2019/03/30

HIPOTEKAK: ARIMENDI BASERRIA ETA BERGARAKO IKASTETXEA

Hipoteka Kontularitzak, gaur egungo jabetza erregistroen aurrekari zuzenak dira. Gipuzkoan, Hipoteka kontularitzek 1768 eta 1862 bitartean funtzionatu zuten. Bertan, hainbat ekintza juridiko jasotzen ziren (salerosketak, jaraunspenak,…), non mailegu baten berme moduan ondasun higiezinak (etxeak, baserriak, lursailak…) jartzen ziren. Erregistroaren helburua, erosleen eskuetara pasatzen ziren ondasun higiezin horien egoera jakitea zen, alegia, hauek zein karga edo hipotekari egin behar zioten aurre jakitea. XVIII eta XIX. mendeko Gipuzkoan ondasunak hipotekatzea horren ohikoa zenez, Gipuzkoako historiarako funts hauek duten garrantzia begi-bistakoa da, bai baserri eta etxeen nondik norakoak jakiteko, bai eta ekonomia zein gizarteari dagozkion hainbat arlo ikertzeko ere.

Bergarako Barruti Judizialeko hipoteka kontularitzak bitan zatitzen dira, antolatzeko izan ziren sistemetan oinarrituz. Batetik, Udal Hipoteken Kontularitzak (1768-1845) daude, eta, bestetik, Barrutiko Hipoteka Kontularitzak (1845-1862). Lehenengoan kontularitzek dokumentu mota bakarra, serie bakarra, sortu zuten, kontularitza liburuak izenekoa. Bigarren garaian, Barrutiko Kontularitzako liburuek ez dute beraien izaera aldatzen, baina bai erregistro-idazpenak banatzeko era. Hala, bi liburu mota agertuko zaizkigu: batetik liburu orokorrak, non barrutiko udalerri guztiei buruzko erregistro-berriak biltzen diren; bestetik, liburu partikularrak. Azken horietan, barrutiko udalerri bakoitzak berezko liburua du.

Hipoteka erregistroa, beste hainbat erregistroren antzera, forma zehatz batekin sortu ziren, erregistro-liburuetan, Carlos III.ak 1765. urtean emandako Baiespen Pragmatika jarraituz. Liburu horietan, ondasun higiezinei eragiten zieten negozio juridikoen berri ematen zen.

1. Hasieran, 1768an sortu zirenetik 1844 urtera arte, Gipuzkoako udal bakoitzeko kontularitza erregistro bat egoten zen. Ondorioz, garai honetan udal-kontularitza liburuak izango ditugu, udalerri bakoitzak sortzen zituenak.
2. 1845etik eta kontularitza desagertu arte (1862), erregistroa egitearen ardura lehen auzialdiko epaitegiek zuten. Gipuzkoako kasuan lau ziren: Azpeitia, Bergara, Donostia eta Tolosa. Ondorioz, erregistro liburuak barrutiko erregistro liburu izatera pasa ziren, nahiz eta, batzuetan, barruti judizialek udalerri jakin bateko erregistroak jaso. Garai honetan ere, hipoteka kontularitzen aurkibideak sortuko dira. Tresna hauek informazioa bilatzeko ezinbestekoak dira, herrien eta alfabetikoki antolatutako aurkibideak baitira eta, ondorioz, informazioaren bilaketa asko errazten dute.

Bigarren garai horretan udal liburuak barruti judizialetara pasa ziren eta, horregatik, gaur egungo sailkapenak jatorri hau errespetatzen du. Web honetan bertan kontsultatu dezakezu artxiboan gordetzen ditugun Hipoteka Kontularitzaren erregistro liburuen zerrenda osoa, osotasunean deskribatuak eta digitalizatuak baitaude.

Liburuez gain, Barrutiko Kontularitzek aurkibideak ere sortu zuten, informazioa aurkitzeko funtsezkoak direnak. Eta horren garrantzia azpimarratu beharrean gaude, ez zituztelako bigarren garaiko (“moderna” hitzarekin adierazten dena) informazioa jasotzeko bakarrik sortu; aitzitik, beraietan 1768-1844 garaiko erregistroak ere indizatzen dira (“antigua” hitzarekin adierazten dena). Pentsa daitekeenez, aurkibide horiek berebiziko garrantzia dute informazioa topatzeko eta, ondorioz, komenigarria da hasieratik horietara jotzea.

