2019/08/04

GERRA ZIBILA GARAIKOAK: ANDONI AZKARATE


Andoni 1932ko irailaren 17an jaio zen, Errepublika garaian (1931-1936) beraz. Sinbolikoa ere izan zen Antzuolan bere jaioteguna, urte eta egun hartan bisita ospetsu bat izan zuelako Antzuolak: Errepublikako presidentea zen Alcala Zamora herrira etorri omen zen.  Hala ere, Errepublikatik haratago, gerra zibila ere jasan behar izan zuen Andonik. Oroitzapenak oroitzapen, gauza askorekin akordatzen da oraindik, nahiz eta ez izan berarentzat samurra garai hartakoak gogoratzea. Beraz, eskertu beharrean ere bagaude berriro, garai hartako gertaera ozpinak gogoratzeko esfortzu bat egin duelako guretzat. Oroimen historikoa berreskuratzeko ariketa interesgarria, beraz, datorkiguna.

File:Visita de Niceto Alcalá Zamora a Bergara y Oñati (11 de 11) - Fondo Car-Kutxa Fototeka.jpg
 Alcala Zamora, Bergaran.


“Frentea bazetorrela  Nafarroatik eta, bazetozela moroak eta, eta ez dakit zer egiten zietela mairuak emakumeei eta, emakumeak beldurtu ziren eta gure aita, Luis Azkarate Azkarate zena ere  politikagatik edo, baita nire aitajaunaren  (Jose Antonio) anaia zen  Mariano Azkarate, udaletxean kontzejal egon zena ere bai… aurrera joan behar izan ziren.

Ni jaio nintzen egunean (irailak 17) etorri zen Antzuolara Alcala Zamora, Errepublikako presidentea zena. Gure osaba Mariano zen orduan kontzejala herriko udaletxean. Esaten dutenez garai hratn Telleriak zeukan garaje aurrian jaitsi omen zela kotxetik Alcala Zamora, eta handik udaletxera zetorrela, bidean, gaurko Ongi Etorriko taberna balkoian, zera: ikurrina. Parean geratu zen sekitoa, eta – “Y eso, ¿qué?”, galdetu omen zuten, eta Marianok orduan erantzun: -"Eso son unos jóvenes qué, son más buenos que el pan, pero…". 

Alkatea orduan Iraustako Donato Lamariano zen, nazionalista bera, eta honek zera erantzun zien: -“No les hacen caso, y no hacen nada”. Hala pasatu zen kontua. Ikurrina zegoen tokia batzokia zen, orduan ipini berri-edo… 

Gero, Olaranekin Beasainera joan omen zen Udalako Higinia Lamarianok lora sorta eman zion Errepublikako presidenteari. 

Esaten dute, hala ere, Antzuolara karlistak edo erreketeak sartu zirenean ere berak eman ziela beste lora sortaren bat. Nik behintzat hala entzun izan dut.

Frentea etorri zenean (irailak, 1936), nik bai sumatu nuela zarramarra , baina gogoratzen naiz  gu bidera begira baserritik, han Iturriotzetik behera bazihoazela karlistak eta, gureak be joan ziren (tio Manuel Eibarren zegoen orduan) eta tiak ere bai, eta gure aita ere. Joan ziren Elgetatik aurrera eta batailoian ondoren, trintxerak-eta egiten ibili zen, eta handik Laredora,  eta bertan entregatu zen gure aita. 

carcel de larrinaga bilaketarekin bat datozen irudiakLarrinagako kartzela. Bilbo.

Gero Santa Espinan (Valladolid) egon zen, kartzelan. Valladolid partea den ez dakit, baina ikaragarrizko komentua  omen zen, kartzelak bihurtuta orduan. Bilbon ere halaxe egon ziren Larrinagan eta baita beste komentu batean ere, Eskolapios esaten zioten. 

Gogoratzen naiz, mutikoa orduan, nola eramaten ninduten, hara. Tio Manuel, preso, bi astetik behin-edo, ez zegoen gauza handirik etxean baina, eramaten zioten arropa-edo zeozer, eta ni mutikoa, eta han polizia besterik ez zegoen. Trena hartu Uzarragan eta joaten ginen Bilbora, eta trenetik atera orduko, Atxurin, erregistroa besterik ez, ni eskutik hartu eta han ibiltzen ginen paso bila;  1939a edo izango zen orduan.

