jaunartzea 6 urterekin egiten zen, eta gure jaunartzea izaten zen buruz otoitza denak gazteleraz ikastea. Eta horren kontura behin ama joan zen orduan herriko parrokoa zen Don Luisengana galdetzera ea posible zen urtebete atzeratzea jaunartzea, posible zelako aita etxea bueltatzea, baina erantzuna ez zen ona izan (“ze pentsatzen duzu bada, zure gizona etorriko dalakoan ala? Haren begira ezin naiz egon!”).

 Kontxita (ezk.) eta Karmele (esk.) ahizpak

Baina ez dakit nola lortu zuen amak ahizpa eta hirurok aita zegoen kartzelara bisitan joatea. Guk bagenekien aita bat zegoela kartzelan; gu asko maite gintuela, baina niretzat “padre desconocido” zen ia. Esaten zizkidaten amak gauza asko baina … guk ez genuen ikusten. Hala, Ondarretara, kartzelara joan ginen eta gu geunden sarrerara monja bat etorri zen, lehengo monjak, sekulako tokarekin-eta. Galdetu zigun: “¿Sabeís cerrar?”. Gure erantzuna izan zen baietz. Orduan berak ea zer genekien galdetu zigun berriro, eta gure erantzuna: “las oraciones de la doctrina”. Berriro galdetu zigun: “¿Y qué sabeis rezar”? Gu orduan hasi ginen errezatzen denak “a carretilla”. Berriro galdetu zigun: “¿Quién os ha enseñado a rezar”? Guk erantzun genion doktrinan eta amak etxean ikasi genuela doktrina. Bera harritu zen. Eta orduan nik neuk esan nion: “además yo sé rezar el Rosario, el Padre Nuestro y diez Ave Marías, todas las noches y todos los días”. Bera harrituta geratu zen. Eta ez dakit hau izan zen arrazoia baina gure aita presondegiko kaperako sakristau izendatu zuten, eta urte horretan etorri zen Santa Lutzia egunean “con permiso de 48 horas por buen comportamiento”. Gure aita oso erlijiosoa zen. Gero etorri zen lege bat “para la redención de pena”, eta, hori aprobetxatuz, lana eginez joaten zen egunak kentzen, eta ez dakit baina Irunen edo ibili zen kanal bat-edo egiten, halako zerbait, eta han egoten ziren, eta gu ere hara joaten ginen, Irunera. 
Aitak esaten zuen langile asko gaixotuta ere egoten zela. Eta bazegoen berarekin batera gizon bat ezer ez zeukana, eta aitak esanda guk eramaten genuena (asko ez) berari ere ematen genion. Horrek gogoan dauzkat.

Aita libratu zutenean nik ia zazpi urte neuzkan. Kontxita ahizpak ere jaunartzea eginda zeukan. Eta Kontxita ahizpa aipatzen garen honetan, bera jaio zenean ere akordatzen naiz nola Ondarreko tabernakoa zen Guadalupek bidali zizkion amari opari bezala ardo goxoa eta pastak. Gure etxean orduan ez zen gauza handirik egongo, eta pastak behintzat ondo etorriko ziren.

Karmele (ezk.), Eulalia (ama) eta Kontxita (esk.) ahizpa.

Ni neu txikia izanda ere, banekien aitak “condena de muerte” zeukala, eta zerbait txarra zela ere bai, izan ere gure amak negar egiten zuen, eta horren aurrean nik izaten nuen beldurra, ze pasatuko ote zen… Libratu eta gero Plazentzian hasi zen lanean, eta han zebilela gizon bat hurbildu zitzaion esanez berarekin hitz egin nahi zuela. Orduan esan zion berak salatu zuela, berak sinatu zuela salaketa. “Banekixen gizurra zala, baina beldurra neukan; halako presiñua izan neban, eta halako beldurrarekin...”. Orduan aitak esan zion bazekiela. Orduan salatu zuenak harrituta galdetu zion ea nola enteratu zen. Aitak orduan esan zion bere anaiak (Migel) esan ziola. Orduan aitortu zion salatzaileak oso gaizki pasatu zuela salaketa ondoren, eta jakinean “condena de muerte” zeukala, eta bere erruz hilko zutela, berak sinatutako testigantzagatik, ba gauez esnatzen zela. Aitak orduan esan zion gerra kontuak zirela, sinesten zuela beldurrez jota egongo zela, eta trankil egoteko esan zion. Izan ere, une hartan lanean zebilela, familian, eta handik aurrera ondo bizitzeko. Ordena eman zuen aitak salatu zuenaren izena isilik mantentzeko.

Esan oso gaizki ibili zirela han eta hemen egindako lanen garaian, Katalunian ere ibili zelako, Ter inguruan. Eta han ere gogorrak pasatu eta ikusi zituen aitak.
julian zubillaga, irinmodo bilaketarekin bat datozen irudiak Julian Zubillaga

Julian Zubillaga ere “pena de muerte”rekin egon zen, eta Ibarreko Meltxor Gabilondo ere duda daukat, baina kontakizun bitxia ere badago. Izan ere, nonbait, norbaiti zigarroa eskatu, eta sua ematerako orduan bada ikara batean jarri zen sua ematen ari zena, eta orduan esan ziola Meltxorrek bera zela hil behar zutena, eta ez bera”. 

Iturria:
  • Karmele San Sebastian. 

Eskerrik asko !!!!