Kontsultagarri duzu hipoteka-kontularitza liburuen eta aurkibideen zerrenda, garaien eta dokumentu motaren arabera bereizita. Horretarako, interesatzen zaizun horretan klikatu besterik ez duzu .
Udal Hipoteka-kontularitza:
Contadurías de hipotecas municipales (1768-1845)
INFORMAZIO GEHIAGO: 


Ez dugu blog honetan hipotekaz hitz egin. Horregatik hipoteken inguruan atal berri bat zabaltzea pentsatu dugu. Bertan, herriko jabetzen inguruko informazio asko eskaintzen zaigu, eta neurri batean herriko garai bateko egoera sozioekonomikoa ere bai.

Honetan ARIMENDI baserritik hasiko gara. Azpiko dokumentuan adierazten zaigu nola Maria Bautista de Aumategui Gorriz eta Juan Bautista de Villar, bere semea, biak antzuolarrak eta Arimendi baserriaren jabeak, mailegu bat hartu zuten Bergarako ikastetxea ("collegio". Errege mintegia?) 800 dukat -de vellon-, %2,5 interesarekin. Eta horretarako hipotekatu zuten Arimendi baserria, baina baita "Calebarria"n zeukaten etxea; eta baita bere senarrarengatik (Pedro Ignacio de Villar-Arimendi) jasotako gaztaionondoa; baita Azkoitian zeukaten etxea eta baratza, Maria Ignazia de Yzaguirrek emana 1745ean. Aldi berean baita Mariak berak zeukan diruaren dotea. 1774ean egin zen dokumentu hau, eta notarioak (Jose Francisco de Elorzak) sinatu zuen.


Ez daukagu datu gehiagorik, beraz ez dakigu ze arrazoi medio egin zen hipoteka hau Bergarako "collegio" horren mesederako. Mezenazgoa baino gehiago ematen du, dirudienez.

 ARIMENDI BASERRIA. ATZEAN UZARRAGA

Beraz, ez dakigu ze ikastetxera begira zabaldu zuen mailegua. Esan dezakeguna da urte hartarako -1767rako-,Bergaran zegoen ikastetxe bat Soledadeko nesken seminarioa zela (1732-1799), gero Mariaren Lagundia bihurtu zena. Jesuiten ikastetxea (1593) 1737an itxi zelako, eta Erret Mintegia 1776an zabaldu eta 1804ean itxi zelako.
Beraz, hipotesi nagusi bezala Soledadeko nesken seminarioari egindako dohaintza bat izan zitekeen. 



Iturria:


2019/03/24

GORRIZ "SUSO" BASERRIAREN ARRENDAMENDUA


Gorrizandia (behean) eta Gorriztxikia (goian). Gorago, berriz, Elorriaga baserria. 

Gorriz baserriek Bergara aldera jotzen duten Galartza auzoko baserriak dira. Antzinakoak, 1391ean aipatzen delako Johan Sanches de Gorris bat bertan bizi zela. Ez dakiguna da zein baserrikoa zen: handi ala txikikoa.  

Honetan, baina, Gorriztxikiari edo goikoari (suso) erreparatuko diogu, aitzakia 1751ean egindako baserriaren arrendamendua. Oso dokumentu aberatsa da, une hartan baserrian zeukan aberastasuna adierazten duelako dokumentuak, eta bide batez garai hartako soziologia ere ulertzeko baliagarria izan litekeelako. 



GORRIZTXIKIA edo GORRIZ "SUSO"

Esandako urtean (1751), abenduaren bostean, arrendamendu hau gauzatzeko elkartu ziren, besteak beste, baserri honen jabeak eta senar-emazteak ziren Esteban Manuel de Aguirre eta Arratabe eta Melchora Josefa de Aumategui eta Gorriz. Hauek, une hartan alarguna zen Ana de Elorriaga eta bere semea zen Santiago de Leturiari eman zieten arrendatuta Gorriz "suso"

Baina ze baldintzatan?

Dokumentuaren atal desberdinak aztertuko ditugu horri erantzuteko. 

Hasteko, arrendatutako animaliak adieraziko dira: idi pare bat, behia bere txahalarekin, ernaldutako beste bi behi, bi urteko txahala, hamar ardi eta hamabi ahutz. Beraz, etxe abere hazienda ona zeukan baserria zen Gorriztxikia.