–“¿A dónde va usted?” eta poliziak galdetzen zuten.

Akordatzen naiz eskolapiosen, uste dut tio Manuel bertan zegoela, gordina zen egoera, eta patioan, Oñatiko unibertsitatea daukan bezalako patioan, gutxitxan izango ziren baina, han egoten zen goizean goiz kartela jarrita  kartzela gehitu edo heriotza zigorra jarri edo  hil edo afusilatu egin behar zituztela esanez. Jendeak lehenengo gauza egiten zuena izaten zen antxintxika bertara joan eta zerrendan heuretako bat ote zegoen ikustera. Egoten bazen hankaz gora zorabiatuta jausten zen jendea. Akordatzen naiz horrekin. Nik orduan zazpi bat urte ere baneuzkan. Sarri joaten nintzen. Beste behin Larrinagara ere joan ginen, eta hura kartzela zen. 

Gure aita Santa Espinan egon zen, Valladoliden, eta behin, Gorpuzti eguna zen, eta ia bost mila euskaldun edo zeuden bertan, apaizak tartean, aberatsen aurrean meza eta abestu behar zutela eta, sekulako meza eman zuten. Tartean ere aberats hauen seme eta alabak ere bazeuden meza entzuten. Sekulako meza kantatu zuten euskaldunek, eta meza ondoren 13-14 urteko seme eta alabak galdetu ei zioten gurasoei:

-Oye papá, ¿no deciais que los rojos tenían cola?  
- … ¿Y cómo saben eso la misa y…?

Kontua da gurasoak erantzun ezinda ibili zirela, tapatu ezinda. Pentsatu ze propaganda eginda zegoen gazteen aurrean: “buztana daukela gorrixak-eta”. Eta guk han sorte ona izan genuen hala ere. Valladolideko ospitale probintzialean zegoen nire aitajaunaren arreba bat, eta orduan “madre superiora” zena. Eta berak lagundu zigun, -“bestela gure tio Manuel garbittuko zeben”. Han gotzainak eta militarrak bat ziren orduan eta, horrela libratu zen jende asko.

Prisioneros de San Pedro de Cardeña (Burgos) haciendo el saludo fascista.
 Presoak gerra garaian.

Eta aitarekin berriz, isuna pagatu behar izan genuen: “ez dakit ez genuelako lagundu…”, baina behintzat bizirik etorri zen etxera.
Hala,  gure aita Santa Espinatik Bilboko kartzelara (behin edo behin bera bisitatzera joanda nago), eta gutxira libratu eta etxera etorri zen. Gure amak, Eugenia Larrañaga Orbea, Ugarriaga azpikoa zenak,  asko sufritu zuen orduan.

Tia Boni ere ihes egin zuen, eta bueltan etorri zirenean multak ordaindu eta gaizki ikusiak izan ziren orduan. Maria Azkarate monja, berriz, Elorrion egon zen, eta ihes egin beharra izan zuen. Gero berriro sartu zen monja… Batzuetan politika baino ikusi ezinak izaten ziren, Nafarroan gertatu zen bezala… Santoñan ere esaten zuten, jende mordoa bertan zegoela, eskerrak italiarrak omen ziren batailoiei, bestela errekete, falangista eta mairuen artean akabatuko zituztela pila bat. Baina italiarren babesean egon ei ziren euskaldun gehienak, eta defenditu zituzten, lehenengo alanbretan, nola hala,  eta beste aldekoek galdezka ea euren artean zegoen bata zein bestea, hiltzeko asmotan edo, eta italiarrak ba ezetz erantzun, han ez zegoela inor.

Antzuolan errepresioa ere egon zen, baina benetako sorte txarra ere bai, esate baterako Lizarralde anaiek izan zutena, armetan-edo ibili zirelako kaskajo ziren batzuk hil zituztelako. Gauza bera gertatu zen Akiñabeiko Araiztegi anaiekin ere, hil zituztela. Nazionalista, errepublikano eta gorriak zirenen artean, berriz,  ez zen halako heriotzarik izan herrian. 

Orduan pasatu ziren bai, pasatu behar ez ziren gauza asko…

Eskerrik asko, Andoni!
(2018ko iraila-azaroa)

No hay comentarios:

Publicar un comentario