Arrendamendua bederatzi urterako egin zen, eta urtero ordaindu beharrekoa ere adierazi zen: etxean jasotako 24 anega gari alde batetik, eta animaliek emandakoagatik 16 dukat Santu guzien egunean (azaroak 1), eta, Gabonetan, berriz, ohikoak ziren kapoiak.











Baldintza hauek onartu zituzten Ana de Elorriaga eta Santiago de Leturiak, eta lekukoak bertan zeudela ere, zekitenek bakarrik sinatu zuten, baita ez zekitenen izenean ere.










Iturria:

Fundación Sancho el Sabio. Archivo Otazu. Gorriz. FSS_OZ_GORRIZ, C.57,N.2, D.1




2019/03/19

UZARRAGAKO ESKOLIA

“Josemari zan maistrua, eta Uzarragako oroitzapenak oso polittak dauzkat. Jolasa elizpian egiten giñuan. Maisuak batez be letra oso ondo erakusten zozkun, solfeua be bai, astian birrittan-edo egiten giñuan, organilluakin batera. Hortik aurrera eskribitzen, leitzen eta dibisioa bittartian, matematika be ematen zeban (“suma, resta, multiplicar eta dividir”). Gero problemak-eta Maristetan hasi giñan. Euskaraz egiten giñuan, eta neska eta mutillak batera ibiltzen giñan. Jende asko eskolan. Txangalatik hasitta. Lehen esan doten bezala 6 urterekin hasi nintzan Uzarragako eskolian eta lau urte egin ondoren joan nintzan Maristetara, eta han beste lau urte egin nittuen, bai, gutxi gorabehera. Gezurra emoten dau, baina ni neu be 200 bat metrora kalian neukan eskolia,  baiña Uzarragan hasi nintzan. Eta ez dakitt zergatik. Baiña orduan pasatzen zan, baserritarrendako jaztetxia egoten zala herriko hainbat etxetan (Bazterretxen, Iñarrekuan, Arbenian Lizarragakoak). Gure etxian be egon zan, etxe ostian, eta barruan be, batez ere Uzarraga eta Txangalakoentzat, neguan-eta arropak eta lokatzaz betetako oiñetakoak aldatzeko. Don Isidro abadea eta maistrua berriz barruan, sukaldian eta, ate aurrian. Harek ba beste kategoria bat zeukaten. Orduan, ni txikixa, maistruak esaten zoztan: -Hi Matio, hi Uzarraga etorri behar haiz eskolara. Eta hala bukatu neban bertan. Uzarragako eskolara be joaten zien Lizarragako batzuk, Uzarraga partekoak ziren baserrikoak. Gu agostuaren 15ra bittartian-edo ez giñuan oporrik izaten, eta kalian, berriz, San Juanetarako oporretan zeen. Oroitzapen onak dauzkat. Esate baterako, San Juan egunerako zuloa guk egiten giñuan, maistruak esanda. Gogoratzen naiz 1940 edo 1941ian haize ikaragarrixa egon zala eta Uzarragako intxaur handixak bota zittuela. Bertan moztu zittuen santanderinoak. Gero, beste intxaur batzuk sartu genittuen. Sartu aurretik maistruak esan zozkun zuloa egiteko eta bertan gure izenekin eskribidutako paper batian sartzeko botilan, eta egindako zuloan lurperatzeko eta tapatzeko. Oiñ botata dae intxaurrak, baiña gaur ur albergia dagoen ingurutik behera joanda dagoen arbel baten inguruan egon ziren esandako intxaurrak. Botilla han egongo da ondiok. Doktriña be erakusten zozkun maistruak, euskaraz, eta Maristetan hasi giñenean (Berriotxoan), antzuolarra eta orduan marista be zan “hermano” Carlosek barkatu egin zozkun doktriña. Zazpi urtekin komunixo txikixa eta handixa berriz parrokixan egin neban, baiña doktriña guztia euskaraz. Kalean, berriz, dena erdaraz”. 


Erlazionatutako irudia

UZARRAGAKO MAISUARI OMENALDIA ETA ITURRIAREN INAUGURAZIOA. 
UZTAPIDE BERTSOLARIA ETA JOSE MARI AGIRRE MAISUA.
1965/07/18

2019/03/16

PABLO ANTONIO IRAETA AIASTUI (1775-1858)

Iratea sendiaren aztarnak aspalditik ari gara jarraitzen. Honetan bi albiste berrirekin -eta esanguratsuekin- gatoz.

P.A.Y.  izeneko batek Antzuolako hizkeran idatzitako "1825eko dotrina" bat egin zuela bagenekien (begiratu Irinmodo atal hau), ez, ordea, nor zen, Oxel Uribe-Etxabarria ikertzailearen korreo bat iritsi zen arte. Berak lana editatu  (http://www.ehu.eus/ojs/index.php/ASJU/article/view/5706/5386) eta gerora jakin izan zuela idazlea Pablo Antonio Iraeta (P.A.Y) (1775-1858) izan zela esan arte.  

Berak Euskaltzaindiaren bibliotekan lortu zituen aipatutako doktrinaren argazkiak, eta azalaren eta kontrazalaren barrualdean irakurtzen zela `Yraeta´ esan zidan. 

Badakigu Iraeta baserrian jaio omen zela Pablo, baina abade ikasketak Mexikon egin zituela ere bai, eta 30 bat urte han igaro zituela.


 EUSQUERAZCO DOCTRINIA ANZUELACO VERBA MODUAN. AÑO DE 1825. POR EL Dr. P.A.Y.

Bere gurasoak Pedro Juan eta Maria Josefa ziren. Uzarragan bataiatu zuten Pablo 1775eko urtarrilaren 25ean, eta familia handia osatu zuten, guztira 13 anai-arreba zirelako!!! Pablo laugarrena zen. Beraz, ia derrigortuta atera behar izan zen etxetik. 

san cristobal de ecátepec bilaketarekin bat datozen irudiak
 San Cristóbal de Ecatepec eliza. Hemengo abade izan zen Pablo Antonio de Iraeta.

Aurretik, baina, bere anaia zen Jose Mexikon zegoen, eta bertatik deia jaso, eta dagoeneko ezagutzen dugun Francisco Xabier Ibarra-Iraetaren tutoretzapean, Mexikora joan zen, abade bihurtu eta San Cristobal de Ecátepec-en abade izan zen.

Mexikoren independentzia inguruan (1825) Antzuolara itzuli zen. Eta aipatu dugun urtekoa (1825) ei da ere doktrina honen argitalpena. Pentsa genezake herrira etorri eta berehala idatzi zuena.

1858ko maiatzaren 10ean hil zen Antzuolan, eta Uzarragako kanposantuan hilobiratu zuten.

Iturriak:












2019/03/10

BOSGARREN ZOZKETAREN IRABAZLEAK (IRINMODO, 500 ALE)

Joan zen asteko irabazleak ahaztu gabe, Maitane Mujika (argazkian liburuekin) eta Luisja Telleria, Irinmodoren azken BI LIBURU SORTEN zozketa egin da. Irabazleak izan dira: 
  • Ibai ZABALO.
  • Ion LIZARAZU.
Honen bitartez eskerrak eman nahi dizkiet zozketetan bost asteetan parte-hartu dutenei. 

 Luisjabi Telleria

Bide batez, aukera ona ere izan daiteke herriko liburuak eta materialak erosteko, bai herriko liburu-dendan baita herriko udalan ere, izan ere liburuetan dagoen informazio guzti hori sarean aurkitzea ezinezkoa delako. 

 Ibai Zabalo

Honatx orain arte herrian argitaratutakoaren zerrenda (egin KLIK bertan):


Bide batez opari bat eginez bukatu nahi dugu IRINMODOk antolatutako lehiaketatxo eta ospakizun xume hau. Izan  ere asko zarete oraindik "Antzuolako Baserriak eta Errotak" liburua eskatzen ari zaretenok. Eskaerak erantzunez, liburua digitalizatu dugu eta hementxe duzu, PDF-an jaistea nahi izanez gero (Pisutsua da artxiboa, baina lasai jaitsi). (Egin KLIK bertan). 



Besterik ez, plazer bat izan da. Eta ekarpenen bat egin nahi baduzu badakizu nora jo.

Izan zoriontsu!!! 




2019/03/09

DANTZAK GERRA OSTEAN (KARMELE SAN SEBASTIAN ETA PURITA ZABALO)


 






Purita Zabalo (ezk.) eta Karmele San Sebastian (esk.)

Karmele San Sebastian eta Purita Zabalo alde batetik, eta Gerbasio Legorburu nahiz Bitoriano Etxaniz bestetik,  gerra ostean eurak ikasitako euskal dantzak  ondorengo neska-mutil belaunaldiei transmititzen ibili ziren. Batzuk, ez daude gurekin. Gerbasio eta Bitoriano  badira urte batzuk hil zirela. Duela gutxi, berriz, Purita Zabalo hil da, azken momentura arte IRINMODO blogarentzat dantza eta beste gai askoren  inguruan testigantzak ematen ibili dena. Eskerrik asko, Purita!!!

Atal honetarako, baina, hau da, garai bateko nesken euskal dantzen inguruko lekukotzak jasotzeko eta biltzeko, Purita eta Karmelen testigantzak jaso dira.

“Dakigu batzokia zegoenean dantza eta antzerki batzuk egiten zirela bertan, baina gure aurretik ez zegoen dantza talderik. Bai gu baino aurretik mutilak (Jose Mª Larrea, Felix Agirre, Geronimo Zabalo, …) ibiltzen zirela dantzan. Eta hasieran, dantzak erakusten, Inocencio Jauregi ere ibili omen zen mutilekin.
 

Baina gu, neskok, “Acción Católica”n geunden, eta akordatzen gara garai batean Kalegoin estankua zeukan Pilirengana (Telleria) Zumaiakoa zen Arritxu Arritokieta etortzen zela, bere lehengusina zelako, eta Zumaian bertan dantzan ibiltzen zena. Berak erakutsi zizkigun lehendabiziko pausuak. Askotan egoten zen Antzuolan eta gurekin koadrilan ere bai.  

Ni neu (Purita Zabalo) 14 urterekin hasi nintzen dantzan, gutxi gorabehera. Guztira hasieran 9 bat hasi ginen: Marisol Iturbe, Maribi Larrañaga, Mª Pilar Larrea, Ana Mª Iturbe, Mª Kruz Arregi, Josefina Lete, Maritxu Etxezarreta eta gu biok (Karmele San Sebastian eta Purita Zabalo). 

Gero, domeka arratsaldean hasi ginen “Acción Católica”n elkartzen dantzan ikasten, Seberiano Agirreurretaren bitartez, Eibarkoa eta dantza maisua zen Gregorio Santa Cruzekin. 12 eta 8 behar izaten ziren dantzan ikasteko, eta normalean halaxe elkartzen ginen (“hiru lauko edo bi lauko”), eta arku dantza, makilla dantza, eta gero zortzikoak ere bai ikasten genituen.
Gregoriori buruz 1998an idatzitako liburuaren azala.

Gregorio Santa Cruzek dantza bat asmatu zuen 16 dantzarik egiteko, eta taldea handitu egin genuen (Mª Jesus Telleria, Anparo Arregi , Mª Luisa, Mª Lourdes, ...), eta herriko jaietan-eta dantza egiten genuen. 

Gregoriok, hala ere, mutilekin ere aritu zen dantzak erakusten, eta Jose Mª Larrea (Zabaloren senarra izan zena) eta Felix Agirre “Etxetxo”kin ere ibili zen. 

Ez zen istilurik egon gu geu neskok dantzan ikasi eta egiten hasi ginelako herrian, nahiz eta gerra ostea izan. Ezta mutilen artean ere. Ondoren, Gerbasiok-eta Inocencio Jauregirekin ere ikasi zuten dantzan. Eta gero Simoni egin zioten omenaldia eta bertan dantza egin zuten gure aita-eta (Karmelen aita), tartean herrian izandako txistulariak. Udaletxeak ere laguntza eskaintzen zigun.
 

 Ezker aldetik hasita: Enrike Jauregi (txistua eta danbolina); Felix Agirre "Etxetxo"; Maria Pilar Larrea; Maritxu Etxezarreta; Maria Luz Arregi; Josefina Lete; Maria Sol Iturbe; Ana Maria Iturbe; Karmele San Sebastian; Purita Zabalo; Maribi Larrañaga; Jose Maria Larrea eta Luiz Azkarate. 
1950. urte inguruko argazkia

Sagar dantza ere ikasi genuen, eta hori elizan egiten zen. Dantza honen oinarria da sagar batzea egiten zen garaian, auzoak elkartzen zirela eta hortik ei dator dantza hau egiteko tradizioa. Oso dantza dotorea zen, ondo egin beharrekoa, eta guk dantza hau egin genuen elizan hiruzpalau bat bider. Egoten ziren zortzi dantzari sagar bana eskuan hartuta. Eta bat erdian zestoan sagarrak zituela. Eta txistuarekin batera, elkarri begira jarri eta eskuak mugitzen eta sagarrak elkarri jotzen. Zestoa zuenak eurei begira geratzen zen, baina alkateari bizkarra eman gabe. Ez dakit mezako zein momentuan egiten zen dantza, baina baliteke eskaintza garaian izatea. Hala ere dantza hau plazan ere eginda gaude. Eta gero sartu ziren beste dantza gehiago: arrantzalearenak-eta… Eta ondorengo monitore berriek beste hainbeste dantza berri ekarri zituzten.

Urtean zehar sarri egiten genuen dantza, herriko eta auzoetako jaietan, Uzarragako San Juan egunean edo San Juan txiki egunean, Ondarren, … esate baterako. Kanpora ez ginen joaten, gero bai, gu geu umeekin hasi ginenean: Azkoiti, Legazpi, Oñati, Arrasate, Bergara …

Gogoratzen naiz (Karmele) behin, herriko plazan dantza ari ginela geu, kanpotar batzuk etorri zirela eta argazkiak ateratzen ibili zirela, eta gero ez dakit ze kanpoko aldizkarian agertu ziren ateratako argazkiak (hemen azpian, bat).

antzuolako dantzariak, national greographic bilaketarekin bat datozen irudiakNATIONAL GEOGRAPHIC aldizkarian 1954ean ateratako argazkia
antzuolako dantzariak, national greographic bilaketarekin bat datozen irudiak

Esku dantzarekin ere hasi ginen, mutilak eta neskak batera, eta hainbat pausu eta mugimendu asmatu genituen. Orain berriz egiten da.

Soka dantza ere egiten da, herriko jai bezperan-eta egiten dena. Alpargatarekin, desafioa, korroan eta trikitiarekin bukatzen dena.

Ezker aldetik hasita: Enrike Jauregi, Gerbasio Legorburu eta Luis Azkarate, herriko txistulariak.


Txistulariak, berriz, Santi Solagaistoa, Enrike Jauregi, Gerbasio Legorburu… Gero `barberito´ ere bai, Simonan semea…

Ondoren gu geu erakusten hasi ginen dantzak. Eta Purita Zabalo, elkarrekin dantzan ibilitakoa, esate baterako, eskolan jairen bat edo baldin bazegoen bera joaten zen neskei dantza erakustera. 

Geroago orduko neska gazteekin hasi ginen. Ez naiz urtea gogoratzen, baina gu baino 12-14 urte gazteagoak zirenak: Arantxa eta Pilar Garmendia, Isabel Zabalo, Mª Angeles Igarza, … kuadrilla hau. Geroago, Begoña Lete, Begoña Egaña eta hauekin, … Eta baita, nire alaba Garbiñeren kuadrillakoekin. 

Eta gero, ikastola sortu zenean, eskolaz kanpokoak (“estraeskolarra”) zapatu goizetan hasi zirenean, orduan pentsatzen hasi ginen eta Gerbasiok esan zuen: “eta dantzak erakusten hasiko bagina?”.

Orduan erabaki genuen hastea. Eta mutilekin Gerbasio Legorburu eta Victoriano Etxaniz hasi ziren dantzak erakusten. Eta neskekin Purita eta biok. Eta gero dantza asko erakusteko etortzen zen Osintxuko “Txistu”. Trikitikiko pausuak erakustera etortzen ziren, berriz, Aintzane Arana, Galarretakoa zen Miren, eta etortzen ziren trikitikiko Gipuzkoako pausuak erakustera, izan ere guk geuk Bizkaikoak egiten genituen.

antzuolako ikastola bilaketarekin bat datozen irudiakAURREZI ikastolako haurrak Ondarra auzoan 1960. hamarkadaren bukaeran


Sei zazpi urterekin hasten ginen ikastolan lehendabizi ikurrin dantza erakusten umeei, eta gero arku dantza, makilla dantza, … Gero poliki-poliki Puritak eta Victorianok laga egin zuten, eta Gerbasio eta biok jarraitu genuen. Nik 70 urterekin laga nuen (Karmele).

Jantziak Puritak josten zituen, Tomasak ere bai, gona gorriak, eta barruko gona bada esaten ziguten ze etxetan zeuden eta gu bila joaten ginen, sekulako puntillekin-eta ziren barruko gonak. Esate baterako ostatukoak, Txirtxilgokoa zen Martinak ematen zizkiguten. 

Gure jantzia zen: gona gorria, barruko gona puntillak bistan, amantala beltza, blusa zuria eta txaleko beltza. Hau da, poxpolinak esaten zitzaien orduan. Uste dut batzokian ere halaxe deitzen zitzaiola, handik datorrela izena, nik Edurneri (Galarza) behintzat halaxe entzunda daukat. Izan ere berak dantzak eta kantuak erakusten zituen; oso euskal zalea zen. Guk ikastolako festibala-eta geneukanean Edurnek asko lagundu zigun abestietan-eta. Antzerkiak ere egiten genituen Gabonetan-eta. Oso arrakastatsuan izaten ziren.


 KARMELEK eta PURITAK BELAUNALDI BERRIEI ERE EUSKAL DANTZAK TRANSMITITZEN ARITU DIRA
 
Umeekin hasi ginenean aseguru bat ere atera genuen umeentzat.

Etorkizunari buruz, ba, alde batetik, monitoreak dauden bitartean dantzak jarraituko duela, eta bestetik,  orain dauden monitoreak dantza berriak sartzeko ohitura dutela, eta ondo dago, baina aldi berean herrikoak, Antzuolakoak, galtzeke, adibidez mairuaren alardean egiten direnak”.
 
ANEKDOTA BAT:

Urte baten Bergarako San Antonio auzotik deitu ziguten dantzara joateko. Bergarakoekin harremana Felix Agirre `Etxetxo´-k zuen, eta bera arduratu zen guztiarekin. Eta dena adostu ondoren hara joan ginen dantzara.

Ekintza horregatik, adostuta zegoen bezala, diru bat jaso genuen bertakoek ordainduta. Ondo etorri zitzaiena gastuetarako. Baina hor nonbait, Antzuolako “Acción Catolica”.ko arduraduna zenak (Kontxa Lamariano) dirua kobratu genuela enteratu zen eta sekulako iskanbila sortu zen. “Accion Catolica”.ko ekintzak sekula ez zirela diruz kobratzen eta, dirua bueltatzeko agindua eman ziguten. Guk ez genuen onartu agindu hori, eta haserreak sortu ziren. Mehatxuak ere izan ziren, dantzarako arkuak eta makil txikiak ezingo genituela gehiago erabili. Baina haiek ez zekiten arkuak Udalarenak zirela eta makil txikiak Bergaratik ekarritakoak.

Arazoa handitzen joan zen, eta azkenean bailara edo probintziako “Acción Catolica”ko arduradun bat etorri behar izan zuen talde bien artean bitartekari lanak egiteko. Azkenean ez zen bueltatu dirua, baina dantza taldea nahiko ukituta geratu zen.

Informatzaileak: 
  • Purita Zabalo (GB) eta Karmele San Sebastian. Eskerrik asko!!!
  • Liburua: Oier Araolaza (1998). Gregorio Santa Cruz. Ego Ibarra Batzordea, Eibarko eta Mendaroko Udalak.

OHARRA-IRINMODO

Oier Araolazak Gregorio Santa Cruz dantza maisuari buruz idatzitako liburuan, zera diosku 18. orrialdean: 

"1828ko ekainaren 2tik 14ra bitartean Fernando VII.ak Gipuzkoako hainbat herri bisitatu zituen eta ibilbide horretan egin zitzaion ongietorriaren berri jaso zuen Juan Antonio Utbeltzek. Lizartzan, Tolosan, Billabonan, Andoainen, Urnietan, Hernanin, Donostian, Ordizian, Beasainen, Ormaiztegin, Zumarragan, Urretxun, Legazpian, ANTZUOLAN, Bergaran, Soraluzen eta Eibarren, horietan herri guztietan dantzariek egin zioten harrera Fernando VI.ari. Eta ia denetan ezpatadantzariak ziren danbolinteroak lagunduta".

Egia esanda saiatu gara albiste honen aztarna herriko udal artxiboan arakatzen, baina ez dugu aipamenik aurkitu.